Urnietako Xoxoka auzoko jaietan desafio polita izan zen aurreko astelehenean. Lasarte-Oriako Telleria aita-semeak harri jasotzen aritzen dira eta Mutrikuko Mugertza aita-semeak aizkoran. Beraz, aurreko urtean bezala, zaharrak gazteen kontra jokatu zuten desafioa, 100 kiloko harria 42 aldiz jaso, aizkoran sei egur moztu, trontza-zerrarekin beste sei korte eman egurrari eta 20 buelta plazari. Hori izan zen egin beharreko lana.
Xoxokako festetan ekitaldi erakargarrienetakoa izan zen desafioa eta giro bikainean burutu zen, eguerdian, bertsolari eta trikitilariak ere bertan zirela.
Zazpi jasoaldi ematen zizkioten Luis Mari eta Urtzi Telleriak harriari, eta gero egurretako bat erdibitu Fausto eta Ugaitz Mugerzak. Harri jasotzen eta aizkoran lanak bukatu ondoren bi bikoteek batera sei korte eman zizkioten egurrari trontzarekin eta azkenik 20 buelta korrika plazari.
Lan handia izan zen baina zaharrek sasoian daudela erakutsi zuten eta euren semeen aurka nagusitu egin ziren buelta bateko aldeaz. Beraz bigarren aldiz gurasoek irabazi dute norgehiagoka baina hurrengo urterako desafioa botata dute. Ea hirugarrenean gazteek lortzen duten.
12 urterekin 100 kilo
Bezperan, aurreko igandean bukatu ziren Urnietako Sanmielak Beñat Telleriaren marka berriarekin. Eguerdian plazan egin zen herri kirol erakustaldian 100 kiloko harria altxa zuen Telleria anai gazteenak, Beñatek.
Aita Luis Mari Telleria eta Urtzi zein Iraitz anaiak bezala harri jasotzen hasi da Beñat Telleria eta 12 urterekin 100 kiloko harria bizkarreratu du. Horixe da momentuz bere markarik onena.
Urriaren 19an du harri jasotzaile sendi honek hurrengo erronka. Lasarte-Oriako euskararen maratoiko egitarauaren barruan, lauek, aitak eta hiru semeek, egingo dute erakustaldia Okendoko plazan.•