David Martin eta Gonzalo Sukunza Zakila Birako podiumean

Txintxarri Aldizkaria 2008ko urr. 10a, 02:00

Aurreko asteburuan hainbat lasarteoriatarrek Zakila Bira Zumaiako maratoi erdian eta Roncesvalles-Zubiri mendiko erdi maratoian parte hartu zuten. David Martin eta Gonzalo Sukunza bigarren eta hirugarren postuak lortu zituzten Zumaiako proban

Aurreko larunbatean, urriaren 4ean, XII. Zakila Bira maratoi erdian 600 korrikalari baino gehiagok parte hartu zuten. Zumaiako Erribera kaletik abiatu zen lasterketa, Arroa, Iraeta, Oikina eta Aizarnazabaletik pasa ondoren, Zumaian bertan amaitu zen, guztira 20 kilometro egin behar izan zuten proba herrikoi honetan parte hartu zuten atletek.
Zoninat Mouloud marokoarra izan zen garaile 1:05:13 denborarekin eta bere atzetik Ostadarreko atletismo taldeko bi kide sartu ziren helmugan: bederatzi segundotan David Martin eta minutu bat beranduago Gonzalo Sukunza.
Zazpi atleta aritu ziren ia lasterketa osoan aurrean eta azken hiru kilometroetan atleta marokoarrak erritmoa aldatu eta aurrea hartu zuen. Baina, Ostadarreko atletismo taldeko bi kideek erritmoari eutsi zioten eta atzetik David sartu zen helmugan. Hirugarren postua Gonzalok lortu zuen.
Maratoi erdi honetan lasarteoriatar gehiagok parte hartu zuten, besteak beste: Andoni Illarramendi, Jose Luis Delgado, Mikel Calvo (Ostadar), Raul Tejado, Jose Ramon Altuna, J.M.Molina, Fede Otaegi (Ostadar), Ibon Urdanpilleta (Ostadar), Aritz Corcuera (Ostadar), Igor Unanue, Pedro Goikoetxea, Xabier Prada (Ostadar) eta Jose Manuel Zarautz.

Lasarte-Oriatik Roncesvallesera
Lasarte-Oriako dozena bat atletek aurreko igandean, urriaren 4ean, Roncesvalles-Zubiri mendiko erdi maratoi herrikoian parte hartu zuten.
Pirineoetako proba honetan 724 korrikalari elkartu ziren Santiago Bidetik 21,5 km egiteko.
“Karrera oso leku politetatik pasatzen zen, bidexketatik eta zenbait herri zeharkatu genituen: Auritz, Auritz-berri, Linzoain, Erro eta Zubiri”.
Lasarteoriatarrek balorazio baikorra egin du: “mendiko karrera izateko ez zen gogorregia izan, baina ia denentzat estrenoa izan zen. Bi mendi handi igo genituen (Merkiritz eta Erroko gaina) eta beste ia dena lur eta bidexketatik egin genuen. Zailena eginda genuela uste genuenean, Erro mendiko gainean 17,5 kilometroan, Zubiriraino 3,3 kilometroetako jaitsiera izugarria topatu genuen. Azken indarrak atera eta ziztu bizian jaitsi ginen, izugarrizko arriskuarekin harriak, sustraiak, zuloak... zeudelako. Azkenean, helmugara iritsi ginen pixka bat sofrituz, baina baita disfrutatuz”.
Pirineotako proba honetan parte hartu zuten lasarteoriatarrak ondorengoak izan ziren: Pello Artetxe, Meltxor Artetxe, Jose Ramón Mendizabal, Xabier Esnaola, Juan Mari Sarobe, Juanan Centeno, Julen Ollokiegi, Josean Hernandez, Antonio Galan,Joseba Iparragirre, Josi Elvira, Mikel Izagirre, Iker Elorza eta Soto.
Ostadarreko atletismo taldeko kideek antolakuntza goraipatu dute, izan ere, izen ematearekin gazta bat, ardo botila bat jaso zuten eta proba amaitu ondoren, korrikalari guztientzat eta hauekin joandako senideentzat bazkari herrikoia antolatu zuten: “esan behar da ere, froga honek erreinu guztien dirulaguntza jasotzen duela”, diote parrez, “Reino de Navarra, Govierno de Navarra, Reino Gourmet... esponsor pilo bat ditu erdi maratoi honek”.
Ostadar atletismo taldekoek hainbat krosetan parte hartu duten arren, lehen aldia da horrelako irteera bat antolatu dutela eta pozik daude esperientzairekin, izan ere, hurrengo urtean errepikatuko dutela esan digute.•