Michelingo Enpresa Komiteak deituta sindikalistek eta langileek enpresaren atezaintzan kontzentrazio bat egin zuten, ordu betez, euripean, 65 orduetako direktibaren aurka agertzeko. Azkeneko 91 urteetan langileek lortu dituzten eskubideen aurka baitoa. Europar Batasuneko lan-ministroek laneko denbora antolatzeko direktiba (2003/88/CE) aldatzeko proposamena onartu dute. Behin betikoz onartuz gero, estatu kide bakoitzari bere legedia aldatzeko aukera emango dio, gehienezko lan-astea oraingo 48 orduetatik (gurean 40) 60 ordu arte zabaltzeko, eta kolektibo batzuentzat, medikuena, esaterako, 65 ordu arte.
CCOO, LAB, UGT, ESK eta CSI sindikatuetako ordezkariek oso kritiko eta haserre agertzen dira direktiba europar honen aurrean: "Europako Parlamentuan oraindik bigarren itzulian tramitatu behar den proposamen horrek lanerako eskubideen inboluzio larri bat errepresentatzen du, eta ia mende bateko historia duen langile-konkista batekin bukatzeko arriskua dakar. Izan ere, gehienez ere 48 orduko lan-astea, Lanaren Nazioarteko Erakundeak (LANE) kontsakraturiko eskubide soziala, orain 91 urtekoa da. Gainera, testuak funtsezko eskubide bat urratzen du, negoziazio kolektiboarena, eta langileak libreki hitzartuz bere eskubideei uko egiteko aukera sartzen du".
Langileen eskubidea
Michelingo Enpresa Komiteko ordezkariek 65 orduen direktibak proposatzen dituen bi ikuspuntu nabarmendu dituzte, langileen eskubideak urratzen baitituzte: “batetik, lanaldia luzatzeko eukera ezartzen du, enpresariaren eta langile banakoaren arteko akordio soil baten bidez, edozein hitzarmen kolektibo bazterrera utzita. Bestetik, langilea lantokian egon arren edo baliagai egon arren, lan efektiboa egitean ari ez bada, denbora hori laneko denboratzat ez hartzeko asmoa du”."
Neurri hauek familiako bizitza eta langileen atsedena oztopatzen du sindikalisten ustez: “Zentzugabeko proposamen horrek familiako bizitza eta lanekoa errazteko helburua duen legearekin aurrez aurre egiten du talka eta langileen atsedena oztopatzen du. Enpresa multinazionalak eta europar eskuineko gobernu batzuk temati ari dira egungo europar eredu soziala deuseztatu eta murriztu nahian”.
Direktibari europarren erantzun sindikala eman nahi diote, “europar langileen eskubide laboralen aurkako eraso handiena baita”.•