LAB sindikatutik jakinarazi digutenez, uztaila bukaeran Lasarte-Oriako Kelan Elektronika S.A. enpresak aurkeztutako enplegu-erregulazio espedienteari baiezkoa eman dio Lan Delegaritzak.
Urriaren 1a izan zen proposamena onartu zen eguna eta aste horretan bertan hasi ziren laneko egoera berriarekin, aste horretan hiru egunetan bakarrik egin zuten lan.
Proposamen horren arabera aste barruko 5 egunetatik 3tan lanean eta beste 2tan langabezian egongo lirateke langileak bederatzi hilabetetan zehar.
Hala ere, eskatutako bederatzi hilabeteak gehiegizkoak iruditu zaizkie teknikoei eta hauek hala erabakita sei hilabeteko epean egongo dira langileak egoera honetan.
Espedientea enpresaren azken hilabeteotako produkzioaren jaitsieragatik aurkeztu zen. Neurri hauek hartuta enpresak aurreztuko duelakoan eta egoera hobetuko delakoan onartu da proposamena.
Etorkizuna kolokan
Sei hilabeteak igarota egoeraren azterketa egingo da eta enpresak beste espediente bat aurkeztuko du emaitzen arabera. Epe horren luzapena eskatu dezake espediente berri horretan edo langile batzuen kaleratzea.
Enpresak martxan irauteko langileak behar ditu, horregatik kaleratzea litzateke guztiena izango baina posible da batzuk lana galtzea.
Langileak
Hamabi langile dira guztira Kelanen eta neurri honek bederatzirengan eragingo du.
Kelaneko langileek aho batez ezezkoa eman zioten espedienteari, sindikatuarean esanetan enpresaren kontuak erabat saneatuak daude eta gastuei aurre egiteko ez dute inolako arazorik.
Enpresaren helburua aurreztea bada langileei eragingo ez dien eta gastuak jaisteko beste hamaika neurri hartu ditzaketela argudiatzen dute LABetik eta enpresaren kontabilitateari begiratuz gero neurri gabeko hainbat gastu antzeman dituztela esan dute, batzuk euren interes personala asetzeko erabiliak.
Kalteak
Neurri hau langileen kaltean izango da. Alde batetik hileko soldata %15 eta 20a bitarte jaitsiko zaie eta bestetik langabezia prestazioan era negatiboan eragingo die, zeren eta ondoren langabezian geratzen badira, orain arte sorturikoa edo gero sortuko dutenaren artean aukeratu beharko baitute langileek.
Lehen aukeran zati bat gastatuta izango dute eta bigarrenean gutxiago izango dute sortuta.
LABek gogor salatzen du Lan Delegaritzak instituzio publiko bat izanik langileak babesik gabe utzi izana enpresaren interesak bakarrik defendatzen dituen enplegu erregulazioa onartzean.•