Lasarte-Oriako Udalaren Gazteriako eta Festetako Batzordeak Tomas Fernandez VII. Argazki-Rallya antolatu du urriaren 23tik 27ra.
Lasarte-Oriako udalerri barruan bakarrik igaroko den lehiaketa da argazki rallya eta partehartzeko baldintza nagusia, kamera digitala edo irudien gordailu-sistema edozein motatako memoria-txartela duen kamera izatea da.
Manuel Lekuona Kulturetxean urriaren 23an 19:00etan, hau da, lehiaketaren hasieran emango zaie jakitera lehiakideei argazki rallyaren gaia eta hau bakarra izango da.
Honela, argazkizaleak bi kategoriatan lehiatuko dira, bata A kategoria 16 urte artekoak eta bestea B kategoria 17 urtetik gorakoak.
Argazkien aurkezpena
Urriaren 27ko 19:00ak baino lehen aurkeztu beharko dute lehiaketariek kameraren txartela, Etxarri argazki dendan. Txartelak parte-hartzaile bakoitzak hautatutako hiru argazki bakarrik eduki beharko ditu.
Argazkiei dagokienez, jpg formatuan aurkeztuko dira, konpresio minimoarekin, kalitate maximoarekin eta 3 megapixeleko erresoluzio minimoarekin. Antolatzaileek azaldu dutenez, kalitate maximoa eskatzen da, zeren, obrak sarituak edo hautatuak gertatuz gero, paperean erreproduzituko baitira erakusketarako.
Era berean, jakin arazi dute ez direla erantzule egingo baldin eta materiala galtzen edo hondatzen bada manipulatzen edo garraiatzen den bitartean, ezta rallya egiten den bitartean matxurarik, lapurretarik edo galerarik gertatzen bada ere.
Sariak eta inskripzioa
Bi kategorietako bilduma hoberenak eta argazki hoberenak lortuko dute saria. Beraz, A kategorian bilduma hoberenak 100 euroko saria eskuratuko du eta argazki hoberenak 70 euro; B kategorian, aldiz, bilduma hoberenaren irabazleak 300 euro eta trofeoa izango ditu eta argazki hoberenak 200 euro eta trofeoa. Hala ere, sariak esleitu gabeak deklaratu ahalko direla ere jakin arazten dute antolatzaileek.
Inskripzioa dohainekoa da eta urriaren 21era arte egin ahal izango da Kulturetxeko Gazteentzako Informazio-Bulegoan, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Nahi duenak, telefonoz ere egin ahalko du izena ematea 943 376 181 zenbakira deituaz.•