Buruntza Filatelia eta Numismatika Elkarteak duela bi urte ospatu zituen Zilarrezko Ezteiak. 1981eko apirilean Lasarte-Oria Filatelia eta Numismatika Elkartea izenarekin egin zituzten lehenengo estatutuak. Baina, zazpi urte beranduago, legeak behartuta, elkarteari izena aldatu zioten. Beraz, Buruntza Filatelia eta Numismatika elkartea izena jartzea erabaki zuten Heliodoro Rojo elkarteko lehendakariak azaldu digunez: "izena aldatzerakoan zigilua ere aldatu behar izan genuen. Elkarteko kideek erabaki genuen hasierako zigilua mantentzea eta erdian Buruntza izena jarri genuen. Baina, zigiluak badu berezitasun bat, zigilua erditik mozten duen bandak Buruntza mendiaren perfila irudikatzen du".
Gero eta bazkide gutxiago
Elkartearen lehendabiziko urteak oparoenak izan ziren, izan ere, urte haietan 120 bazkide izatera iritsi ziren, egun berriz, berrogeita hamar bat daude. Lehen igandero elkartzen ziren zigiluak eta txanponak trukatzeko eta filatelia eta numismatika munduko nobedadeei buruz hitz egiteko. Egun, berriz, hileko lehen eta bigarren igandeetan elkartzen dira soilik, 11:00etatik 13:00etara: “Donostiako elkarteak 1000 bazkidetik gora izatetik, egun 300 inguru izango dira. Gure elkartean bazkide kopurua ere erdira jaitsi da. Mundu honetan gabiltzanok zaharrak gara eta gazteei ez zaie ez gustatzen ezta interesatzen ere . Beraz, galtzear dagoen zaletasuna dela esan dezakegu”, kontatzen du Heliodorok.
Internetak ez du asko laguntzen
Lehen bazkideen arteko trukean aritzen ziren eta modu horretan bilduma osoak osatzea errazagoa zen. “Egun, eskutitz gutxi idazten da eta postetxeetan gero eta makina gehiago sartzen ari dira. Zaila da bilduma bat egitea. Internetak jakiteko zer dagoen laguntzen digu, baina ez dago aukera handirik seiluak lortzeko. Ez dago lehen zegoen mugimendua”, gogoan du elkarteko lehendakariak, “Madrilen eta Bartzelonan izugarrizko azokak egiten dituzte eta hor bai aukera izaten dela txanponak eta zigiluak lortzeko”.
Gaur egun, txanponak eta zigiluak katalogo bidez jasotzen dituzte. Garai berrietara egokitu beharra dago, eta Filatelia eta Numismatika elkarteak aldizkari espezializatuetako harpidetzak eginak dituzte.
Umeen edo zoroen zaletasuna ote?
Bildumen inguruan galdetu diogunean Heliodorori parrez hasi da, “jendeak uste du umeen joko bat dela edo zoroen zaletasun bat. Baina, zaletasun honekin bildumak osatzeaz gain, asko ikasten da. Seilu bakoitzak bere historia eta azalpena du, entziklopedia txikiak dira. Adibidez, karnabaren seiluaren azalpenak esaten dizu txori hau non hazten den, zein espezietakoa den, non egiten duen abia, inmigrazio garaia...”.
Elkarteak berak bilduma propio du, eta gero bazkide bakoitzak berea egiten du. Zigiluen edo txanponen bildumak ez dira hala moduz egiten. Serieak osatu behar dituzte. Txanpon edo zigilu solteek ez daukate baliorik. Bestetik, gaikako bildumak egiten dituzte ere, azaldu digu, Heliodorok: “bakoitzak nahi duen gaia edo gaiak aukeratzen ditu (txoriak, loreak, kirolak...) gero esposizio bat egiteko. Beraz, bakoitzak lortu behar ditu gai horren inguruan dauden seiluak eta gero eta zailagoa da”.
Zaletasun garestia
Heliodori galdetu diogu ea elkarteak zein seilu edo moneta bilduma eskuratu nahiko lukeen eta hasperen baten ondoren zera erantzun du: “nahiko genukeena ezinezkoa da, dirutza handia delako. Zaragozako expoaren inguruan atera duten moneta bildumak 200 edo 300 mila pezetatik gora balio du eta ez da garestia. Pieza zaharrak bilatzen hasten bazara... hori bai dela dirutza.
“Sarkozy eta Inglaterrako erreginak munduko filateliako bilduma onenak omen dituzte. Ez dakit hauek gu baino okerrago egongo diren burutik. Baina, bilduma garestienak eskuratzeko gu baino aukera gehiago dutela ziur nago”.•