Lasarte-Oria Bai! Kroseko aurkezpenean kroseko arduradunak diren Aitor Azkonobieta eta Idoia Perez, Kutxako Jesus Muga eta Ostadarreko Atletismo taldeko ordezkaria Julen Ollokiegi izan ziren mahaian.
Aitor Azkonobietak aurtengo edizioaren xehetasunak eskaini zituen eta aldaketa handirik egongo ez dela ere aipatu zuen, “helduen karrera urriaren 26an, goizeko 10:30ean abiatuko da Okendo plazatik. Guztira 10,6 kilometro egin behar dituzte korrikalariek, aurreko edizioetan baino 200 metro gutxiago.”
Hala ere, ibilbidean aldaketa txikia egin behar izan dela aipatu zuen. Izan ere, Kale Nagusian egiten ari diren etxebizitzaren lanak direla eta, Berasategiko aldapa jaitsi eta Epelera egin beharrean, Okela harategiko kalexkara egin beharko baita Kale Nagusiara iristeko.
Kros Txikia
Nagusien lasterketa amaitzean, 12:00ak aldera, VIII. Kros Txikia hasiko da.
Antolatzaileek bost eta hamalau urte arteko 650 korrikalari espero dituzte. Sei mailatan banatuta, adinaren arabera 100, 150, 400, 800 edo 1200 metroko ibilbideak osatuko dituzte eta bukatzean domina bat eta edateko jogurta jasoko dituzte.
Txipa erabiliko dute
Iaz erabili zuten estreineko aldiz txipa denborak hartzeko. Esperientzia baikorra izan zenez, aurten ere korrikalariek 26ean bertan, Michelingo frontoian, 9:00etatik 10:15era jaso beharko dute. “Azken momentura arte ez uztea eskatuko genuke, modu honetan arinago arituko gara denok”.
Honela, txipa dela eta, izen ematearekin batera, 5 eurotako fiantza ordainduko dute parte hartzaileek eta karrera amaitzerakoan txipa kentzean fiantza bueltatuko zaie.
Inskripzioa zabalik
Izena emateko epea gaur bertan ireki da eta lasterketa egunera arte zabalik mantenduko dute Ostadarrekoek.
Izena emateko era desberdinak daude, batetik Ostadarreko egoitzan (Geltoki kalean 25, Michelingo futbol zelaiaren ondoan) egin dezakezue astelehenetik ostiralera 17:00etatik 20:00etara eta larunbatetan 11:00etatik 13:00etara, bestetik telefonoz (943360433) edo helbide elktronikoan www.ostadarkf.org. ere inskribatu zaitezkete.
Kros Txikian izena emateko Ostadarreko egoitzean edo herriko ikastetxeetan egiteko aukera duzue: Garaikoetxean, Landaberriko Zubietako eraikinean eta Sasoetan. “Eskertu nahi diegu herriko ikastetxeei kros txikirako eskaintzen diguten laguntza eta izen ematea ikastetxeetan bertan egiteko aukera dagoenez, ikastetxeetan egitea eskertuko genuke”, dio Azkonobietak.
Lasarte-Oriatik at bizi direnek 24ra arte ondorengo kirol dendetan inskribatu ahal izango dira: Shanti y Aralar Kirolak (Tolosa), Neresport (Zarautz), Leire Sport (Irún), baita Apalategui, Easo Sport, Roberts eta Laister Kirolak (Donostia).
Lasterketa egunerako uzten dutenek, Michelingo frontoian inskribatu ahal izango dira, 9:00etatik 10:00etara.
Aitor Azkonobietak azpimarratu zuen, “antolatzaileek izen ematea lehen bait lehen egitea eskertuko genuke, honela guztia hobeto antolatzeko beta ematen baitigute”.
Prezioari dagokionez, Lasarte-Oria Bai! Krosean izena ematea aldez aurretik egiten duenarentzat 9 euro ordaindu behar ditu, bazkideek 6 eta egunean bertan 14 (hauek guztiak fiantza kontuan izan gabe) eta, azkenik, Kros Txikiko parte hartzaileek 4 euro.
Korrikalariak mimatu
Aitorrek azpimarratu zuen aurtengo helburua korrikalariak mimatzea eta egun horretan eroso sentitu daitezela izango dela, aurreko edizioetan bezala: “kros honetan parte hartzen duten askok gustura etortzen dira eta errepikatu egiten dute. Eta aurten 1.200 atleta espero ditugu, nahiz eta Donibane-Hondarribi lasterketa egun berean den”.
Honetaz gain, Aitorrek Indartuz zentroarekin egin duten akordioa azpimarratzen du, “entrenatzeko taulak etab. egiten laguntzen dute” eta hurrengo edizioetan kirolari prestaketa arloan berrikuntzak egongo direla ere aipatu zuen.
Azkenik, eskerrak eman zien babeslei eta, bereziki, bolondres lanak egiten dituzten 160 herritarrei, “hauei aldez aurretik eskerrak eman nahi dizkiegu, bere lanari esker krosa egiten delako”.
Dorsal banaketa
Ostean, antolatzaileek Eulogio de la Serna korrikalariari 1 zenbakidun dortsala eman zioten. Aitorrek azaldu zuen bezala, “28 aldiz parte hartu du Behobia-Donostian, Lasarte-Oria Bai! Kros guztietan ere bertan egon da eta ziurrenik askori bere adinean korrikan jarraitzea gustatuko litzaieke”.
Prentsaurrekora hurbildu ziren Ostadarreko atletek ere dortsalak jaso zituzten.