Denboraldian zehar egindako lanak emaitza onak ekarri dizkie igerilariei paralinpiadetan

Txintxarri Aldizkaria 2008ko urriaren 13a

Julia Perez Dordoka K.E. taldeko entrenatzailearekin hitz egin dugu aurtengo Joko Paralinpikoen inguruan. Aurten ezin izan du han egon haurdun dagoelako baina bere kirolariek izan duten esperientzia kontatu digu.

Julia Perez Lasarte-Oriako bizilaguna, Dordoka Kirol Elkarteko igeriketako entrenatzailea da duela 15 urtetik. Sidney eta Atenaseko Joko Paralinpikoetan egon da baina aurten Pekinera joateko konbokatuta zegoen arren 7 hilabeteko haurdunaldia dela eta medikuak ez bidaiatzea gomendatu dio. Telebista eta kirolariek bidaltzen zizkioten mezuen bidez jarraitu ditu aurten ospatu diren jokoak baina ez da berdina izan. Pozik dago lortutako emaitzak oso onak direlako eta gainera lan handia egin dutelako denboraldian zehar, baina zirrara eta urduritasun momentuetan kirolariekin ezin egotea gogorra izan da.

Kirolari batzuk kanpo
Joko Olinpikoetan parte hartzea ez da gauza erraza. Haraino iritsi ahal izateko kirolariek gutxieneko marka batzuk gainditu behar dituzte eta horretarako gogor entrenatu behar da. Edozeinek ez ditu marka horiek pasatzen eta han egote hutsa pozgarria da. Juliak komentatu digunez aurtengoa urte bereziki gogorra izan da, Nazioarteko Paralinpikoen Komiteak frogen murrizketa egin duelako eta horren ondorioz ordezkapen txikia zuten herrialdeetako kirolariek ezin izan dute froga batzuetan parte hartu. Maila altuko urritasuna duten kirolariei eragin die batez ere neurri horrek eta ezin izan dituzte aurreko jokoetan lortutako markak gainditu.

Parte hartzaileak
Espainiako igeriketako selekzioan itsuen, elbarritu fisikoen eta burmuineko paralisia dutenen federazioko 39 igerilari egon dira eta guztira 31 domina lortu dituzte, 23 elbarri fisikoek eta 8 itsuek.
Kirolari hauetatik lau euskaldunak dira Sara Carracelas, Richard Oribe eta Arkaitz Garcia burmuineko paralisiko federaziokoak eta Ana Rubio elbarritu fisikoen federaziokoa.
Sara eta Arkaitz Dordoka Elkarteko kideak dira eta Juliarekina aritu dira lanean.
Arkaitzek gogor egin du lan. Bere helburu nagusia jokoetara joan ahal izatea zen eta han noski, ahalik eta marka hoberena egiten saiatu.
Bizkar-igeriketan finalera pasatzen saiatu zen baina maila altua zen. Azkenean, 9. postua eskuratu zuen. Pena diplomarik gabe geratu zela baina lan bikaina egin zuen.
Sara, berriz, lehen aipatutako kirolari kaltetuetako bat izan da, ezin izan zuen S2 mailako froga batean parte hartu kirolari gutxi izateagatik.
Denboraldia gogorra izan da Sararentzat egindako lan guztia Joko Olinpìkoetan parte hartzeko markak lortzeko entrenatzen aritu delako eta gero dena bizkar-igeriketako frogan jokatu behar izan duelako.
Froga Joko Paralinpikoen azken egunean ospatu zen eta zaila izan zen urduritasuna kontrolatzea. Norberaren txanda iritsi arte nerbioak pil-pilean egoten dira eta azkeneko egunean lehiatzea tokatzen denean urduritasuna gehiago irauten duela azaldu digu Juliak.
Eta honetaz gain, berarentzat momentu horietan kirolarien ondoan ezin egotea eta dena telefonoz egin behar izatea gogorra izan dela ere aipatu digu. Ez du kontakturik galdu baina tratua ez da hain zuzena izan.

Brontzezko domina
Azkenean emaitza bikaina izan zen Sararena, brontzezko domina eskuratu zuen eta gainera munduko errekorra gaindituta. Honek gaur egungo S2 mailako igerilari onenean bilakatzen du. Izan ere, besteak kategoria desberdinetako igerilariak baitziren.
Julia oso harro dago egindako lanarekin, Joko Olinpikoetara iriste hutsa txalogarria da. Konpetentzia geroz eta handiagoa eta gogorragoa da, urtero kirolari berriak ateratzen dira eta horrek jende gehiagoren aurka lehiatu behar direla esan nahi du.
Gogorrena Juliarentzat kirolarietatik urrun egotea izan da, etengabe telefonoz informazioa jasotzen egon den arren ez da Sidney edo Atenasen bezala izan, aurten ezin izan ditu bertatik bere kirolariak animatu.•