“Plazan zerbait deigarria egin nahi genuen”

jon-altuna 2008ko urr. 13a, 02:00

Agustin Mujika, Takolo, Zalbidin bizi da egun, baina asteburuan Lasarte-Oria jaioterrira itzuliko da Euskararen Maratoiko zortzikotean baitago. Aurreneko lauetan egon zen eta ondo gogoratzen duenez “bukaerak beti dira hunkigarriak, hasierak, berriz, beroak,...”

Korritzeko modukoa al da 7. euskararen maratoia?
Nik uste baietz, zentzu guztietan. Lehen bezala orain ere bai. Alaitasunez, ilusio handiz,... parte hartzeko modukoa da.
Taldean egiteko kirola da, ezta?
Bai, ahalik eta jende gehienak, giro onenean eta gozatuz.
Izerdi asko bota al duzu euskararen alde?
Askotan gertatu zait izerdia botatzea, batzutan korrika atera beharrean ere izan naiz eta.
Eta izerdirik bota beharko da oraindik euskararen alde?
Nik uste oraindik badagoela izerdia bota beharrik. Ari gara. Duela 28 urte eskolako maixua nintzen, garai hartan euskara ikasgaia zen, bost ikasgelatan 140 ume neuzkan, hizkuntza ezin zen asko landu eskolan baina hasi ginen eurekin lanean, satorra irratian, antzerkian, irteerak egiten genituen,... eta pozgarria da gaur egun orduko zenbait ume 40 urte inguruko guraso euskaldunak direla jakitea.
Orduan ereindako haziak eman du fruitua beraz?
Bai eskola hartako irakasle batzuek euskal eskola publikoaren alde ginen. Gose greba bat ere egin genuen Hernanin horren alde.
1986an zure ideia batetik sortu zen maratoia, 2004 nagusi egin zen, beste lau urte pasa dira, nola ikusten duzu sortu eta 22 urtera...
Gogoz nago egungo egoera ikusteko. Alde handia dago, garai hartan hasi zen Udalean Euskara Batzordea, kaleko errotulaziorik ez zen euskaraz, eta beharrezkoa zen zerbait deigarria egitea gure herriko plazan. Irratian entzun nuen Inglaterran egin zutela antzekoa, mikrofono bat hartu eta 40 ordu isildu gabe. Gure erronka, ideia horretatik abiatuta, 40 ordu etengabe euskaraz aritzea zen.
4. maratoiaren ondoren utzi egin zenuen zortzikotea, 7.ean bueltan zatoz, zer da herri miña? Falta bota al duzu?
Kar, kar. Zaldibian ere sortzen dira bestelako lanak. Pertsona aktiboa izan naiz berez, pertsona aktiboa naiz eta izango naiz. Gogoz nator, agian eskenatokitik zirikatzerakoan ez dut garai bateko zera izango, jende gaztea ez dudalako ezagutzen, baina ezagutzen ditudanak zirikatuko ditut. Seguro.
Oholtzatik ere jaitsi zinen,... gogorik bai bueltatzeko?
Urtero egiten ditut horrelakoak, barruan daramat. Barnetegi batean ari naiz lanean haurrekin, irakasle-monitore-animatzaile. Hor inguruan nago, lehen plazan mila banituen orain 25-30 dauzkat. Zaldibiko jaietan ere egin ditugu bi haurrek eta Takolok zenbait sketx.
Maratoiaren ardatza euskara da, ekitaldiak eta parte hartzaileak lotzen dituena. Zein da lorpenik nabarmenena?
Herri honetan euskararen esparrua oso murritza zen eta sentimendu horren inguruan ginenok, nahiz eta pentsakera politiko ezberdinak izan, elkartu egin ginen, tirabiren gainetik horretarako gai ginela erakutsiz.
Oasi bat al da ospakizuna lau urtetako basamortuan...
Hori ere izan behar du. Aztertzeko gauza da. 40 orduz hor egonda gauza askotaz konturatzen zara, zer jende etortzen den,... Ez da bakarrik zortzikotea, bere inguruan sortzen den mugimendua, elkarlana, garrantzitsua da.
Gogoratzen al dituzu lehenengo euskararen maratoiaren lehen minutuak?
Gauza berria zenez tentsio handia zen. Plazan jarri eta ez genekien jendeak nola hartuko zuen. Ilusio handia genuen.
40 orduko egitaraua osatzen da, hainbeste artista ba al da Lasarten? Artisten herria al da Lasarte?
Harrobi handia dago. 18.000 gara eta nahi ala nahi ez potentzialki artista asko dago.
Erronka moduan sortu zen, 40 ordu baietz, gerora erraz osatu da eta erronka zentzua nolabait galdu da. Noiz arte antolatu beh arko da?
Ez dakit, nik uste aspaldi jada ez zela egingo baina oraindik egiten da. Aurrera goaz. Gainera gauza asko modernizatu da, orain, pantailak dauzkagu,...
Zaldibin bizi zara, bi errealitate oso ezberdinak dira, han 24 ordu euskaraz biziko zara, ezta? Ze hausnarketa egiten duzu bi herrien egoeraz...
Han euskara asko maite dute, baina hemen maitatzen duenak beste balore bat ematen dio. Agian bizi duen inguruarengatik. Ni euskaraz bizi nintzen Lasarte-Orian ere. Dendatan, kalean, irakaskuntzan... Dena den, 17 urte arte ez nekien euskaraz eta lagun asko dut euskararik ez dakiena.
42 kilometro korrika ala 40 ordu euskaraz, zein da neketsuago?
42 korrika egin nituen ia bost ordutan, Donostiako lehenengo maratoian. Hori oso gogorra izan zen fisikoki. Hau ere oso gogorra da. Argi daukat igandean amaitu eta orduan hasiko dela nire maratoia. Normalean lau edo bost egun behar ditut errekuperatzeko, nere onera etortzeko. Deskarga handia da. Aurten ere hainbat sketx landu ditugu.
Zer eskatuko zenioke jendeari?
Parte hartu dezala, guri dena egiten utzi gabe. Etorri daitezela, ondo pasa euskal giroan eta lasai igo mikrofonora, zabalik egongo da eta. Pertsonalki nahiago dut hitzari eustea, musika jartzea baino. Musika egiten duenak bere ekarpena egiten du, baina politagoa da niretzat jendeak igo eta zerbait esatea edo kontatzea.