Normalean bertsotan aritzen ez diren herritarrak ikusteko aukera izango da gaur arratsaldeko 7:30etik aurrera, erdiguneko tabernetan. Aspalditik zuten Bertso Eskolan aritzen direnek, lehenago aritu izan direnekin edo herriko beste bertsozaleekin zerbait antolatzeko gogoa eta maratoian oholtzan 20 minutuko tartea eskaini zaienez, bikotekako txapelketa antolatzea erabaki dute.
Bertso eskolakoek osatu dituzten bikoteetatik bi pasako dira larunbat gaueko finalera. Amaia Agirrek Aitor Atxegarekin kantatuko du. Ane Labakarekin Jon Altuna Txintxarriko kazetaria arituko da. Faboritoen artean daude Unai Muñoa-Josemari Agirretxe eta Iñaki Petxarroman-Pablo Suberbiola bikoteak. Andoni Otamendiren laguna, Kiki Ieregi da, Zigor Iriondorena Mikel Berasategi, Asier Azpirozen bikotekidea Evaristo Pikabea eta bertso eskolan diharduen Villabonako Beñat Iguaranena Jon Iñaki Elexpuru izango da.
7:30ak inguruan Jalgin hasita, Artizar eta Ilargitik bira egingo dute eta ariketa ezberdinak osatu beharko dituzte. Gero Xirimirin afalduko dute. Bi bikote pasako dira hurrengo eguneko finalera.
Euskararen maratoia, bihar larunbata goizeko 8etan hasi eta igande gauerdira arte luzatuko da. Hasierako ekitaldietan, besteak beste, bertsoak ere izango du tokia. Dantza, txistu, dultzaina eta txalaparta doinuekin batera, inaugurazio ofizialen ondoren, 8ak eta 25 aldera Patxi Etxeberria eta Ane Labakak maratoiari jarritako bertsoak kantatuko dituzte.