Bertso eskolako kideen ondoan ahalik eta ondoen aritzen saiatuko dira normalean jende aurrean aritzen ez diren bertsolari hauek. Batzuk lehen aldiz kantatuko dute, baina oro har erraz animatu dira.
Juan Luis Ieregi, Kiki edo Txispas, ez dakigu txantxetan ala serio ari den, baina "beldurrik gabe" aterako dela esan digu, sekulako gogoa daukala txapelketa iristeko eta kantari hasteko: "aspaldian ari naiz etxean txapelketa prestatzen, puntako bertsolariekin, errimak, bukaerak... Kanpanada emateko asmoz aterako naiz".
Beldurrik gabe
Ieregiren emaztea ere txoratuta omen dago, bultzada handia ematen dio, beti ere Kikik esan digunez, "beti izan da bertsozalea eta asko laguntzen ari da". Ieregi elektrobertsoak kantatzeko prest dagoela ez da zalantzarik. "Ez daukagu kontrariorik" esan digu lasai bukatzeko.
Aitor Atxega ere asko pentsatu gabe animatu da, euskararen maratoiaren barruko ekitaldi bat izanik, maratoian euskararen alde beti ateratzen delako "dena emateko prest".
Bertsoadiktoa
Gainera bertsolari "amateurrak" arituko direnez, "erraz" eman du baiezkoa. Bertsozalea beti izan dela aitortu digu, hainbat saio eta beste ikusitakoa. "Bertsoadiktoa" bere hitzetan, baina oso gutxi aritua. "Behin edo behin koplaren bat edo eskapatu zait" esan digu. Amaia Agirrerekin kantatzen du eta finalean izateko arriskuan daudela aipatuta, ezetz dio, berak kantatutakoarengatik ez dela izango. Bera "jolasera" aterako da ondo pasatzera.