Iragarkilaburrak.com

Txintxarri Aldizkaria 2008ko urriaren 17a

Orain arte etxebizitza saldu, erosi edo alokatzeko informazioa, lana aurkitzeko iragarki gehienak eta bigarren eskuko gauzak saldu edo erosteko aukera ematen zizuten iragarki txikiak gazteleraz bakarrik aurkitu genitzakeen. Iragarkilaburrak.com euskalduntzeko hutsik zegoen gune hori betetzeko sortu den azoka handia da. Interneten eta paperezko edizioan aurki daiteke Euskal Herriko egunkariekin gehigarri moduan. Paperezko edizioan 100.000 ale inguru banatuko dira ostiralero Euskal Herri osoan, hauek Berriarekin, Hitzarekin (Tolosaldeko eta Leitzaldekoa, Oarsoaldekoa, Urola kostakoa, Goierrikoa, Irutxulokoa, Lea-Artibai eta Mutrikukoa, Busturialdekoa), Barren, Guaixe, Goienkaria eta Txintxarrirekin batera. Hiriburuetan ere banaketa bereziak egingo dira.

txintxarri.iragarkilaburrak.com
Internetari dagokionez euskarazko iragarki laburren azoka dugu iragarkilaburrak.com, baina ez hori bakarrik, eskualde bakoitzean bertako eskaera eta eskaintzak ikusi ahal izango dira iragarkilaburrak.com mikroformatuen sistemari esker. Mikroformatu hauek iragarkilaburrak.com-en bertsio txikiak dira eta hauek iragarkilaburrak.com orri nagusiarekin lotuta daude. Web orrialde nagusia iragarki laburrak.com den arren elkarte desberdinekin sinatutako hitzarmenen ondorioz bakoitzak bere helbide propioak dituzte, Lasarte-Oriako eskaintzak txintxarri.iragarkilaburrak.com-en agertuko dira. Web orrialde hauetan beraz herrika eta gaika sailkatuta egongo dira iragarki guztiak. Atalak asko dira: Etxebizitza, motorra, garajeak, lana, irakaskuntza, bidaiak eta denetatik pixka bat. Atal bakoitzak azpiatalak ditu eta horien barruan bilatzaile bat dago eskaintza konkretuagoa izan dadin. Adibidez etxea bilatu nahi izanez gero gehienezko prezioa edo nahi ditugun metro karratuak markatu ditzakegu eta ongi datozkigun horiek besterik ez dira agertuko.
Informazioa sailkatuta dago, gaika edo zonaldeka eta erabiltzaileak eskatzen duen esparruko iragarkiak aterako zaizkio. Eskaintza guztiak ikusteko aukera ere badago denen artean aukeraketa ere egin ahal izateko edo gauza orokorragoak bilatuz gero. Erabiltzaileak behin iragarki laburra erregistratu ondoren, aukera izango du iragarkiak sartu, kendu, argazkiak gehitu eta beste erabiltzaileekin harremanetan jarri daiteke.
Erabiltzailea norbanakoa edo enpresa izan daiteke eta enpresa bakoitzak bere tartea izango du orrialdealdearen ezkerrean bere logotipoarekin eta bertan klikatuz gero enpresa horren eskaintza guztiak agertuko dira.
Erregistratzeko egin beharrekoa erraza eta azkarra da, izen-abizenak eta posta elektronikoa besterik ez dira sartu behar, ondoren pasahitza jasoko da posta elektronikoan eta ordudanik iragarkiak sartzeko prest egongo zara. Iragarkia sartzeko gestio gunean sartu beharko duzu eta ondoren iragarki mota aukeratu behar da: internet+papera, internet edo moduloa. Interneten iragarki labur guztiak doan izango dira, eta norbanakoen iragarki laburrak paperean, edozer gauza saldu edo alokatzeko jasotzen duen iragarkien kasuan ordaindu egin beharko dira : aste baterako 5 euro, bi asterako 8 eta hiru astetan agertzeko 10 euro. Moduluak ere jarri daitezke baina hauek ordaindutakoak izango dira.
www.iragarkilaburrak.com webgunea ekainean abiarazi baldin bazen ere, guzti honen aurkezpen ofiziala joan den urriaren 10ean egin zen Donostiako Doka antzokian EKTren baitan dagoen Bertako Hedabideetako zuzendaria den Iban Arregiren eskutik . Goienkariko zuzendari den Eneko Azkaratek eta Berriako Martxelo Otamendik ere hitz egin zuten eta proiektu hau aurrera ateratzeko elkarlanean aritutako 23 hedabideen ordezkariak ere elkartu ziren.