Ezker Abertzaleak bere babesa eskaini nahi dio asteburuan Lasarte-Orian ospatuko den Euskararen 7. maratoiari, horregatik prentsaurrekoa eman zuen asteazkenean.
“Euskararen aldeko edozein ekimenak txalotzekoak dira, aurrekari direlako etorkizunean gure hizkuntza egunerokotasun batean erabiltzeko. Azken finean, eguneroko borrokak konpromezuak eramango baigaitu Lasarte-Oria euskaldun batetara”, aipatu zuen prentsaurrekoan.
Ezker Abertzalea herri dinamiken alde ere agertu zen, “herritik sortuak garelako eta erabaki politiko-judizial guztien gainetik herriarentzat lana egiten jarraituko dugulako”. Eta lasarteoriar eta euskaltzale diren heinean, Maratoian parte hartuko dutela ere azpimarratu zuen.
Gure herria Euskal Herriak bizi duen egoeraren islada dela aipatu zuen, baita Lasarte-Oriako eraikin publikoetan euskara hutsez egun oso batez hitz egitea zaila dela azpimarratu ere.
“Adibide gisara, gure herriko alkatea, hogei urte ondoren ez da bere ahotik euskarazko hitzik atera, eta zinegotzi batzuk inongo konpromezu eta borondaterik erakusten ez dutelako Euskararen Normalkuntza bermatzeko”, atxiki zuen.
Honela, salaketarik gabe festa egin ezin dutenez, herritar guztiak gonbidatzen ditu Maratoian parte hartzera eta bereziki Ezker Abertzaleak beteko dituen turnoetan mobilizatzera.
“Lasarteoriarrok ez ditugu gure preso eta errefuxiatuak ahaztu. Gorputzez ez bada ere, gurekin batera parte hartuko dute larunbatean arratsaldeko 17:40ean, Okendo plazatik Teresategira egingo dugun martxan beraien presentzia nahitaezkoa delako”, aipatu zuen.
Eta igandean ere apartheida eta salbuespen egoera salatzeko, beste irteera bat egingo dute Teresategira Okendo plazatik 18:40ean aterata. •