Rafa Diezek egun dagoen egoera politikoaren argazkia egin zuen. “Negoziazio prozesu batetik gatoz, haustura batetik. Korapilo batean sartuta gaudela dirudi. Ezinbestekoa da prespektiba hartzea, kokatzea pultsu politikoan non gauden, zein aktibo eta pasibo ditugun. Korapilotik ateratzeko zailtasunak ditugu”, esan zuen. Era berean, zera aipatu zuen “egoerari buruz sentsazio gazi gozoak ditugu. Zer egin dugun eta zer gauza mugitu ditugun kontuan izan behar dugu. Elementuak ongi aztertu behar ditugu prozesu osoa mugitzeko”.
“Trantsiziotik datorren ziklo politikoak autonomismoaren ideia agortu du, Euskal Herria asimilatzeko helburuak ez ditu lortu Estatuak. Nortasuna eta oinarriak mantendu ditugu. Estatu eta Euskal Herriaren arteko talkak jarraitzen du. Autonomismoaren zikloa bukatu da eta arazoak ditugu berria irekitzeko”, azaldu zuen idazkari ohiak.
Egoeraren irtenbideari buruz, “errealitatea ongi neurtu behar dugu, baita zer egin eta nola egiten dugun ere blokeoa gainditzeko eta benetako ziklo berria hasteko. Irtenbideak ikusi behar dira”, eta jarraian, “ezker abertzalea abangoardia da beste politika sektoreak mugitzeko eta ardura izan behar du blokeotik ateratzeko. Faktore asko dago mugimenduan blokeoa mantentzen den bitartean, etorkinak eta ekonomia fluxua, esate baterako. Ongi neurtu behar dira mugimendu hauek nondik jo jakiteko. Izan ere, hauek eragina eta pisua izan behar baitute ezker abertzalearen aldaketan. Hausnarketa sakona egin beharra dugu benetan. Tablero politikoan egon behar gara, ez kanpo. Asko dugu galtzeko. Eztabaidan sartu behar gara ”.
Ostean, ezker abertzalearen aktiboak eta pasiboak aztertu zituen. Aktiboen artean, “herriaren eskaera nagusiak txertatuak daude eta indar metaketa kontzeptualak daude. Bestetik, Europan ere independentzia bidetik mugitzen ari diren errealitateak daude, Eskozia, Flandres. Mapa aldatzen ari da. Haizeak zentzu horretan jotzen du bidea egiteko. Jende kapitala hor dago, nola mugitu jakin behar dugu. Lortutako aurrerapenak eta legitimitatea hor dago. Aktiboak hor daude eta hauek garatu behar ditugu”.
Pasiboei buruz zera esan zuen, “gauzak eztabaidatzeko eta kontrastea egiteko ohitura galdu dugu. Hau gainditu behar da. Bestalde, ideologiaren pobrezia dago. Ideologikoki ezker abertzalearen proiektua berreskuratu behar dugu, txekeoa egin. Ezin da bi parametrotan soilik oinarritu, gizartea konplexua eta aldakorra baita, parametro positiboak entzun behar ditugu. Ideologikoki proiektu politikoa jantzi behar dugu”.
Honetaz gain, beste partidu politikoekin izan beharreko harremanari buruz ere hitz egin zuen, “partidu politikoen oinarri sozialarekin jokatu behar dugu, ez partiduarekin. Dialektikoki planteamenduak erabili behar ditugu, Estatuak erreforma estatutario unitario batera ez eramateko”.
Krisi ekonomikoa
Egoera politikoa alde batera utzi eta krisi ekonomikoari buruz aritu zen Rafa Diez, “politika neoliberalen mitoa bertan behera geratu da. Ekonomia zikloak bukatu zirela esan ziguten, etapa horiek desagertu zirela, baina planteamendu hori bertan behera geratu da”, eta zera atxiki zuen, “merkatua ez da gai autoregulatzeko. Metaketa desorekatua ezin izan du jasan”.
“Eredu definitiborik ez dago eta eraldaketa ikusten ari gara. Izan ere, ezkerrak zuen bandera, nazionalizazioa, neoliberalek erabili dute,” esan zuen eta ostean, “hazkunde ekonomiko eroa eta merkatuan dena jartzea ona ez dela ikusi dute, hala ere sistemak jarraituko du”.
Amerika Latinan ematen ari diren aldaketa politiko eta ekonomikoak aipatu zituen, baita hauek aldaketa fase baten hasiera direla azpimarratu ere.
Eta krisiaren zabalkundeari buruz ere jardun zen, “jendea ustekabean harrapatuko du eta krisia handia dator, parametro guztietan. Euskal Herrian gutxiago nabarmenduko da”.
Estatuaren papera ere aztertu zuen,”indibidualismoa sustatu nahi du. Beraz, arlo politikoan sindikatuekin frente soziala egin behar dugu, dinamika honetan ez jarraitzeko eta Euskal Herrian dagoen masa kritikoa nola mugitu behar den pentsatzeko”.