Paco Fuentes Tabernaria
Paco Fuentes duela lau bat hilabete hasi zen dardo lehiaketetan jokatzen bere emazte Amaia Rebollok bultzatuta: "berak gustukoa zuen eta piskanaka ni ere zaletu ninduen". Familia osoak jokatzen du dardoetan. Cristian hamar urteko semea hirugarren izan zen iaz Españako txapelketan bederatzi urterekin eta Jessica alabak bost urterekin jada badauka sariketa batean irabazitako oroigarria.
Emazteak animatuta abiatu zen beraz Paco Fuentes hilaren 1etik 5era Portugalen, Tavira hirian jokatu zen Europako txapelketara. "Koinatuak zuen joateko asmoa eta emazteak, joan zaitez, joan zaitez eta joan zaitez esaten zidan, horrela hori nolakoa den ezagutuko nuela. Eta halako batean animatu nintzen". Amateur mailako B sailean jokatu zuen, zaletuentzako txapelketan.
Bost egun eman zituzten Algarven, Portugal hegoaldeko eskualde turistikoko Tavira hirian eta Paco Fuentes hobetzen joan zen lehengo egunetik aurrera. Asteazkenean, urriaren 1ean iritsi, eta ostegunean hirugarren postua eskuratu zuen bere taldeak, (Oreetako lagun bat, hemen bizi den portugaldarra, Paco Fuentes eta bere koinatua), ostiralean bigarren izan ziren koinatua eta biak, eta larunbatean txapela eskuratu zuen banaka.
Lasartekoak Txapeldun
Herriko "Punto de Encuentro" tabernako taldea izan da Europako txapeldun taldeka. Paco eta lagunek galdu egin zuten lasarteoriarren derbian eta gero hirugarren geratu ziren. Baina Paco Fuentesek aitortu digunez bi taldeen arteko lehia zintzoa da, adiskideen artekoa, "oso ondo konpontzen gara denok. Oro har, parte hartzaile guztiekin moldatzen gara oso ondo"
Ostiralean bi lehiaketa jokatu zituzten bikoteka. Goizean, koinatua eta bera, seigarrenak izan ziren, baina arratsalde-gauean, 501 modalitatean, bigarrenak Murtziako bi gazteren atzetik. Eta larunbatean banakako txapelketa jokatu zuten, Cricket modalitatean. "Goizeko 10etatik arratsaldeko 7ak aldera arte ihardun genuen. Guztira 100en bat lagunek hartu genuen parte, 20 bat bota nituen nik txapelketatik", kontatu zigun harro Urko plazako Noski tabernako nagusiak. Amaia eta biak ari dira tabernan lanean. Emazteak ez zuen Portugalera joaterik izan baina telefonoz animatzen zuela jakinarazi digu.
Tabernan bertan entrenatzen dira, eta sarri jokatzen dituzte lagun artean partidatxoak. Gainera, ostiralero gaueko 10.30etan txapelketa izaten da parte hartu nahi duten guztientzat.
Bost laguneko lau bat talde elkartzen dira Urko Plazako tabernan. Amaia Rebollok talde misto batean jokatzen du eta taberna arteko lehiaren bat irabazi dute. Dardos Easo antolatutako txapelketa horiek irabazten dituztenak dute gero, Europako edo Munduko txapelketan parte hartzeko aukera. Bidaia ordaintzen diete antolatzaileek.
Munduko txapelketa
Familia osoa joango da abenduaren 5, 6 eta 7an Sevillan jokatuko den Munduko Txapelketara. Paco Fuentesek maila bat gorago jokatzeko asmoa du. Amateurren artean bi maila daude eta gorengoan jokatuko du. Gainetik daude master mailakoak eta gorago, pro-master mailakoak, hauek profesionalak. Bere mailan Europako onena dela uste du, "agian egongo da norbait hobea, baina, behintzat txapelketan ez ninduen inork irabazi".
Orain gorengo mailetara igotzen ahaleginduko da. "Saiatuko naiz. Erronka hori da. Zaletasun bat da, hobbya, eta ikusiko da noraino iritsi naitekeen. Batzuk ari dira goian eta agian nik ere ahal izango dut". Momentuz parte hartu duen lehen txapelketan oso ondo aritu da. "Denak birrindu nituen, Portugaldik ia bota egin ninduten".
Hiru hilabete jokatzen
Paco Fuentes "duela hiruzpalau hilabete" hasi zen serioski jokatzen. Amaiak azaldu digu: "Bi aukera zituen, edo jokatzen hasi ala etxean bakarrik geratu". Amaia aspalditik ari da lehiaketetan eta bera izan zen senarrari dardoen arra sartu ziona. Honen anaiaren tabernan jokatzen zuten.
Duela urtebete Noski taberna hartu zutenetik sarriago aritzen dira. "Dardoen giroan murgiltzen ari naiz. Lehen joateagatik joaten nintzen, ez ninduen asko erakartzen. Orain, jende asko ezagutzen ari naiz eta maila hobetzen ere bai". Zehaztasun handia behar dute, behin kale bat eginez gero ez dago eta txapelketa irabazterik.
Noski tabernan utzi genituen dardo jaurtitzaileak, bezero asko dira dardo zaleak eta sarri da norbait partidatxoren bat jokatzeko prest. “Tortillaren batekin lagunduta hobe”.
Zehaztasuna da dardoak jaurtitzen ona izateko behar dena, baina ez da trebetasuna bakarrik. Amaiaren ustez "konfidantza" oso garrantzitsua da “Eta urduri ez jartzea. -dio Paco Fuentes-ek berak amaitzeko- Txapelketako finalean dardoa botatzera nindoanean eskua dardarka nuen eta horrela ezin da. Pausatu eta gero jaurti nuen. Buruhausteren bat badarabilkizu ere ez da ona".