Lokeko judokek oso maila ona erakutsi dute Paun

Txintxarri Aldizkaria 2008ko urriaren 17a

Lasarte-Oria Kirol Elkarteko judokak ondo ekin diote denboraldi berriari. Aurreko asteburuan Paun, Frantzian, nazioarteko txapelketan parte hartu zuten. Asteburu interesgarria izan zen judoka lasarteoriatarrentzat, orokorrean emaitzak onak izan baitziren.

Arestian esan bezala, LOKEko judoka gazteek, kadeteek Paun jokatu zen judoko nazioarteko txapelketan parte hartu zuten.
Larunbatean, nesken txanda izan zen. Bertan Leire Zubizarretak eta Amaia Curielek borrokatu zuten: "Leirek lau konbate irabazi zituen. Oso judo ona eman zuen eta bakarrik finala galdu zuen, oso ondo egin zuen", dio Gorka Aristegik.
Amaiak, berriz, gora behera gehiago izan zituen, baina hala eta guztiz ere entrenatzailea oso kontentu dago Amaiak egindako lanarekin, "lau borrokaldietatik bi galdu, bat berdindu eta bat irabazi zuen. Baina, oso ondo egin zuen. Zoragarria izan zen Leirek eta Amaiak larunbatean Frantzian eskaini zutena", kontatzen digu LOKEko entrenatzaileak.
Mutilak

Igandean mutilen txanda izan zen. Mario Garrido eta Esteban Martinez lasarteoriarrek borroka egin zuten emaitza desberdinarekin.
Mariok sei borrokaldietatik lau irabazi eta bi galdu zituen. "Izugarrizko txapelketa egin zuen Mariok. 5.postua lortu zuen txapelketan parte hartu zuten 40 judoken artean", azaltzen du Gorka Aristegik.
Estebanek, berriz, ez zuen oso egun ona eduki, bi borrokaldietatik biak galdu baitzituen. Hala ere, Gorkak kontatu digunez, Estebanen jarrera oso ona izan zen, "baina beti bezala entrenamendu gehiago behar du".
LOKEko judokak azkeneko urteetan oso ondo aritu dira txapelketetan eta aurtengo denboraldian ere orain arteko lehiak kontuan izanik emaitza onak lortuko dituztela dirudi.