Urte bat baino gehiago hasi zirela Jaso Ikastolan 28. Nafarroa Oinez antolatzen. Ikastolako langileak, aita-amak, ikasle ohiak eta Iruñako hamaika lagun buru-belarri ari dira lanean igandeko festa ondo atera dadin. Tartean, Iñigo Carrasco lasarteoriatarra dabil: pertsonaleko batzarreko arduradun moduan aritzeaz gain, Nafarroa Oinez’08ko bideo-klipa eta iragarkia egin eta zuzendu ditu. Berarekin izan dugun solasaldian, igandeko jaialdiaren nondik norakoak azaldu dizkigu.
Igandean Iruñara doanak zerekin egingo du topo?
Izugarrizko festarekin, goizeko 10:30etatik 19:00ak arte, eten gabe. Ibilbidea oso atsegina da, ibai ertzetan dauden zelai eta jolaslekuetatik igarotzen baita, guztira zazpi kilometro eta sei gune. Ikastolako mugatik at atera nahi izan dugu aurtengo NafarroaOinez. Jaso ikastolara Iruñako auzo guztietako haurrak joaten dira eta auzo hauetako izaera desberdinak kontutan hartu ditugu. Horregatik, 3.gunea, kultura desberdinetako ekitaldiak jaso ditugu: son kubatarra, capoeira, korsikako eta zelta musika, txalaparta, mariatxiak...
Iganderako dena prest?
Guneak prest daude, txosnak betetzea besterik ez da falta iganderako. Hiru aste lehenago hasi ginen muntaiarekin eta Nafarroa Oinez ospatu eta beste aste bete behar dugu dena jasotzeko. Prestaketa eta jasotze lanetan mila bolondres baino gehiago arituko dira.
Deskribatu igandeko jaialdia zenbakietan.
100.000 pertsona aurrikusten ditugu, horretarako 1.500 pertsona inguru egongo gara lanean. Alde horretatik zortea daukagu ikastola handia delako, ia 700 haur daude, 450 familia gutxi gora behera eta denak lanerako prest.
7 kilometrotako ibilbidea, 6 gune, 200 kamara, 50.000 ogi otartekoak egiteko, 60.000 edalontzi birziklatu eta gune bakoitzean 60 metrotako txosna bat eta trailer frigorifiko bat.
Noiz hasi zineten jaialdi hau prestatzen?
Testigua Bianan hartu aurretik hasi ginen lanean. Aurreko ikasturte amaieran batzorde desberdinak osatzen hasi ginen 19ko jaia antolatzeko. Batzordeetan bakarrik 100 pertsona baino gehiago aritu gara lanean: ikastolako ikasle ohiak, langileak, aitak, amak... Urte osoan zehar ekitaldi desberdinak antolatu ditugu: kulturalak, sozialak, kirolaren ingurukoak... Tartean, Ot Pi, Karlos Argiñano, Koldo Rodero, Cesar Kruchaga, Violadores del verso eta abar luze bat.
Egitarautik zer bereiziko zenuke?
Egitaraua 70 ekitaldiekin osatu dugu. Iruñaren berezitasuna kultura aniztasuna da eta egitarauan islatu nahi izan dugu. Horregatik, aurten berrikuntza moduan, herrialde desberdinetako taldeak ekartzea erabaki dugu, nahiz eta hizkuntza berbera ez hitz egin, kulturaren aldarrikapena konpartitzen dugu beraiekin. Hirugarren guneari Jazz Txokoa deitu diogu eta bertan herrialde desberdinetako musika entzun ahal izango dute bertaratzen direnek (bolibiarra, afrikarra, kubatarra...). Laugarren guneak, Hip-hoparen txokoak, egungo gizartearen izaera modernoa, kulturanitza eta transgresorea jasotzen du.
Bestetik, Nafarroa Oinezen beti egon diren talde eta ekitaldiak mantendu ditugu: Betizu, Oskorri, Gozategi, Tapia eta Leturia, puzgarriak, rokodromoa, pailazoak, tailerrak, taloak, artzain txakurren eta ehiza-hegaztien erakustaldia, herri kirolak...
Bideo-Klipa eta iragarkia egin dituzu. Nola izan da?
Agentzi bati enkargatzea horrelako lan bat diru asko da eta nik egiten dakidanez, niri proposatu zidaten eta gure artean egin dugu. Apirilean eta maiatzean grabatu eta ekainean aurkeztu genuen. Dena gure denbora librean grabaketa eta muntaia egin dugu. Bideo-kliparen protagonistak Saloa, nire alaba eta Jon ikastolako lagun bat dira, hauek eskura nituelako aukeratu genituen.
Zer kontatu nahi izan duzu?
Iruñako kultur anitza, tradizioa eta modernitatea jaso eta uztartu nahi izan ditugu. Azken finean, euskara leku guztietara iritsi behar da. Alaitasuna ere islatu nahi izan dugu, haurren bat-bapatekotasuna. Horregatik, oso plano gutxi zeuden prestatuta. Idei baten gainean lana egin dut, baina inprobisaketa askorekin.
Zer sentitzen da Oinez-a baino bi egun lehenago?
Urte hau oso polita eta berezia izan da Jaso Ikastolarentzat. Erronka hau alaitasun eta ilusiozko maratoi bihurtu dugu, horregatik harro gaude lortu dugunarekin. Eguna noiz iritsiko zain gaude, egin dugun lanaren emaitza ikusteko. Baina, era berean, aurtengo Nafarroa Oinez antolatzen hainbeste disfrutatu dugunez, bukatzear dagoela jakiteak pena ematen digu.
Zein da iganderako egin duten aurrikuspena?
Eguraldiak lagunduko digu. Aurrikuspenetan %20a euria eman dute, baina hori Iruñean, eguraldi ona da, zeru urdina eta lainoren bat eguzkitik babesteko. Perfekto.
Bada ezpada ere arrautzak eraman al dituzue Clarisetara?
Hori bera esan diogu Isabel Elizalde koordinatzaileari. Ezta pentsatu ere! esan digu. Dirudienez, behin bakarrik eraman dizkiete arrautzak, Nafarroa Oinez, Lunbierren ospatu zenean eta egin zuen euriarengatik bertan behera utzi behar izan zuten.