40 ordutan euskaraz

Txintxarri Aldizkaria 2008ko urriaren 21a

Larunbat eta igandean euskara izan zen Lasarte-Orian protagonista. 40 orduan denetariko ekitaldiak burutu ziren Okendo plazan jarri zen oholtza ikusgarrian.

Larunbat goizeko 8etan eman zioten hasiera Euskararen 7. maratoiari Ana Urchuegia, alkateak, Ricardo Ortega Euskara batzordeburuak eta Mari Jose Eizmendi Ttakun-eko lehendakariak, eta ordutik zortzikoteak hainbat herritarren laguntzarekin denetariko programazioari eutsi zioten Okendo inguruan.
Haur, gazte edo zahar denentzako ekitaldiak izan ziren 40 orduetan zehar. Larunbatean piratak hartu zuten oholtza ingurua eta txikienek ez zuten atsedenik izan. Arratsaldean, Takolo, Porrotx eta Mari Mototsek ikuskizun bikaina eskaini zuten. Une horretan bete betea izan zen plaza.
Afalostean gau erotikoa exotiko ere bilakatu zen. Landaberri Antzerki Taldekoek ikuskizun berezi eta bero beroa prestatu zuten bildu zirenentzat. Beroketa aparatu erotikoen erakustaldiarekin hasi eta aerobic bero bero batekin amaitu zen.
Ondoren, saskibaloi jokalari ohien modako desfile sexiak tenperatura igo zuen termometroak hautsi arte. Gaueko hotzari aurre egiteko moduko ikuskizuna izan zen.
Lasarte-Oriako bikotekako lehen Bertso Pinalak ez zuen berotasun, pikardia eta umorearen faltarik izan, ikusleen gozamenerako eta ondoren gau erotiko-exotikoak segi zuen, nesken eta mutilen streeptease eta guzti.
Dantzariek, pazifikoko eta arabiako gerri mugimendu eta dantza bereziak ekarri zituzten. Ondoren, umorearentzat tartea izan zen: sabel dantza Isabelen dantza bihurtu zen. Mihiluze erotikoa luuuuze luuuuuze joan zen parte hartzaileek ez zutelako hizkuntz erotikoarekin asmatu.
Igandean ere hainbat ikuskizunetaz gozatzeko aukera izan zen eta errematea bikaina izan zen, Erketz, Alboka abesbatza eta Zero-Sette akordeoien orkestaren emanaldiarekin.
Tartean kirol erronkak, lehiaketak, antzerkia, dantza, musika, otorduak, dastaketak... denetarik izan zen 40 ordutan. Ehundaka lasarte-oriarrek parte hartu zuten. Denak euskarari eta bere erabilerari bultzadatxo bat emanaz, beti ere, tonu umoretsuan.•