Doako kontzertuak eskainiko dituzte kultur etxeko kafetegian

Txintxarri Aldizkaria 2008ko urriaren 21a

Lasarte-Oriako Gazteria eta Festetako sailak hitzarmena sinatu du Xpression kultur elkartearekin Manuel Lekuona kultur etxeko kafetegian kontzertuak eskaintzeko. Honen bidez musika estilo askotariko taldeek bisitatuko dute udalerria, ostiraletan hamabost egunero. Herriko taldeek ere aukera izango dute bertan jotzeko. Ekimen berria urriaren 24ean hasiko da, arratsaldeko 20:00etan Roberto Yaben-en kontzertuarekin.

Xpression kultur elkarteak eta Gazteria eta Festetako sailak lasarteoriarrei aisialdirako aukera berri bat eskaintzeko asmoz sinatu dute hitzarmena. Baina, Gazteria eta Festetako sailak harago joan nahi du bere ekintzekin solidarioa izateko aukera eskainiz. Hori dela eta, Udalak aprobetxatuko du kultur etxeko kafetegiko zerbitzua doan uzteko udalerriko irabazi asmorik gabeko taldeei. Modu horretan, beren gizarte xedeetarako irabazi bat lortzeko aukera izango dute taldeek, Udaletik helarazi dutenez.
Saileko lehendakaria den Jesús María Zaballosen nahia izan da lehen taldea Lasarte-Usurbil Institutuko ikasleak izatea. Bere ustez, "ikasturte amaierako bidaiarako irabazi bat lortzeko laguntzeko modua da, eta horrela erabakiak eta ardurak hartzen hasiko dira", honen harira, "familietako ekonomia laguntzeko modua ere bada", gaineratu du.

Doako saioak

Datorren urriaren 24tik hasi eta abendura arte, hitzordu musikalak hamabostero izango dira 20:00etan, kultur etxeko kafetegian. Doako saioak izango dira eta edonori irekiak. Zaballosek azaldu duenez, "ez ditugu talde ezagunen kontzertu handiak bakarrik egin nahi, baizik eta aukera eman nahi diegu baita ere musikaren munduan hasten diren taldeei, beren lehenengo pausoetan lagunduz".
Urriaren 24an emango zaio hasiera Lasarte-Oriako Kultur Etxeko programazioari Urnietako Roberto Yaben gitarrajole eta bakarlariak eskainiko duen kontzertuarekin.
Azoan bi kontzertu izango dira: hilaren 7an ostirala, Donostiako Rouge taldearen Rock eta Power pop doinuak dastatzeko aukera izango da eta hilaren 21ean, ostirala, Underneed herriko pop rock taldearenak.
Abenduaren 5ean herriko Makulu Ken afro eta funk taldearen txanda izango da eta abenduaren 19an aldiz, The Billie Jeans Donostiako disco, funk eta reggae taldearena.
Xpression!!! zirkuituaren arduradunek adierazi digutenez, egitasmo honen helburua zera da “espazioak bilatzea musikari ez profesionalizatuei eta aldi berean jendeari musika alternatiboak gerturatzea, formatu txiki-ertaineko kontzertuak normalizatuz eta doan eskainiz”.
Lasarte-Oriako Udala lehena izan da Zirkuituan integratzen baina hurrengo hilabateetan beste 10 bat Udal ere sartuko dira zirkuituan, arduradunek adierazi digutenez. Euren nahia, denborarekin haztea da “Gipuzkoan sare sendo bat osatu arte”.•