Guztion maratoia inoiz baino gehiago

Txintxarri 2008ko urriaren 21a

Euskararen maratoia lehengo aldiz korritu eta gero, bukaerara iristean eta atzera begira jarrita zaila da neurriko eskertza bat egitea jendearen partetik horrenbesteko laguntza jaso eta gero. Eta sentsazioa daukat zorretan egongo naizela denbora luzean, ia ezinezkoa delako jende guztia lerro hauetan aipatzea.
Gora eta behera plazan zehar berrogei orduak egin eta gero, oraindik ere zaila egiten da sinestea nola mantendu den plaza ia etenik gabe jendez beteta, larunbata goizetik txikiekin hasi eta igande bukaera arte. Duda barik, zortzikotearen ilusioak eta lanak mantendu gaitu eta aurkeztu diguten programatik segundu bat ere ez galtzeko gogoak. Ikuskizun osoa plazan jarraitzeko, otorduek eta tabernak erraztu digute aukera, kaka egiten ere maratoian ginelako. Otorduen aurre-ikuspen guztiak txiki geratu dira. Karpa jartzea erabaki genuenean, guk ere ez genekien zein neurritako plaza itxuratzen ari ginen eta oholtzan pantaila jartzeak lortu duen estetika eta interaktibitateak guztiok txunditu gaitu.
Maratoia prestatzen hasi ginenean lantaldeetan hilabeteak lehenago zegoen ilusioa ulertu ezin banuen ere, gaur goizean kafea hartzen nengoela, maratoian parte hartu duen hamalau urteko gazte baten amak kontatzen zidan, nola semeak kontuak atera eta esaten zion hurrengo maratoian hemezortzi urte izango zituela eta gustatuko zitzaiola zortzikoteko kide izatea. Hori zalantza barik, ilusioa pizten jarraitzen den seinale da. Zabala izan da oso jendearen parte hartzea, baina bereziki aipatu behar da gazte jendeak izan duen portaera eta jarri den ilusioa. Maratoiak, ni bezala beraiek ere harrapatu ditu.
Orain lau urte elkartea kudeatzeko erronka hartu nuenean maratoi bat bizitzeko ilusioarekin lanean hasi nintzen eta ez nekien iritsiko nintzen, gisa honetako proiektuak luzeak direlako, eta gure maratoia ez delako bi egunetako kontu bat bakarrik. Nigan jarritako konfidantza eta jasotako babesa eskertzea baino ez daukat beti gertu dagoen Ttakuneko zuzendaritzari.
Azkenik, ahaleginduko gara euskararen maratoian parte hartu duzuen guztion zerrenda osatzen. Izen propioz esker emate publiko bat egiteko eta maratoiak duen neurria paperean jasotzeko. Benetan, harro egotekoa da euskarak neurri honetan hitz egiten duenean. Baina momentuz, denoi... benetan mila esker.

Aitor Uriarte
Ttakuneko kudeatzailea