Hirigintza gaiak jorratzeko aholkulari taldea elkartuko da

Txintxarri Aldizkaria 2008ko urriaren 24a

Urriaren 20an eratu zen Plangintza Urbanistikorako Aholku Batzordea. Bertan Udaleko alderdi politikoetako ordezkariak herriko zenbait elkartetako partaideekin bilduko dira herriko hirigintza gaiak jorratu eta Udaleko Gobernuko ordezkariei proposamenak egin edo aholkuak emateko. Besteak beste, Oztabide eta Zabaleta Auzolan auzoetako elkarteetako ordezkariek, Osiña Ekologistak Martxan taldekoak, Aterpea merkatarien elkartekoak eta Agenda 21 Forokoak parte hartuko dute batzorde aholku emailean.

Udaleko ordezkariek adierazi dutenez, bere helburua "eragile ezberdinen arteko koordinazioa da, batez ere, Udalaren bihar-etziko hirigintzaren antolamenduari buruzko erabakien orientabidean parte hartzea".

Soilik aholkulari

Udalak "herritarren parte-hartzerako organo" hau eratu du hirigintza gaiak bertan eztabaidatu daitezen. Dena den, batzorde honek hartutako erabakiak edo egindako proposamenak, txostenak, azterketak, alternatibak edo informeak ez dira lotesleak izango, hau da, Udal Gobernuko ordezkariak libre izango dira nahi duten erabakia hartzeko.
Aholku Batzordearen egikizuna izango da, herriko hirigintza antolamenduari buruz kanpotik Udalari planteatzen zaizkion ekimenak, iradokizunak, alternatiba edo proposamenak aztertzea. Aldi berean Udalaren hiri plangintzaren azterlan, programa eta jardun-ildoen berri zuzena izango dute Batzordeko ordezkariek.

Hirigintza

Hirigintzaren antolamenduaren inguruko plangintza eta txostenak egin beharko ditu batzordeak, Udalak edo Aholku-batzordeak berak hala eskatzen baldin badute.
Lurzoruaren Lege berriak esaten du beren planeamendu urbanistikoa behin betikoz onartzeko konpetentzia duten udalerrietan derrigorrezko figura dela Aholku-Batzorde hau. Lasarte-Oriaren kasuan beraz derrigorrez osatu beharrekoa zen aholkularitza batzorde hau.
Bere funtzioa, “udalerriko agente ezberdinek parte-hartzea hirigintzaren antolamenduaren inguruko erabakien aurreko orientabidean”.
Beraz, Udal ordezkariei laguntzeko dago, baina aholku-batzordearen eztabaidak eta egindako txosten zein azterketak ez dira lotesleak Udal Gobernuarentzat.

Urchueguia buru

Ana Urchueguia alkatea izango da Aholku-Batzordeko lehendakaria, Hirigintza batzordeburu Iñaki Mugica, lehendakariordea eta bokalak aldiz, Ingurumen batzordeburu Ricardo Ortega, eta Udalbatza osatzen duten talde politiko bakoitzeko zinegotzi bat. Alderdietako ordezkariekin batera, Oztabide, Zabaleta Auzolan, Osiña, Agenda 21 Foroa eta Aterpea elkarteetako ordezkariek osoko bilkurak egingo dituzte. Aholku Batzordeko lehendakaritzak edo batzordearen beraren gehiengo absolutuak dauka osoko bilkura eskatzeko eskubidea.
Aholkularitza Batzordeko partaide guztiek dute mintzatzeko eta bozkatzeko aukera, baina esan bezala bere erabakia ez da Udal Agintarientzat loteslea. •