Baina Iluk dioen bezala ez da bakarrik joan, “taldean egin dut bidaia. Internet bidez ezagutu ginen, eta guztia gure kabuz egin genuen. Talde ona sortu genuen, laguntasun handikoa. Eta Irkutsken talde banandu zen, katalana eta 2 andaluziarrak Pekinera egin zuten eta guk bidea jarraitu genuen”.
Honetaz gain, bidaia etapatan egin dutela ere azaldu digu. “Lehenengo etapa Mosku Ekaterinburgo izan zen. Trena handia zen, 30 bagoi edo. Ekaterinburgon hurrengo trenerako tiketa hartu, eguna pasa eta gauean berriro trenera”, dio Iluk,“hurrengo geldialdia Novosibirsken egin genuen eta bertan gaua pasa genuen. Hau Siberiako kapitala da. Oraindik Lenin eta komunismoa goraipatzen dituzten monumentuak dituzte. Bertako antzerkia Europako handiena da, Bolshoia baino handiagoa, pena ezin izan genuela ikusi”.
Eta Errusiako zatiako gauzak azaltzen jarraitzen du, “hurrengo egunean, Irkutskera trena hartu genuen, lehen Siberiako Parisa zena. Leku elegantea da, etxeak zurezkoak, oso politak, eta leihoak guztiak margotuak eta koloreztatuak. Baina egoera txarrean daude, ez dituzte zaintzen, galtzen ari dira. Bertako eliza ortodoxoak ere oso politak dira”.
Eta hau atxikitzen du, “hemendik mikrobusa hartu genuen, Baikal lakuko Oljon irlara. Izugarria da lakua, Errusiako politenetarikoa eta ur gezako lakurik handiena. Jende gutxi bizi da irlan. Hondartza txikiak daude, jende asko kanpin librea egitera doa, suak egiten dituzte, Irkutskeko jende asko doa oporretara edo asteburu pasa”. Gainera, bitxikeri bat ere aipatu digu, “irlan finka batean egon ginen, Nikita. Bertan atzerritarrak biltzen ginen, motxileroak eta lasarteoriar batzuekin aurkitu ginen”.
Mongolia ikaragarria
Ostean Mongoliara egin zuten eta mugan ”zortzi ordu itxaron behar izan genituen, polizia pasa zen pasaporteak eta miaketak egiteko. Eguzkitan egon ginen, itzalaren bila. Dendak zeuden bertan ura eta janaria erosteko behintzat. Eta han ere Zaragozako bikote batekin topatu ginen”.
“Mongolia ikaragarria izan zen. Mongolia oso handia da eta eremu txikian egon ginen. Biztanle gutxi dago 3 miloi edo, gehienak Ulan-Batorren bizi dira eta besteak nomadak dira. Haranetan bizi dira, abereekin, jakak, gameluak, zaldiak, ardi eta ahuntzak. Abereen esneetatik egiten dituzten produktuei esker bizi dira”, aipatzen digu. Eta jarraian bidaiaren harira bueltatzen da “Ulan-Batorren furgoneta hartu genuen, txoferra eta sukaldariarekin, honek gainera gida lanak egiten zituen. Zazpi egun egon ginen alde batetik bestera”.
Gainera nomadekin harreman handia izan zutela azaldu digu, “gu nomaden geretan egiten genuen lo. Gerak hango dendak dira. Nomaden kanpamentuak bi edo hiru gerez osatua zegoen, batean sukaldea zegoen, bestean janaria prestatzen zuten eta bestea saloi antzekoa”.
“Gainera, kanpamentu batera iritsi eta lehenengo gauza, bere salara eraman eta jak edo behor esnea ematen zigute. Oso garratza zen guk ezin genuen edan, ez gaude ohituak. Konturatzen zirela uste dut. Gaztak ere gustu berdina zuen. Oso adeitsuak ziren”, dio jarraian.
Etapa honetaz gainera zera azaltzen digu, “Karakorumen egon ginen, Mongoliako kapitala izan zena. Monasterio budista batzuk ere ikusi genituen, dauden gutxietakoa izan ere leninistek denak bota edo hil zituzten. Batean Buda handia zegoen, tenpluaren altuera osoa hartzen zuena”.
Nahiz eta herri ikaragaria izan, “pasaia monotonoa da, gerak, abereak eta haranak, haran handiak ikusten dituzu Mongolian”, dio Iluk.
Baina tranpatxoren bat ere egin zuten. “Mongoliatik Txinara hegazkina hartu genuen. Hainbeste tren dagoeneko trenaz nazkatua ginen. Trenean ia 6000 kilometro ziren Ulan-Batorrera”, azaltzen du eta zera atxikitzen du, “Hala ere tren ibilbidea oso dibertigarria izan zen, alde baterik bestera ibiltzen ginen denak batera egon nahi genuenean. Bidaia hartzen genuenean ez zegoen bederatzirako lekua bagoi batean, beraz denak sakabanatuak ginen. Gainera ez duzu goserik pasatzen, andenetan jendeak gauzak saltzen zituen eta bestela jatetxea genuen”.
“Hala ere, lasaitasunez hartu behar duzu bidea, jendearekin harremana egin irakurri, hitz egin, ordu asko dira eta ez da edonork egiteko modukoa”, ohartarazten du.
Txinako bitxikeriak
Jarraian Txinako bidaiari buruz hitz egiten digu, “kontraste handia nabari genuen Txinara iristean. Hainbeste jende eta soinu, asko kostata baina ohitu nintzen azkenean”. Gainera, puntu honetan senarra bidaira batu zela aipatu digu.
Honetaz gain Iluk zera atxikitzen du, “Pekinera joko olinpikoen bukaeran iritsi ginen. Espainia Lituania jokatzen ari zen saskibaloian, giro ezin hobea zegoen. Jokoen eraikuntzak ikusi genituen, baita maratoiko proba ere ”.
Turismoari dagokionez, bitxikeri bat baino gehiago aipatu zizikigun,”guk dena libre egin genuen, beraz tiketa hartzeko txinatarren ilaran jarri behar ginen. Autobusak ere txineraz zeuden, beraz gida txineraz zen. Autobus pila zegoen eta jaisterakoan autobusaren matrikula eta zenbakia hartzen genituen, argazkiak ere egiten genituen badaezpada”.
Pekinetik Xi’anerako bidaia trenez egin zuten, “terrakotako soldaduak eta indusketak ikustera joan gienen. Izugarria da, oso handia eta soldaduez gain, zaldiak etab daude. Xi'aneko herria ere oso polita iruditu zitzaidan, auzo musulmana dago, meskita dauka. Kanpaiaren Dorrea ere oso polita zen, estilo txinarra duen eraikuntza handia da”.
Eta bidaiaren bukaera Shangai izan zen. “ Shangai gora begiratzekoa da. Eraikuntza handia ditu, etxe orratz pila. Pekinekin alderatuta oso desberdina da”, dio Iluk. Eta zera atxikitzen du, “Shangaien ohitura eta modernitatea elkarbizi dira .Auzo zaharra dago eta bertan txinatarrak bizi dira. Egun batean handik pasa nintzen eta kalean bizi direla konturatu nintzen, lehen bezala”.
Gainera herri eta inguruak ongi ezagutzeko aukera izan zuen Shangaien egun gehiago geratu baitzen, bertan semea lanean du eta. Zera kontatu digu egun horietaz, “bakarrik geratu nintzenean etxean geratu edo ateratzeko duda izan nuen. Azkenean hirira joaten nintzen, metroa hartu eta erdialdera iristeko bi ordu egiten nituen. Unai hiriaren kanpoaldean bizi da. Asko gustatu zitzaidan metroan ibiltzea bertako jendearekin bainengoen. Arraro begiratzen ninduten”. Honetaz gain, “Ilargiaren festa zen eta lau egun joan ginen hegoaldera. Gauza asko egin genituen, hala nola, Guilin Yongzhou ibaian behera, txirringa hartu arroz soroak ikustera joan ginen, Nanjingera ere joan nintzen bakarrik, Hangzhou ere oso polita zen, maila altuko herria da, lorategi ederrak ditu”, esan digu eta bukatzeko “esperientzia ona izan da, bidai osoa”. •