Euskararen Maratoiari agur, ongi etorri krosari!

Txintxarri Aldizkaria 2008ko urriaren 24a

Herritar askok gozatu dute Euskararen Maratoiarekin eta Ostadarreko arduradunek igandeko krosarekin gozatu dezazuen nahi dute. Horretarako azken orduko prestaketekin ari dira, dena ongi atera dadin. Jakinarazi digute, eguraldi ona eskatu dutela igande goizerako: “Ostarte eta tenperaturak gora egingo duela iragarri dute”. Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoiak berrikuntza gutxi ditu hamahirugarren edizioan, "aurreko urteetan egindako lanaren jarraipena" dela azpimarratu dute antolatzaileek.

Lasterketak 10.600 metroko luzera du. Irteera eta helmuga puntuak Okendo plazan kokatu dituzte. Helduen lasterketa 10:30ean hasiko da -elbarrituak zertxobait lehenago aterako dira- eta hasi aurretik Erketz Euskal Dantza Taldeko dantzariek agurra dantzatuko diete korrikalari guztiei. "Modu horretan partehartzaile guztiak omendu nahi ditugu, ez soilik irabazleak", eman dute aditzera.

Korrikalariak mimatzeko borondatea

Azkeneko urteetan 1.200 korrikalariren muga gainditu dute -errekorra 2006 urtekoa da, 1.363 parte-hartzaileekin-. Antolatzaileek, ordea, "errekorrei erreparatu gabe korrikalariak mimatu nahi dituztela" argitu dute. "Errekorrak gainditzen joatea beti da polita, nolabaiteko errekonozimendua delako, baina ez dugu ahaztu nahi krosak duen izaera herrikoia. Eta benetan arduratzen gaituena da etortzen diren korrikalariak gustura geratzea".
Zentzu horretan, Lasarte-Oriako korrikalariei gonbite berezia luzatu diete. "Etortzen diren guztiak ongi-etorriak izango dira, baina ez dugu ukatuko, ilusio handia egiten digula herritarrak krosean parte hartzen ikustea". Era berean, aldez aurretik eskerrak eman nahi izan dizkiete krosa antolatzen lagunduko duten guztiei. Orotara 160 bat lagun izango dira. Egiten duten lana funtsezkoa da lasterketa antolatzeko".

Bigarren urtez txiparekin

Baten bat oraindik krosean atera edo ez atera, zer egin jakin gabe egongo da. Jakin ezazue bihar goizeko 11:00etatik 13:00ak bitartean Ostadarreko egoitzan, Geltoki 25 zenbakian, izena eman daitekeela eta igandean bertan Michelingo frontoian 9:00etatik aurrera. Izen-ematea k azkeneko egunerako uzten dutenek 14 euro ordaindu beharko dituzte. Era berean, korrikalariek lasterketa amaitzean itzuliko zaizkien 5 euroko fidantza ordaindu beharko dute.
Bigarren urtez jarraian txipak erabiliko dituzte korrikalarien denborak neurtzeko. "Txipak garestiak dira eta itzuli gabe uzten dugun txip bakoitzeko isuna ordaindu behar izaten dugu. Fidantza gastu hori saihesteko jarri dugu", argitu dute antolatzaileek.
Txiparen harira, antolatzaileek gogorarazi dute txipak lasterketa egunean banatuko direla, 9:00etatik 10:15etara Michelingo frontoian eta behar-beharrezkoa izango dela dortsala erakustea. "Denbora tarte txikian jende asko gerturatuko da txipa jasotzera eta azpiegitura nahikoa jarriko dugun arren, korrikalariei azken unera arte ez dezatela itxaron" eskatu diete.
Urtero moduan, korrikalari guztiek kamiseta bana jasoko dute opari, kirol asegurua izango dute, lasterketa amaitzean Lasarte-Oriako kirol instalazioak erabiltzeko aukera izango dute eta hainbat opariren zozketetan parte hartuko dute (Reala eta Bruesa ikusteko sarrerak, kirol materiala, afariak…).

Kros Txikia

Kros Txikiko VII. edizioa da aurtengoa eta urtetik urtera gero eta haur gehiagok parte hartzen du. Aurten, adin desberdinetako 650 haur inguru korrika aterako dira herriko erdiguneko kaleetan barrena. Kros Txikian parte hartuko duten haurrak Landaberri ikastolara, REM zena, goizeko 11:30etan joan behar dute. Bertan, Ttakuneko begiraleek eta ikastetxeetako irakasleek haur guztiak taldeka antolatuko dituzte. Bost urteko aurrek, berriz, 11:30etan Manuel Lekuona Kultur Etxeko aterpera joan beharko dute.
Txikien Kroseko lehen txanda, bost urtekoen taldea, 12:00etan hasiko da. Amarauneko Esti, Lur eta Markok parte hartzaile guztiei dominak banatuko dizkiete. Azkeneko momentuan parte hartu nahi duten haurrek ere izena emateko aukera izango dute 11:00etatik aurrera Sagardotegi plazan, beti eta dortsalak geratzen baldin badira (dagoeneko 6-7 eta 10-11 adin artekoak bukatu dira).

Kontutan izateko oharrak

Gogoratu larunbateko ordu txikietan, 03:00etan, erlojuko orratzak 02:00etan jarri behar direla. Bestetik, antolatzaileek herriko biztanleei gogoratu nahi diete, igande goizean krosa irauten duen bitartean, erdiguneko kaleak moztuta egongo direla. Beraz, autoa mugitu behar baduzue goizeko lehen orduan egin dezazuen gomendatzen dute, 13:00ak arte itxita egongo baita errepidea.•