Zuen ustetan ez dago zertan horrelako neurri gogorrik hartu beharrik.
Jokin: Ez, LABeko ekonomilari batek enpresaren kontuak begiratu zituen lehenengo, eta enpresa gaizki ez zebilela esan zigun. Horren arabera langileek eta sindikatuak ezezkoa eman genion espedienteari egin zen asanblean.
Langileek ezetza eman eta gero enpresak aurrera jarraitu zuen espedientearekin.
Jon: Langileen eta sindikatuaren ezezkoarekin espedientea administrazioara doa eta han hartu behar dute erabaki bat. Enpresak bederatzi hilabetetarako eskatzen zuen espedientea baina administraziori behintzat gehiegizkoa iruditu zitzaion eta sei hilabetetarako onartu zuen.
Jokin: Bi bilera izan genituen Jaurlaritzako inspektorearekin eta berak bi parteak entzun eta gero bere iritzia eman zigun. Guk enpresa ekonomikoki gaizki ez zegoela argudiatzen genuen baina gaur egun espediente bat onartzeko horren beharrik ez dela azaldu zigun, enpresak ez du zertan galerarik izan behar, lege baten ondorioz aldatu zen eta orain produkzioa jeisteagatik bakarrik onar daiteke espedientea. Inspektorearen aholkua akordio batera iristekoa izan zen, espedientea ia ziur onartua izango zelako. Hori jakinda enpresaren soladata jaitsiera hori konplementatzea proposatu genuen, baina ez zuten onartu. Gero, horren erdiarekin ere konforme geunden baina enpresak ezetz, espedientea onartuko zela bazekitelako.
Orain hiru egunetan lan eta bitan langabezian zaudete?
Jon: Bai eta gure ustez egoera guztiz salagarria da. Jaurlaritzaren jarrera onartezina da, enpresa saneatu batek irabaziak mantendu ahal izateko horrelako espediente bat sartu eta Jaurlaritzak onartu. Diru gutxiago irabazten dute eta ugazabek beren irabaziak mantentzen dituzte, hau guztia Jaurlaritzaren baimenarekin eta guztion diruarekin zeren astean bi egunetan langabezia kobrtatzen dute langileek.
Jaurlaritzaren jarrera salatzen duzue LABetik?
Jon: Bai. Badirudi Kelanek egin duena beste enpresa batzuek ere egin dutela, krisi hotsak daudela eta egoera aprobetxatu eta enpresa asko egitura saneatzen ari dira, baina diru publikoaren kontura. Kasu honetan egia da produkzioa jaitsi egin dela, baina 2007 urtekoa ez zen normala izan inoiz baino gehiago produzitu zutelako enpresan.
Jokin: Gauzak zerekin alderatzen diren ere kontutan eduki behar da. 2007.a historikoki gehien produzitu dugun urtea izan da, horregatik, horrekin alderatuta emaitzek produkzioak behera egin duela esaten dute.
Hiru egun horietan lan gehiago egiten duzue ?
Jokin: Lehengo urtean ariko bagina bezala ari gara, lan asko egiten dugu hiru egun horietan.
Jon:Azkenean egoera langileek asumitzen dute.
Zer egingo duzue orain?
Jokin: Langileak bildu ginen eta zerbait egitea erabaki genuen, behintzat horrekin ados ez gaudela ikusi dadin eta enpresaren aurrean elkartuko gara urriaren 31ean hasita hamabost egunero kontzentrazioak egitera.
Hemendik sei hilabetera zer gertatuko dela uste duzue?
Jokin: Orain komertzial bat jarri dute Frantzian eta Portugalen eta lana bilatzen ahalegintzen dela esan digute. Suposatzen da epe hau igarota produkzioa igotzen hasiko dela. Beraien ustez egoera hobetuko da.
Jon: Gure beldurra enpresek funtzionamendu hau normaltzat hartzea da. Ekoizpena behera dotorkien epeetan horrelako neurriak hartu ahal izatea. Kasu honetan ez dute galerarik izan, irabaziak jaitsi dira besterik ez. Horrelakoak neurri bereziak dira egoera berezietarako. Andoainen beste bi enpresek dute espediente bat mahai gainean, beraien kontuak gaizi egon gabe neurri desberdinetako espedienteak sartzen ari dira. Guk hori salatu nahi dugu. Orain komunikabideak dabiltza krisia dela eta ez dela eta enpresa asko nahiz eta ekonomikoki egoera larrian ez egon hori aprobetxatzen dute irabaziak mantentzeko. Hau ez da kasu isolatu bat eta hori da larriena. Orain kasu hau daukagu mahai gainean baina enpresako mozkinak jaisten direnean hori gertatzen da batean baino gehiagotan horregatik Eusko Jaurlaritzaren eta ugazaben jarrera salatu nahi dugu. Aurreko krisialdietan espedienteak sartzen ziren enpresak lur jota zeudenean, ordainketa-etendura zegoenean edo guztiz hondoratuta zeudenean. Gaur hori aldatu da eta irabaziak dituzten enpresek espedienteak aurkezten dituzte. Saneatuta dagoen enpresa da Kelan.
Errazagoa da orain enpresentzat horrelako gauzak egitea?
Jon: Lan departamendua Eusko Alakartasunaren esku dago eta alderdi sozial demokratatzat jotzen du bere burua baina benetazko itxura alderdi neoliberal batena da. Enpresaren funtzionamendu normal batean espedienteak aurkeztea onartezina da.
Jokin: Espedientetik kanpo dagoen langile batek aparteko orduak sartzen ditu orain. Eusko Jaurlaritzari hori esan baina tipoak antolaketa lanetan dabilela esaten du. Guk gure makinatan aritzen dela badakigu, produkzio lanetan.
Horrek esan nahi du momentu honetan langileak faltan daudela?
Jon: Bai. Produkzio lana egiten du horrek eta hori ere salatzeko modukoa da. Hori lana dagoenaren froga da.
Jokin: Lehengo urtean lan asko egin genuen, inoiz ez bezala, eta orain ere erritmo hori nahi dute. Pasa den urte honetan astoak bezala ibili gara eta orain ez digute esaten lasai ibiltzeko egindako lan horren truke. Lan gutxiago dagoenean gutxiago ordaintzen digute baina lan gehiago dagoenean berdina.
Krisiarekin enpresak beldur dira eta diru aurreztu nahi izatea?
Jon: Ez, ez da badaezpada aurreztu nahi dutela, enpresa bakoitzak bere egoera dauka. Iruditzen zait enpresa askok egoera hau aprobetxatu nahi dutela, krisiaren gaia puri-purian dagoela eta horregatik Eusko Jaurlaritzan espedienteak errazago onartuko dituztelako. Hortik doala uste dut, egoera aprobetxatu antolakuntza aldatzeko. Batzuk soberan daude eta orain hori aurrera eramateko aukera daukate, baina hori lejitimoa den betse kontu bat da, bakoitzak bere politika dauka eta Jaurlaritzak ere berea dauka.
Langabezian geldituz gero honek eragin negatiboa edukiko du?
Egunak gastatzen ari gara. Gainera lanik egiten ez dugun egunek gehiago kontatzen dute astelehena eta ostirala direlako eta egun bakoitzak egun oso bat eta laurden bezala balio du, asteburua tartean dagoelako. Hau da, hilabete batean 10 egunetan ez badugu lanik egiten 10 x 1,25 egin behar da parotik kentzen dizkiguten egunak kalkulatzeko.•