Ostadar nagusi bigarren erregionaleko derbian

Txintxarri Aldizkaria 2008ko urriaren 24a

Bigarren erregional mailako Ostadar futbol taldeak lehenengo mailara igotzeko hautagai nagusia dela erakutsi zuen aurreko larunbatean Michelingo zelaian Lasarte-Oria, herriko beste taldearen aurka jokatutako derbian. Ostadarrekoak 4-1 nagusitu ziren eta ez zuten partiduan zehar punturik arriskuan ikusi. Baina golak lehen zatiaren amaieran iritsi ziren.
Hasieratik ikusi zen kalitatea Ostadarreko jokalariek jartzen zutela eta Lasarte-Oriakoen asmoa aldiz, 90. minutura golik jaso gabe iristea zela. Ez galtzera atera ziren, baina lehen zatiko azken bost minututan Erik Utiel Ostadarreko aurrelariak bi sartu zizkien eta Ostadarrek emaitza handitzeko beste bi aukera ere egin zituen.
Bigarren zatian. Ostadarrek jarraitu zuen baloiarekin nagusi, eta 10. minuturako hirugarren gola sartu zuen Josu Apaolazak.
Iñaki Zurutuza Ostadarreko entrenatzaileak, norgehiagoka eskura zutenez, aldaketak egin zituen, normalean jokatzen ez dutenei aukera emanez, eta une horretan soilik iritsi ziren Lasarte-Oriako taldearen aukerak, baina denak estrategia jokaldietan. Horietako batean heldu zen Jesus-en gola, baina 3-1ekoarekin ere ez zuten Ostadarrekoek partidua arriskuan ikusi. Handik gutxira lasaitasunaren gola sartu zuen Igor Astiazaran Ostaldar taldeko jokalari beteranoak.
Ostadarrek lehen sei partiduetatik seiak irabazi ditu lehen fasean eta aurten espero dute gero igoerako fasean kalerik ez egitea. Iaz 32 partidutik bi bakarrik galdu zituzten baina ez zuten igotzerik izan azken partiduetako berdinketengatik.

Aurrelari berriak

Dena den, Iñaki Zurutuza entrenadorearen ustez iaz baino aukera gehiago izango dituzten iaz aurrelariek gol gutxi sartu bazuten aurten aurrerako golak sartzen dituzten bi jokalari berri dituztelako, “klase handiko Erik Utiel Errealean, Antiguokon eta EHUko taldeetan aritua eta Lander Lobo, berriro Ostadarren jokatzen animatu dena. Beraiekin batera Igor Astiazaran beteranoa eta Gurutz Iturbe kapitaina ari dira aurrean.