Eraginkorki gidatzearen abantailak

jon-altuna 2008ko urriaren 24a

Autoz ibiltzea garesti ordaintzen dugu, batetik erregaia garesti saltzen digutelako eta bestetik ingurugiroan eragindako ondorioak pairatuko ditugulako, lurraren berotzea, klima aldaketa eta airearen kutsadura oro har. CO2 edo ke emisioak gutxitzea, ekologisten aldarrikapena izatetik agintari eta adituen helburu izatera pasa da. Hain zuzen ere autoa erabiltzerakoan gasolio gutxiago erre eta gutxiago kutsatzeko aholku batzuk eman zituzten Lasarte-Oriako Mugikortasun Iraunkorraren astean.

Autoa egoki gidatu eta aholku batzuei kasu eginez gero energia eta dirua aurreratu dezakegu eta bide batez ingurua gutxiago kutsatu. Hori da Energia Aurrezteko erakunde publikoetatik zabaltzen den mezua. Automobilen gastuak gutxitu ahal izateko, ematen duten lehen aholkua, bidaia eta joan-etorrietan garraiobiderik eraginkorrena aukeratzea da. Lehen urratsa hori da bidai laburrak oinez edota bizikletaz egin, hiri-inguruetan garraio publikoa erabili eta baita herriz kanpoko bidai ertain-luzeetan ere: garraio publikoa autoa baino 6 aldiz eraginkorragoa da. Beraz, oinez, bizikletaz edo garraio publikoan ibiltzea hobesten da eta autoa hartu beharra izanez gero ahalik eta garbien gidatzeko eskatu.
Autoa erabiltzen denean modu eraginkorrean gidatzeko zenbait teknika proposatzen dituzte: martxa luzeak erabili, abiadura uniformean eta biraketa gutxirekin eta zentzuz gidatu, hau da, beti adi izatea, erabaki onak hartu, gerta daitekeena aurre-ikusi eta egoerari aurre hartuz, arriskurik gabe, beti ere autoak daraman abiadura baliatzeko. Aholku konkretuak asko dira, egoera bakoitzean erabili beharreko teknikak ondorengo lerrootan azalduko ditugunak.

Teknika

Automobila ahalik eta modu ekologikoenean gidatzeko kontuan hartu behar dira auto-eskolan erakusten ez diren zenbait jokabide. Lehen martxa soilik abian jartzeko erabili eta segituan, lehenbailehen, aldatu bigarren martxara. Ondoren ere, beti ahalik eta martxarik luzeenak erabili, 2.etik 4.era edo 3.enetik 5.era zuzenean aldatuz aukerarik baldin badago. Abiadura moteltzean ez da abiadura-palanka ito-puntuan jarri behar, hobe da, azeleragailutik hanka altxa eta balazta-pedala erabiliz abiadura murriztuz joatea, ahalik eta beranduen aldatu edo murriztuz martxa. Adituek diotenez, azeleragailua sakatzen ez bada, martxa sartuta dagoela eta abiadura 20 km/o-tik gorakoa bada, automobilak ez du erregairik kontsumitzen, hau da, martxan azeleratu gabe kontsumoa zero da. Aldiz, askok besterik uste badu ere, erralentian kontsumoa handiagoa da.

Gutxi azeleratu

Azeleragailua asko erabiltzea ez da komeni, azeleratzean kontsumoa gora doa eta diesel autoetan 2.000 biraketatik ez pasatzeko gomendatzen dute, 1.500 eta 2.000 artean martxa aldatuz. Gasolina motorra dutenetan 2.000 eta 2.500 artean martxa aldatzea komeni da eta hortik ez pasatzea.
Bestalde, adituek garrantzi handia ematen diote gerta litekeen egoera aurreikusteko eta aurrea hartzeko moduan gidatzeari, hau da, komeni da batez ere bidegurutze eta biribilguneetan adi izatea eta abiadura gehiegi moteldu gabe beste bidean jartzea, ahal baldin bada behintzat. Ahalik eta gutxiena frenatzea komeni da, azken unera arte ez frenatu, bestela gero berriro energia beharko dugu abiadura handitzeko eta autoa mugitzeko.
Bestalde, semaforo edo auto-ilararen batean 60 segundotik gorako geldialdia izango dugula aurre-ikusten badugu motorra itzaltzeko gomendatzen dute.

Pneumatikoen presioa

Gutxiago erretzeko beste aholku batzuk ere ematen dituzte, pneumatikoen presioa tarteka begiratzeko, erabiltzen ez diren gauzak autotik kentzeko (pisua, auto-parrila), aire girotua neurriz erabiltzeko eta abiadura handian ez gidatzeko. Esaterako autoaren gaineko parrila kargatuta eramanez gero, ehuneko 35 gehiago kontsumitzen du autoak, aire girotua erabiltzean ehuneko 25 gehiago eta leihoak zabalik gidatzean erregai kontsumoa ehuneko 5a igotzen da.

Segurtasuna

Pisurik alperrik ez erabiltzeko (100 kilorekin ehuneko 5 igotzen da kontsumoa) eta pneumatikoen presioa zaintzeko (0,3 bareko presio gutxiago kontsumoa %3 gehiago) aholkatzen dute adituek. Gainera aholku hauei kasu eginez gero, dirua aurrezteaz gain, segurtasun handiagoz gidatuko dugu.
Gidatze eraginkorrari esker batetik erregai gutxiago kontsumituko da, beraz dirua aurreztuko dugu eta CO2, ke, gutxiago botako dugu airera. Beste abantaila batzuk ere baditu esaterako gidatzerakoan erosotasuna eta segurtasuna. Ez da zalantzarik abiadura handiagoan ibiliz gero, tentsioa ere handiagoa dela, istripua eta kalteak ere bai. Poliki zoazela askoz ere lasaiago eta umore hobean joaten da autoetan, kontu kontari, eta abiadura azkartu ahala oro har isiltasuna nagusitzen da. Segurtasuna beti egongo da beste guztiaren aurretik, hau da, garrantzitsuena istripuak baztertzea da.
Autoa erosteko orduan ere, norberaren premien araberako autoa erosteko aholkatzen dute, eta noski, kontsumo etiketari zein CO2 emisioei erreparatzeko. Izan ere, badaude ezaugarri edo prestazio berberak dituzten autoen artean, batzuk merkeagoak eta ekologikoagoak.

Hausnarketa

Gainera kontutan izan behar da batetik autoak aldatu direla, egun aukera ematen dute biraketa ia gabe ibiltzeko, eta martxak aldatzeko ez da azeleratu eta motorra indartsu jarri beharrik. Erraz eta ondo hartzen dute martxa motzagoa. Bestetik, jendartea eta agintariak jabetu dira autoen keak ere eragina duela klima aldaketan eta lurraren beroketan. Beraz, garraio pribatu eta autoen erabileraz hausnarketa eta mentalizazio zabala komenigarriak dira.
Aire egokituak ere erregaia kontsumitzen du eta neurriz erabiltzeko gomendatzen da. Dena den bero dagoenean, leihoak zabaltzea baino egokiagotzat jotzen da airea piztea, behin 40 km/o abiaduratik gora. Abiada horretatik gora leihoak zabalik erabiltzean asko kontsumitzen da leihoek oztopatzen dutenarengatik.

Pisua zaindu

Bestalde, pisu gehiagorekin ere gehiago kontsumitzen denez, gomendagarri da gasolioz autoa goraino ez betetzea eta tanga erdi beteta erabiltzea, baita bidaia luzeetan ere. Sarriago gelditu beharra ez da kaltegarri, erregaia hartzeko geldiuneak atseden txikia direlako. Bidaia luzeetan sarri geratzea ez da kaltegarri, hankei eta buruari atseden ematen zaielako.
Autoa konpartitzeko modua ere eskaintzendu Lasarte-Oriako Udalak. Autoa partekatzeari bultzada eman nahi dio eta Udaleko web orrialdearen bitartez laguntza eskaintzen du. Lanera, ikastera,... norabait autoz joan eta lekua dutenek www.lasarte-Oria.compartir.org web orrialdea erabili dezakete joan-etorri berbera egiten duten beste herritar batzuekin harremanetan jarri eta elkarrekin joateko. Ekimen honen helburu nagusia ere, autoa zentzunez erabili eta kutsadurari aurre egitea da. •