Igoera nabarmenenak
Tasa guztiek hurrengo urtean gora egingo duten arren, lasarteoriatarrek gehien nabarituko duten igoera zabor bilketarena izango da. Izan ere, ia %10ko igoera izango du. Hau da, aurten herritarrek 61,20 euro ordaindu dituzte zerbitzu honengatik eta 2009. urtean 67,30 eurotakoa izango da tasa.
Udalak eskaintzen dituen gainontzeko zerbitzuen tasei dagokienez, ur horniduren zerbitzuak ere igoera nabarmena izango du, %7,14. Musika udal eskolan dabiltzanak ere, 2009-2010 ikasturtean %7ko igoera somatuko dute matrikulazio garaian. Jangelako zerbitzua %5a igoko da 2009-2010 ikasturtean. Haur bakoitzak 93,70 euro ordaintzen ditu egun, eta datorren ikasturtean, berriz, 98,20 euro ordaindu beharko ditu hileko.
Datorren urteko haur eskolako egun osoko tarifa 291,90eurotakoa izango da, aurtengoarekin alderatuta %4,74ko igoera izango du.
Kiroletako igoera zerbitzu guztietan izango du eragina, bataz beste %5a igoko da kuota. Beraz, urtarriletik aurrera familiako urteko abonua 210 euro, 18 urtetik gorakoentzat urteko abonua 138 euro eta 18 urtetik beherakoen urteko banakako abonua 87 euro ordaindu beharko dira.
Loidi-Barren
Ohiz kanpoko bilkuran Loidi-Barreneko proiektua izan zuten eztabaidagai. Bertan, egitasmoa Murias enpresari esleitu diote. Egitasmoak Babes Ofizialeko 100 etxebizitza eta merkatal gune bat jasotzen ditu. Azken honek eztabaidak sortu zituen. Ana Prieto, LOHPko zinegotziak eta ezker abertzaleko kideek proiektu honek herriko merkatari txikiak baztertuko dituela salatu zuten. Alkateak, berriz, egitasmoaren alde agertu zen: “herriko merkatalgintza dinamizatzeko eragile garrantzitsua izan da”. Etxebizitzei dagokienez, ordea, denak ados agertu ziren•