Lau areto horietan, musika jartzaile ezberdina izango da zuzenean musika jartzen. Egitasmoaren "Lasarte-Oria dantzaleku" da, beraz helburua Lasarte doaneko dantzaleku bihurtzea, horrela herritarrek herrian geratzeko modua izan dezaten.
Jokin Telleria bultzatzaileak eman digu egitasmoaren berri. "Azaroak 1ean hasiko da bigarren denboraldia eta zenbait aldaketarekin dator. Hileko azken larunbatean egiten genuen, eta aurten lehenengo larunbatean egingo dugu. Hilabete hasieran poltsikoak beteago ditu edonork eta errazago aterako da kalera".
Irudi eta ideia berriak
Iaz egitasmoan izan ziren Jalgi, Siglo 20 eta Obelix tabernek segituko dute. Laugarrena berria izango da, baina oraindik antolatzaileek ez dute aurreratu eta beraz musika elektroniko zaleek azaroaren 1ean jakingo dute. Beste berrikuntza bat Ttakuntronik-en irudia izango da. Berria estrenatuko dute eta nikiak egingo dira irudi berri horrekin.
Blaki hasiko da, bestalde, Ttakuntronik-en lanean; 20 urte daramatza disko jartzaileen munduan eta Siglo 20n asko egoten den diseñatzailearen esperientzia zein idei berriek aberastuko dute Ttakuntronik.
Ttakuntronik-ek ez du sekula alde batera utzi berritzen joateko asmoa eta sponsor berrien bila ari dira bultzatzaileak. "Zenbat eta diru iturri gehiago izan, hobe, dj-ei ordaintzeko ere gehiago izango da, eta baita promozio zabalagoa egiteko ere", esan digu Jokin Telleriak.
Budweiser-ekin aritu ziren iaz, aurten Burn edari energetikoa gehituko da babesleen zerrendara, eta beste edari banatzaile batzuekin hitz egiten ari dira.
Filosofia berezia
Ttakuntronik-ek bere filosofiari eutsiko dio, Jokin Telleriak adierazi digunez: hau da, "batetik DJentzat eta Sound Sistementzat espazio berriak lortzea, bestetik dantzatzeko musika normalizatzea eta musika berri alternatibo hauek jendeari hurbiltzea eta, azkenik, euskara musika hauekin batzea".
Izena bera ere ttakuntronik dauka eta programazio guztia euskaraz garatzen da. Jokinen ustez "askotan dirudi musika egiteko modu hau ez doala euskararekin bat, baina promozio guztia euskaraz egiten da. Uste horrekin apurtzen du beraz”.