Bertan, herritarrek, Batzar Nagusiak nola funtzionatzen duen eta zertarako den ikusi ahal izango dute. Bideo eta joko bidez erakusten da Batzarren funtzionamendua eduki pedagogiko, ludiko eta multimediadunekin, adin desberdinetarako egokituak. Ondo hornitutako autobusa da, pantaila handi batekin bideoak ikusteko eta hamalau ordeganailu, bisita egiten dutenek parte hartu dezaten.
Aurkezpena
Autobus tematikoaren aurkezpena egiteko asteartean, Batzar Nagusietako lehendakaria den Rafaela Romero eta bere kideak etorri ziren Lasarte-Oriara. Autobusaren zeregina eta funtzionamendua erakutsi zieten herriko zinegotziei. Lehenengo udaletxean bildu ziren denak ezagutu eta ongi etorria egiteko eta bertan oparien elkar trukaketa egin zuten Lasarte-Oriako Udala eta Gipuzkoako Batzar Nagusien artean. Batzarretako bilera egin ondoren 12:00ak aldera joan ziren autobusa ezagutzera. Dena material birziklatuz egina dagoela esan zuen Romerok eta Batzar Nagusien garrantzia azaldu zuen ondoren autobuseko funtzionamendua ikusten hasi baino lehen "Gipuzkoako Batzar Nagusiak herriaren erakunde ordezkagarriena da Gipuzkoan eta bertan aurkitzen dugu herriaren nahiaren adierazpena". Lehendakariaren hitzaurrea bukatutakoan bideo dibulgatiboa ikusi zuten zinegotziek eta goiza ondo bukatzeko azken tartean galderaz eginiko jokoan aritu ziren. •