Lea Artibaira bidaia
Aitzinean esan bezala, azaroaren 16an txangoa du Oinatz taldeak. Goizeko 9:00etan taxi geltokitik atera eta Markinara 10:30ean iritsiko direla jakin arazi digute Oinatzeko kideek.
“Bertan ordu erdiko mendi irteera egingo dugu Sta. Eufemiako baseliza ikustera”, esan digute. Baina bertara iritsi baino lehen bidean dauden 222 harrizko maila igo beharko ditu taldeak.
Ostean Ziortzako kolegiataren txanda izango da. Ziortza, gaur egun, Euskadiko Monumentu ofizialtzat aitortuta dago. Oiz mendiaren iparraldeko hegalean kokatua dagoen eliza X. mendekoa dela esan ohi da eta Done Jakue bideko toki garrantzitsua gainera. Eliza berak, klaustroa, sarrerako bi ate eta zistertar komunitatearen eraikinak osatzen dute Ziortzako multzo erlijiosoa.
Eguraldi ona baldin bada Markinako parkean bazkalduko da eta kaxkarra baldin bada frontoian. Bertako euskara entzuteko aukera ere izango da, markinatar baten bisita izango baitute.
Bolibarreko Simon
Arratsaldean Aretxinagako Mikel Deunaren baseliza ikustera joango da taldea. Hau Markina-Xemeingo eraikinik bitxiena da. XVII. mendean eraiki zen baseliza da eta jatorri ezezaguneko hiru harritzar handik osatzen dute egituraren estalpea. Eta gainera, harri horiek ekilibrioan daude.
Eta irteerari bukaera emateko, Ziortza-Bolibarrera egingo du Oinatzek. Bertan Bolibarreko Simon, Amerikako askatzailearen arbasoen herria ezagutuko dute, baita honen biografia ere.
Aurreko txangoak harrera ona izan zuen eta hogei bat pertsona ibili ziren Araotzeko auzoan, Arrikrutz kobazuloan eta Oñatin. Eguraldi paregabea izan zuten eta txoko ikusgarriak ezagutu zituzten.
Oinatz taldeak lasarteoriarrak irteeretan parte hartzera animatu nahi ditu. Ekimen honi esker, Euskal Herriko txoko ezkutu eta interesgarrietatik barrena ibili ahalko baita taldearekin batera giro euskaldun batean.
Hurrengo irteerak
Eta azkenik, Oinatzeko kideek jakin arazi digutenez, dagoeneko erabakiak dituzte hurrengo hilabeteetako irteerak.
Otsailaren 8an Aranora egingo du taldeak estazio megalitikoa ezagutzera. Babarrun jana egongo da ostean.
Martxoaren 29an Bertizeko parkea eta Etxalar izango dira bisita guneak. Usategietako teknika eta Bertizeko flora ezagutzera doa taldea.
Maiatzaren 30 eta 31eko asteburuan Arabara egingo du Oinatzek Valderejoko parkea bisitatzera eta gatzagak, Nerbioi ibaiaren iturburua, etab. ikustera.•