Nola ikusi duzu palestinarren egoera?
Oso momentu larrian bizi dira. 1948an estatu israeldarra eratu zenetik, jada, hirurogei urte, lurralde handi bat edukitzetik %11 izatera pasa dira. Eta %11 hori ere israeldarrek dute okupatua, ateratzeko, sartzeko, israeldarren baimena behar da. Beraien lurretan ere, ez dute askatasunik. Okupazio horren aurka borroka egiten duten palestinarrei gure elkartasuna adieraztea eta bizi duten egoera gertutik ezagutzera joan gara. Bertako talde politiko eta sozialekin hitz egin dugu beraien iritzia ezagutzeko.
Bertatik ikusita zein izan da jaso duzun inpresioa?
Oso bizitza gogorra, latza dute. Presiopean bizi dira: edozein gauza egiteko israeldarren baimena behar dute: familia bisitatzeko, lanera joateko, etxeak eraikitzeko... Israeldarrek ahal dituzten oztopo gehienak jartzen dituzte. Neurri politikoak, ekonomikoak, legalak, militarrak... hartzen ari dira palestinarrek euren lurraldetik alde egin dezaten. Palestinarrek 60 urte hauetan pixkanaka lurraldea galtzen joan dira. Horregatik diot, palestinarrak presiopean bizi direla eta horrela bizitzea oso zaila da.
Zein ikuspuntu dute bertako talde politiko eta sozialetako ordezkariek?
Palestinako talde politiko garrantzitsu guztiekin egon gara, Hamas, Frente Popularrarekin... Lurralde propioa duen palestinar Estatua aldarrikatzen dute. Talde hauen aldarrikapen historikoa da. Arazoa da, azkeneko 60 urteetan israeldarrek gero eta lurralde gehiago okupatu dutela. Soluzio bakarra, hau iritzi pertsonala da, Estatu demokratiko laiko bat sortzea da eta denek eskubide berdinak izatea. Honek esan nahi du Israeleko estatua desegin egin behar dela eta berri bat eratu, Jordan ibaitik mediterraneoraino eta bertan denak batera bizi daitezen: palestinarrak, israeldarrak, musulmanak, katolikoak edo judutarrak, gizonak eta emakumeak, denek eskubide berdinekin. Baina, momentu honetan edozein soluzio zaila da.
Zein da arazo honen jatorria?
1947an Nazio Batuek judutarrei aukera bat ematea erabaki zuen eta 1948an Israel estatua sortu zen. 60 urte pasa dira eta garai honi palestinarrek Al-nakba deitzen diote, ezbeharra gertatu zenetik. Gero eta okerrago daude, gero eta lur gutxiago dute.
Arazoa politikoa da. Mendeetan lurralde horretan erlijio desberdinetako hiritarrak elkarrekin bizi izan dira. Arazoa da, Israelek judutarrentzat bakarrik izango den estatu bat nahi dutela, beraientzat bakarrik eta palestinarrak kanporatu. Lur guztia beraientzat nahi dute, jainko batek hala agindu zielako. Palestinar askok euren etxeak utzi behar izan dituzte israeldarren okupazioarengatik eta euren lurraldean bertan errefuxiatuak dira, milaka dira, beste batzuk Sirian, besteak Libanon, besteak, Jordanian daude. Nazio Batuen erakundeen eremuetan bizi dira. Zisjordanian egon ginen eta han 26.000 pertsona kilometro karratu batean bizi dira. Kaleak estuak dira, denak pilatuta bizi dira, haurrek ez dute parkerik edo lekurik jolasteko...
Harresia oraindik eraikitzen jarraitzen al dute?
700 kilometrotako harresia egiten ari dira, eta harresiaren eraikuntzarekin jarraitzeko asmoa dute. Benetan, bertara joan eta ikusi arte ezin da sinestu. Izugarria da. Altueran zortzi metro dituen harresiak herriak, auzoak, familiak... banatzen ditu. Harresietan ateak daude. Ate hauek militar israeldarrek kontrolatzen dituzte eta beraiek erabakitzen dute, noiz eta zeinek gurutzatzen duen atea. Beraiek diote, harresia eta ateetako kontrolak atentatu terroristak saihesteko direla. Baina, benetako helburua beste bat da, palestinarren bizitzak oztopatu, normaltasuna puskatu eta euren arteko banaketa fisikoa eragin nahi dute.
Kontrol guneak ere edonon omen daude.
Check point-ak beste kontrol neurri bat da. Edozein lekutan daude. Imaginatu, Lasartetik Tolosara joateko egin beharko genukeena: Lasartetik Andoainera autoz joan, han kotxea utzi, kontrol gunea oinez pasa, beti ere militarren baimenarekin, gero autobusa edo beste kotxe batean Villabonara joan, han beste kontrol gune bat pasa, hor ere pasaportea, paperak erakutsi behar dira, harresiaren beste aldera pasa eta beste garraio bat hartu Tolosara iristeko. Hiru ordu inguru behar dituzte 30 bat kilometro egiteko. Kanpotik goazenak pasa gaitezke, baina palestinar askok kontrol gune hauetan geratzen dira beste aldera pasa ezinik. Egunerokotasuna guztiz puskatuta dute. Hau ikaragarria da.
Nolakoa da militarren jarrera?
Leku guztietan daude, nagusikeriaz, larderiaz aritzen dira. Guztiz armatuak daude, kaleko arroparekin daudenak ere armak eramaten dituzte, edozein momentuetan paperak eskatzen dizkizute, goitik behera miatu...
Palestinarrak Jerusalemen sartu al daitezke?
Palestinarrek debekatuta dute Jerusalenera pasatzea. Belengo palestinar batek esaten zigun, bere semeak ez duela Jerularem ezagutzen, eta bertan dago, 15km besterik ez daude hiri batetik bestera. Jerusalem hiri zoragarria, polita da, baina militarrez josita. Kultura eta erlijioaren ikuspegitik oso aberatsa eta munduko hiri garrantzitsuenetarikoa, kristauentzat, musulmanentzat eta judutarrentzat.
Nola bizi dute okupazioa?
Garbi dute ez dituztela beraien lurrak eta etxeak utziko. Erresistentzia dute bide bakarra. Beraientzat egunero bizitzea, erresistentzia da, eskolara joatea erresistentzia da, haurrek kalean jolastea erresistentzia da, ez alde egitea erresistentzia da. Ondorioz eguneroko bizitza latza da.
Edozer egiteko beraien baimena behar da. Gainera, israeldarrek herritar hauek gehiago presionatzeko legeak egin dituzte, adibidez: lur zati bat bi hilabeteetan ez bada erabiltzen, zuzenean Israeleko estatuak bereganatzen du. Baina, lur eremu horietara joateko beraien baimena behar da, check point-ak pasa, harresia pasa...
Nolakoa da Gazako egoera gaur egun?
Cisjordanian, Belen okupatuan eta Gazan egon gara. Gazak 10 edo 12 kilometro zabaleran eta 30 kilometro luzeran ditu eta bertan miloi eta erdi pertsona bizi dira. Kartzela handi bat da. Ezin dira lurralde horretatik atera eta inor gutxi sartu daiteke. Egoera honetan 16 hilabete daramate: ez dute lantzeko lurrik, komertzio gehienak itxita daude, herritar gehienak langabezian daude, horrela ezinezkoa da garapen ekonomikorik izatea eta gainera, %80a errefuxiatuak dira eta bertan daude. Herri honen aurka egiten ari direna giza eskubide guztien aurka doa. Gazan dagoen Nazio Batuen ordezkariak esaten zigun, beraiek ez direla gai Gazan bizi diren guztiei laguntzeko.
Baina, Nazio Batuek nola onartu dezakete israeldarrek palestinarrekin egiten ari direna?
Sinestezina da, baina sionista israeldarrek botere handia dute eta ez dago gobernurik horri aurre egiteko prest. Israeldarren estatua sortu zenean, palestinarren lurraldeetan %5a judutarra zen. II mundu gerraren ondoren sionistek presioa handia egin zuten eta ONUk lurraldearen %55a eman zien. 1948tik egunetik egunera, israeldarrek gero eta lur gehiago okupatu dituzte. Ondorioz, %11 besterik ez zaie gelditzen palestinarrei, Cisjordania eta Gaza. Lurralde hauei autoridad palestina deitzen zai, baina palestinarrek botere gutxi dute bertan, izan ere, ateratzeko edo sartzeko, israeldarren baimena behar dute.
Zenbat preso palestinar daude?
Egun, 11.000 preso palestinar daude israeldarren kartzeletan. Baina, bihar 11.050, etzi 10.950 eta bi egun barru 12.000 izan daitezke. 1967tik 700.000 palestinar pasa dira israeldarren kartzeletatik. Honek esan nahi du palestinarren %25a israeldarren kartzeletan izan direla, hau da, ez dago ia familia palestinarrik, ezta arlo sozialik egoera hau ezagutzen ez duenik. Israelek bitarteko guztiak erabiltzen ditu lurraldea husteko eta gizarte egitura puskatzeko. Gainera, kartzelak negozioa dira israeldarrentzat, presoek bertan dauden bitartean beraien mantenua ordaindu behar dutelako. Israelek kartzelak erabiltzen ditu palestinarrek itxaropena galdu dezaten. Atxiloketa masiboa Israelek Palestinako herriaren aurka erabiltzen duen beste neurri errepresibo bat da, lurren konfiskazioa edo harresia bezalakoa. Politika honen helburua herriak bere lurra utzi dezan eta herriaren erbesteratzea eragitea da. Horretan datza politika israeldarra.
Palestinar herriari nola lagundu diezaiokegu?
Palestinarren egoerari buruz informatu, jakin zer jasaten ari diren eta informazio hori zabaldu. Hayako Auzitegi internazionalak Palestinan eraikitzen hari diren harresia legez kanpokoa zela esan zuen, hala eta guztiz ere eraikitzen jarraitzen dute. Nazio Batuen arabera, debekatuta dago koloniak egitea eta Israelek egunero kolonia txikiak egiten ditu. Israeldarrek ez dute inongo legerik betetzen eta gure esku dago, gure politikariei presio egitea, zerbait egin dezaten guzti honekin amaitzeko. Laguntzeko beste modu bat boikota egitea da: kirol edo musika talde bat etortzen bada jakin arazi behar diegu israeldarrak ez direla ongi etorriak inon;. bestetik mundu mailan israeldar produktuei boikota egitea planteatuta dago, 729 zenbakiarekin hasten diren barra kodeak israeldarrek egindako produktuak dira. Dudarik gabe produktu hauek ez erosi.•