“Hasieratik egurra eman behar nuela banekien”

Txintxarri Aldizkaria 2008ko urriaren 31

Lehenengo kilometroetan lasterketa buruan jarri zen David Martin lasarteoriarra eta bukaera arte mantendu zuen bere postua. Bigarren urtea da Lasarte-Oria Bai! krosa irabazten duena, jarraian gainera. Horregatik, bere iritzia jakin nahi izan dugu lasterketa bukatzerakoan.

Nola ikusi duzu Lasarte-Oria Bai! Krosa?
Ondo ikusi dut. Lasterketa ezaguna dut noski. Krosean parte hartzera zein etorri den ikusi eta banekien hasieratik egurra eman behar nuela.

Denbora partzialetan errekorra gainditzeko zinela zirudien...
Errekorra haustea zaila da. Hemen korrikalari onak ibili dira Kamel Ziani, Richard Fernandez, Rafa Maritxalar eta horien mailara iristea ezinezkoa da niretzat.

Birritan irabazi duzu Lasarte-Oria Bai! Krosa hurrengo urtean hirugarrenaren bila?
Hori ezin da jakin. Entrenatzen hasi eta hurrengo urtean nola nagoen ikusi beharko da.

Azaroaren 9an lehiatuko den Behobia-Donostia nola ikusten duzu?
Ongi. Azkeneko astetan puntu pixka bat hartu det, udaran okerrago nengoen.
Ea iaz bezala ateratzen zaidan. Helburua iazko marka mantentzea da baino nahiko lan izango dut, iaz marka ona egin bainuen. Hori gainditzea zaila izango da. Orduan, lasterketan dena ongi atera zen. Aurten berriro ere karrera ongi ateratzen bada kontent egoteko modukoa izango da. •