Hitza hartzen dizugu, Urchuegia andrea

Txintxarri 2008ko urriaren 31

Lehenik eta behin gure aldetik ere eskerrak eman lasarteoriar guztioi, zortzikoteari, Ttakun Kultur Elkarteari eta udaleko Euskara Sailari egin duzuen-dugun lan eskergagatik.
Euskara euskaldun guztion ondarea da,eta bere etorkizuna bere komunitatea osatzen dugun pertsona eta instituzio guztion eguneroko lanaren araberakoa izango da.
Benetan horrela pentsatzen duzu Urchueguia andrea? Zuk idatzi dituzu lerro hauek? Ez dizugu sinesten.Ez gu hirurok bakarrik, lasarteoriar gehiengoak ere ez. Herri honetako alkate daramatzazun urte guzti hauetan ez zara oraindik ez batzar edo plenotan, ez eta barne komisioetan ere egun on edo arratsalde on bat bera ere diosala bezala erabiltzeko gai izan. Zenbat aldiz ekitaldi baten hasieran euskaraz irakurri duzu testu bat. Euskararekiko zure eta zure zinegotzi taldearen eta kolaboratzaile batzuen jarrera ezkorra da, hotza, tristea. Euskara planak onartzen dira, ez dira garatzen,traba besterik ez. Lanean serio asteko garaia da. Argazkia atera eta itxura jatorra zabaltzearekin ez dugu ezer egiten; euskara ikasi eta erabili egin behar da.
Euskal abesti baten letrak honela dio( maratoian osatu zuten esaldia talde desberdinek Teresategira igoerak eginaz) Maita nazazu gutxio eta goza nazazu gehiago.
Udaletik esfortzu handia egiten ari gara gure udalerriaren esparru guztietan euskararen erabilera eta garapena posible egiteko, baina bakoitzaren konpromisorik gabe arrakasta gutxituko litzateke. Hitz potoloak zuk adierazteko, edo norbaitek zure izenean idazteko.
Euskarak bitarteko ekonomiko eta materialak behar ditu, egia, baina ez hori bakarrik.Sinesgarritasuna,konplizitatea, gestoak...ere behar ditu. Ze konpromezu hartzeko prest zaude?
Guk erronka txiki bat botako dizugu.
1. Kirolak,Gazteria,Kultura eta Euskara sailek lan hizkuntza euskara izango dute.(batzordeetako arduradunak eta teknikariek euskaraz badakite)
2. Udalak 18 urtetik beherako antolatzen dituen ekintzak euskara hutsezkoak izango dira.
3. Langileei ezartzen zaien lan perfilak beteko dira.
4. 2001an onartutako ordenantzak betetzea.
Proposamen hauek 2007ko abenduan egin genituen.
Aste honetan idatzi dizuten artikulu honek, lau urte barru sinesgarritasuna izan dezan, 2012ko larunbat batean goizeko zortziretan Okendo plazako oholtza gainean euskara euskaldun guztion ondarea dela aldarrikatzeko prest egongo gara.

Txanpi Baztarrika, Ixiar Iartza eta Joxe Goikoetxea