Babes Ofizialeko 100 etxebizitzen proiektua dagoeneko prest

Txintxarri Aldizkaria 2008ko azaroaren 3a

Astelehenean, urriaren 27an, Loidi-Barreneko Babes Ofizialeko etxebizitza eta garajeen aurkezpena egin zen udaletxean, Ana Urchueguiak proiektuaren nondik norakoak azaldu zituen.

Abendua eta urtarrila artean hasiko dira Lasarte-Orian babestutako etxebizitzen lehen parke munizipala eraikitzen. Etxebizitzen ondoan eraikin komertzial bat egingo da eta bertan autoentzako garajeak. Oraindik ez dago etxebizitza horien zozketan parte hartzeko izena ematerik, lehenengo errolda bat egingo da etxebizitzak eskuratu nahi dituztenen profilak eta jende kopurua ezagutzeko. Ondoren, etxebizitza eskuratzeko bete beharreko baldintzak finkatuko dira eta izen emateko epe bat irekiko da. Orduan, bulego berri bat irekiko dute ordutegi bereziarekin. Arratsaldean egongo da irekita lan egiten dutenentzat erosoagoa izan dadin.
Guzti honen berri aurrerago emango du Udalak oraindik finkatzeke dagoelako. Bestetik, Ana Urchueguiak azpimarratu zuen ez dela etxebizitzen jabetza emango, 75 urterako utziko direla baizik, (administrazio-ematea izango da).
Alkateak garbi utzi zuen etxebizitzen beharra dutenak zeintzuk diren jakin nahi duela lehenengo, horrela, behar gehien dutenek eskuratu dezaten. Alkateak, behin baino gehiagotan errepikatu zuen: "bikotea edukiz gero hobe da binaka apuntatzea, banaka apuntatuz gero logela bateko etxebizitza tokatu daitekeelako".

Proiektua

Etxebizitza mota ezberdinak daude profil desberdinetarako, bakoitzaren egoeraren arabera etxebizitza bat edo beste emango zaio.
Eraikuntza lanak Murias enpresak egingo ditu eta etxebizitza desberdinak egongo dira, lau logelatako 9 etxebizitza, hiru logelatako 30, bi logelatako 48 eta logela bateko 13. Eraikinak ertz modernoa izango du, alde batetik lau solairu altu eta atikoa etxebizitza erabilpenarekin eta bestetik, bi solairu gehiago sotoan: behekoan 65 aparkaleku horietatik 35 trastelekuarekin eta bigarrenean 67 aparkaleku horietatik beste 35 trastelekuarekin.

Merkatal gunea

Elizaren atzean egingo den bigarren eraikinak lau solairu edukiko ditu. Merkataritza gune bat jarriko da bertan, horri lotutako errotazioko aparkalekuak eta bestalde salmentarako garajeak. Irudian ikus daitekeenez beheko solairua merkataritzarako izango da eta goiko gainontzeko hiru solairuetan garajeak egongo dira.
Kalbario bidea berriro zentzu bikoitzekoa izango da eta bertan egongo da garajeetarako sarrera. Han kokatuko diren lokalen %20a herriko merkatarientzat gordeko direla azaldu zuen Ana Urchueguiak. Eraikinaren gainean plaza publiko bat egongo da, etxebizitzen beheko solairuaren parean geratuko dena. Bertan, jolasteko eta egoteko gunea sortuko da, alderdi berdeekin, haurrentzako jolaslekuarekin eta kiroletarako tokiarekin. Alkateak azaldu zuen Kalbarioko bizilagunekin bildu dela dagoeneko bertako eraberritze lanen berri emateko.
Beste alde batetik, alkateak esan zuenez, Uzturre plaza inguruan dauden elkarte eta dendak Adarra plazan altxatzen ari diren eraikinean kokatuko dira gero. Bertara igogailu eta eskailera batzuen bidez igo ahal izango da elizaren atzeko aldetik horrela erdiko aldetik Sasoetarako igoera errazteko.