Ostiralean irekiko da Gazte Kluba

Txintxarri Aldizkaria 2008ko azaroaren 3a

Datorren ostiralean azaroaren 7an jarriko da martxan Gazte Kluba. Aurreko urteetan bezala, 9 eta 12 urte arteko haurrentzat dago zabalik. Nahi dutenak ostiral arratsaldero elkartuko dira Amaraun ludotekan hainbat joko, jolas, eta festa egiteko. Doan da eta zabalik dago izena emateko epea. Lehen Hezkuntzako hirugarren mailatik seigarren mailara bitarteko haurrek eman dezakete izena ekimenean. Ostiralero arratsaldeko 17:30etik 19:30era bitartean, tailer, ikastaro, karaoke, jolas eta abarretan arituko dira. Aurten ere, iaz bezala film labur bat grabatuko dute eta Lasartetik kanpo irteeraren bat ere egingo dute.

Udazkena iristearekin batera, berriro Gazte Klubean elkartzeko eta lagun berriak egiteko aukera dute Lasarte Oriako 9-12 urteko arteko haurrek. Hurrengo ostiralean, azaroaren 7an hasi eta ikasturtean zehar izango da zabalik Amaraun ludotekan iaz bezala ostiral arratsaldetan.
Ainhoa, Adriana, Sara eta Haizeak kontatu digute iaz nola ibili ziren. 9 edo 10 urteko neskatto hauek oso oroitzapen onak dituzte iazko Gazte Klubaz: arratsalde politak pasa zituzten eta lagun berri batzuk egin. Lehenengo biek, Ainhoak eta Adrianak ez dute zalantzarik, aurten ere Gazte Klubean izena emango dute. Beste biak, Sara eta Haizea, saskibaloian aritzen dira eta aurten entrenamendua ostiralean dutenez ez dakite seguru izena ematerik izango duten, baina gustura joango lirateke. Izan ere, oso ondo ibili ziren iaz Gazte Txokoetan eta aurten ere gogoz dira beraietan parte hartzeko.

Film laburra

Iaz burututako ekintza berezien artean gogokoena film laburraren grabaketa izan zen. Lau gaztetxoek oroitzapen ona dute egin zuten 18 minutuko beldurrezko filmeaz. Gero Jalgin estreinatu eta guraso zein lagunek euren lana ikusi ahal izan zuten.
Aurten berriro egiteko aukera izango dute Gazte Klubeko ihardueratako bat izango baita. Iaz nola egin zuten kontatu digu Haizeak: "Lehenengo prestatu egin genuen, guztion artean pertsonaiak banatu eta gero kalean grabatu genuen. Bakoitzak zati bat".
Aktoresak izango al diren galdetuta, baietz diote, lehen pausua eman zuten iaz eta aurten berriro jarriko dira kamararen aurrean.
Jolasen artean dudarik gabe Altxorraren bila aukeratu dute lauek. Iaz oso ondo pasatu zuten joko honetan. Jolastu egiten dute batez ere, bi orduko tartean, baina bada toki eta denborarik beste ekitaldi batzuentzat. Esaterako karaokea ere gustuko dute.
Gabonetan egin zen festa ere gogoan dute. Meriendatxoa egin zuten Ludotekan bertan. Beste batzuetan irteerak ere egiten dituzte. Esaterako iaz izotzetan patinatzen ikastera joan ziren denak elkarrekin edo bizikletak hartu eta inguruak ezagutzera.
Besteak beste, festak, tailerrak, ikastaroak eta irteerak aurten ere denetarik prestatu dute ludotekako arduradun eta begiraleek. Azken finean, 9 eta 12 urte arteko herritar hauentzat, Gazte Klubaren gauzarik politena, bertan sortzen diren harremanak dira. Lagun berriak egiten dituzte, herriko beste ikastetxetan ari direnak. Hori ere gustuko dute. Gero, Gazte klubetik kanpo ere harreman horiei eusten die, lagunak dira jada ikastetxe ezberdinetakoak diren arren.

Epea zabalik

Esan bezala, 9-12 urteko gaztetxoentzat irekita da Gazte Kluba, LH3 eta LH6 maila artekoentzat. Ostiralero arratsaldeko 17:30etik 19:30era egongo da zabalik Amaraun ludotekan.
Izena emateko ez da ezer ordaintzen. Soilik, parte hartu nahi duenaren argazi bat eta Osakidetzako txartelaren fotokopia eraman behar dituzte Amaraun ludotekara eta han izena emateko orria bete. Jakina da, Amaraun ludoteka Ola kaleko lehen zenbakian dagoela. Beheko solaioruan (943371448). •