San Markos-eko zabortegia duela gutxi itxi dela eta Ricardo Ortegarekin egon gara. Lasarteoriarrak oso gertutik ezagutzen du zaborren bilketa eta tratamenduaren arazoa.
Jakina da zaborrak erretzearen aurka eta beste irtenbide batzuen aldekoa dela. Honetaz eta ingurumenarekin lotutako beste hainbat arloetaz mintzatu gara berarekin.
San Markosen jada zaborrik ez pilatzea "denontzako oso notizia ona izan da" Ricardo Orteagaren iritziz. "Horrek zer pentsatu eman digu denoi, honelako azpiegiturarik eta honelako zabortegirik etorkizunean eduki behar ez izateko. Jakina, holako azpiegiturak izan dira horrelako kudeaketa aurrera eraman delako, hau da, orain arte dena nahastuta biltzen zen, zabortegira bota eta kitto. Azkenengo urtetan pausu handiak eman dira birziklapen mailan. Momentua da arazoari adarretatik heldu eta benetako irtenbide bat emateko. Gure ustez, bilketa sisteman dago gakoa eta horri heldu behar diogu".
Iaztik aurreikusita zegoen itxiera eta jada gehiena beste zabortegietara eramaten zen. Orain jada ez da ezer botatzen San Markosen eta gerora burutuko da berreskuraketa plangintza. Ortega berak aitortu digu hori “urte askotako lana” izango dela.
Adostuta zegoen aldi batean segituko zuela zabortegiak: alderdi batzuen planetan sartzen den erraustegia edota aurka daudenen alternatibak jarri bitartean zabortegiaren bizitza luzatuko zutela erabaki zuten, baina uste baino lehen itxi dute. Dena den, Ricardo Ortegaren iritziz, “arazoa ez dago konponduta: zaborra, lehen San Markosen isurtzen zena orain beste zabortegi batzuetara eramaten da. Horrekin ez dugu ezer konpontzen, beraz sortzen dugun zabor kopurua murriztu behar dugu, zabor horietan dauden gauza birziklagarriak errekuperatu eta behar den tratamendua eman. Horretarako bilketa da gakoa”.
Zein iritzi duzu errausketari buruz eta zein da zure ustez zaborrak biltzeko tratamendu onena?
Errausketaren aurkako nire iritzia ezaguna da: bai osasun arrazoiengatik, bai ingurumen arrazoiengatik eta bai arrazoi ekonomikoengatik. Azken hau agian ez da horren erraz ikusten, baina, botatzen diren material asko, beraz erretzen diren material asko, birziklatu daitezke eta berriro produzitu egin behar badira horrek dakarren energia gastua askoz handiagoa da nabarmen.
Gainera errausketa planta bat jarriz gero, seguru asko instituzioak eta oro har hiritarrak birziklatze saiatze lan horretan, lasaitu edo arazoarekin ahaztu egingo dira: Zaborra sortzen den neurrian desagertarazten baldin bada, emango du han arazorik ez dagoela. Eta hori ere ez da.
Alternatiba zein den? Zaborraz ari garela, beti, hiru erre famatuak dira oinarria, reducir, reutilizar y reciclar. Gaur egun kaleetan jartzen diren eduki-ontzietan jasotzen diren materialak, gutxi gorabehera, ehuneko 20an dabiltza eta atez ateko bilketa jarri den tokietan jasotako datuen arabera, lortzen diren birziklapen tasak ehuneko 80ra iristen dira. Beraz hortik joan behar dugu.
Zaborra deitzen dugun material asko ez da zaborra, baizik eta birziklatzeko moduko errekurtsoak dira. Momentu honetan zabortegietako lanarengatik ordaintzen diren tasak edota erraustegi batera eramateagatik ordainduko diren tasak aurreztuko genituzke eta bestalde, birziklapenaren bidetik sortzen ditugun materialetatik, jaso ditzakegun irabaziak ditugu. Horregatik esaten nuen ekonomikoki ere merezi duen alternatibak direla.
Usurbilen jada jartzear da atez ateko zabor bilketa. Bertako alkateak dio ikusiko dela ez dela erraustegiaren beharrik...
Ni ere iritzi berekoa naiz. Gure hitza da baina beste toki batzuetan ikusi dugulako esaten dugu. Gu ez gabiltza ezer asmatzen. Beste toki batzuetan ongi funtzionatu duen sistema da, eta horregatik hona ekarri nahi dugu. Baina, ulertzen dut jende asko eszeptiko xamarra izatea.
Lasarte-Oriaren kasuan, jada martxoan onartu zen Udalean babes handiarekin. Alderdi gehienak atez atekoa jartzearen alde...
Gehienak ez, guztiak, PP izan ezik eta ez zelako pleno hartara joan. Denak batera bozkatu genuen egitasmoaren alde.
Zein asmo duzue edo zertan gauzatuko da batasun hori?
Udal batzar hartan erabaki zena, laburbilduz, zera izan zen: alde batetik, herritarren artean zaborraren inguruko inkesta zabal bat egitea, zer nolako ezaguera, jarrera,... duten eta herritarren ikuspegitik gaia nola ikusten den jakiteko, eta bestalde, horren araberako esperientzia pilotu bat martxan jarriko zela. Inkesta martxan jartzeko lanean ari gara, aurten hasteko asmoa dugu, datorren urtean esperientzia pilotuarekin osatzeko.
Erabaki gabe dago zein inguru edo auzotan egingo den proba hori, baina pentsatzen dugu toki esanguratsu batean izan behar dela, gutxi gorabehera herriaren adierazgarri den inguruan. Gero hurrengo pausua eman eta egitasmoa herri guztira zabaltzean aurreko esperientzia baliagarria izan dadin. Bi mila lagun ingururen jokabidea aztertu nahi da.
Beraz, Usurbil eta Lasarte-Oria aitzindariak izango dira arlo honetan?
Interesa, gogoa edo asmoa erakutsi duten beste udalerri batzuk egon badaude. Baina, noski, hemengo esperientzia erabakiorra izango da. Hemen gauzatzen baldin bada gero zabaltzea, askoz errazagoa izango da. Usurbilgo esperientzia baliagarria da, baina herri txikia da, beraz Lasarte-Orian horrelako esperientzia martxan jartzea askoz interesgarriagoa izan daiteke inguruko beste udalerri batzuei begira.
Aipatu duzu ehuneko 80 errekuperatu nahi dela. Zein da atez ateko bilketaren helburua?
Nik uste dut guztiok Kataluniako esperientzia daukagula buruan. Badute elkarte bat, eta bertan hainbat udalerritako alkateek esan dutenez, martxan jarri zuten egunean, jada lortu zuten ehuneko 20ko errekuperazio tasa horietatik ehuneko 70-80ko tasatara pasatzea.
Arazoa zein den jakina da: Batetik eduki-ontziak kaletik kentzen diren momentutik iman efektua desagertu egiten dela, hau da, egun edozein zabor eduki-ontziaren ondoan utzi eta nahiko diskreto geratzen da, baina kentzen direnean, nahiko nabarmen geratuko da zure etxe aurrean zabor desegoki hori.
Bestalde, hiritarrei aldez aurretik ondo esplikatzen baldin bazaie zer dagoen jokoan, lehenago aipatu ditugun maila horietan, osasuna, ingurumena eta ekonomia arloetan, nik uste gauza propio bezala hartuko dutela eta konturatuko direla bereizketa hori etxeetan egiteak eta material ezberdinak zaborretan behar den bezala jartzeak zein onura dauzkan.
Beti badira batzuk inopian daudenak baina oro har ikusten da herritarrek zein portaera duten. Gero eta gutxiago izango dira honetaz ardura edo kezka erakusten ez dutenak.
Ba al duzu sortzen dugun hondakin kopuruari buruzko daturik? gora al doa? Ala egiten diren kanpainen eraginari esker beherantza?
Dauzkagun datuen arabera, alde batetik etxeetako zaborra daukagu eta bestalde denda, industria, taberna,.. eta abarretakoak. Ikusi dugu azken urte hauetan birziklapenerako eduki-ontzietan igoera bat egon dela, gero eta gehiago jasotzen da. Jarri eta lehen urteetan igoerak ikusgarriak izan ziren. Behin maila batera iritsi eta gero, igoerari eutsi zaio, baina ez da hain nabarmena izan. Daukagun sistemarekin jarraituz gero, hor ez dago gauza handirik egiterik.
Bestalde, ez da bakarrik etxeetan sortzen den zaborra, bada industriak sortua ere, eta hor krisiak, bilakaera ekonomikoak ere eragina dauka: krisi ekonomikoa berez txarra izan arren arlo honi begiratuz positiboa izan daiteke, sortzen diren zaborrak gutxiago direlako.
Iazko irailetik zaude San Markosen buru, ze ikasi duzu ordutik? Pertsonalki baliagarria izan al da?
Han ikusten da politikoki sentsibilitate ezberdineko jendea dagoela, herri desberdinak, tamaina eta hiri-tipologia aldetik, eta horren arabera normala da desadostasunak egotea proposatzen dugun bilketa sistema honekiko. Printzipioz herri txikiek onartzeko askoz errazagoa izango dela dirudi,... baina hala ere ikusi dugu alderdiek hartu duen jarrera ofizialaren gainetik badagoela sentsibilizazio maila on bat.
Esate baterako, Astigarragan PNVkoek jarrera zabala daukate, eta beste toki batzuetan partidu berdinekoak izanda beste jarrera bat. Hemen partiduen dinamikaren gainetik ematen duena baino aukera gehiago daude. Hainbeste herri mota eta partiduen oreka bilatzea konplikatua da.
Gaiaz aldatuz, mugikortasun astea zer moduz joan zen?
Oso positiboa da balorazioa. Aurtengo protagonista hiribusa izan da, milaka bidaia egin dira, erakutsi du badagoela herritarren behar edo interes bat horrekiko: Auzo batzuetako bizilagunek benetan eskertu egiten dute hori eta era berean eskatu egiten dute etorkizunean zerbitzua jartzeko.
Nik uste egin den ibilbide hori, agian aste betean eta doan mantendu daitekeela. Gero aldatuko da erabiltzaile kopurua, hori txartelaren prezioarekin oso lotuta egongo da eta. Diputazioarekin negoziatu beharko da, badirudi diru laguntzak izango direla, baina dena ikusteko dago.
Batetik hiribus baten zerbitzua dago eta bestalde, inguruko udalerri ezberdinekin loturak, eta hor ere iritzi ezberdinak daude. Udal batek agian Urnieta-Hernani-Lasarte-Usurbil ibilbidea jarri behar dela esango du, beste batek Astigarraga lotu behar dela Lasarterekin edo ospitaletara zerbitzua jarri,... Iritzi ezberdinak kontutan izanik eta Diputazioaren jarrera baikorra dela ikusita, seguru aski hurrengo urtean zerbait jartzeko aukera egongo dela uste dut, nahiz eta egoera ekonomikoak ekarriko dituen murrizketen beldur naizen.
Udalak bi erabaki interesgarri hartu ditu, gutxiago kutsatzen duten autoen zerga txikitzea eta hutsik dauden etxeena handitzea. Zer deritzozu?
Autoen gaian gehiegi ez dago egiterik. Aurten jarri dira indarrean zirkulazio zergarekin batera neurri batzuk, eta Lasarten pentsatu dugu sustatu behar direla. Jendeak auto berri bat erosterakoan pentsa dezala ekologikoak ekonomikoki onura izango duela, nahiz eta zerga autoak duen kostu osoaren parte txiki bat izan eta bere eragina mugatua. Norabide horretan laguntzeak merezi duela uste dugu.
Eta etxe hutsena?
Ingurugiro aldetik interesgarria da. Etxebizitzak behar dira., batzuk eraiki beharko dira, horrek dakarren kostuekin, eremu berrien erabilera,... Beraz sozialki edota ingurumenaren aldetik nahiko nabarmena da hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzearen beharra.
Beste arazo askotan bezala, egin behar dena zera da, makila eta azenarioarena: Eusko Jaurlaritza Bizigune programak estimulo ekonomiko nahiko inportanteak ematen ditu, baina hala eta guztiz ere lortzen ari diren etxebizitzak ez dira espero zitezkeen beste. Beraz, batzar nagusietan arau foral bat onartu zenez hutsik dauden etxe bizitzen gaineko IBI zergari errekargoak jartzeko, oraindik ez da behin betiko erabakia, baina guk adierazi dugu gure adostasuna eta prest dugu gure ordenantza momentua iristen denean aplikatzeko .
Aipatu dizkidazu atez ate egingo den zabor bilketa, mugikortasun astea,.. Ingurumen batzordean beste zein egitasmotan ari zarete lanean
Azpimarragarriena, agenda lokalarena da. Orain arte egin da diagnosi eta ekintza plangintza bat eta orain dela gutxi foro bat ireki genuen plan horretan besteak beste zein helburu izango diren eta zein ekintza burutuko diren azalduz. Baina orain artekoa nahikoa hotza eta administratiboa izan da, beraz herritarren foro zabal bat bultzatu behar dugu, elkarteak eta gizartean mugitzen den edozein erakundek bertan bere iritzia eman eta denon arteko programazio bat aurrera ateratzeko.
Azaroan beste foro bat egingo dugula uste dut, eta behin behineko araudi bat onartuko dugu. Gero laneko mahaiak edo batzorde bereziak sortuko dira, adibidez zaborren gaiari irtenbideak bilatzeko, edo mugikortasunaren inguruan, besteak beste garraio publikoa edo bide gorriak aztertzeko,... Eta hurrengo urteari begira aurrekontu parte hartzaileak jorratzeko asmoa dugu. Orain arte ez da egin eta benetan gauza zaila da. Nahiz eta ahalegin handia egin, eskutitzak bidali,... orain artean honelako kasuek parte hartze txikia izan dute.
Alde batetik eskatzen dugu partehartzeko eskubidea eta aukera horri bidea emateko, baina gero, jartzen denean, erantzuna ez da ona izan.
Zertan datza Zirt edo Zart murriztu kanpainak?
San Markosen urtero egiten dira horrelako kanpainak, gehien bat ikastetxeetan zabor gutziago sortzeko heziketa kanpaina bat da.
Beste Ricardo Ortega bat bazen, gerrako korrespontsala, Irak-eko gerratik kronikak bidaltzen zituen kazetaria gero Haitin tiroketa batean hila. Aitzakia honekin, munduaren egoerari buruz duzun iritzia jakin nahi nuke? Krisi garaia,... nola ikusten duzu?
Bat batean iritsi zaigun krisi ekonomikoak nik uste agerian utzi duela batzuk urte askotan esan duguna, hau da, garapen eredu hau ez dela jasangarria, kapitalismoak ez daukala zentzurik eta ez dituela arazoak konpontzen baizik eta areagotu edo okertu egiten dituela, eta ongi etorria izan dadila krisia, baldin eta beste bide batetik j otea lortzen badugu.•