Indartsu abiatu da Ttakuntronik

Txintxarri Aldizkaria 2008ko azaroaren 3a

Larunbat gaueko azken orduetan eta igandeko lehen orduetan dantzaleku bihurtu ziren Ttakuntronik zirkuituko tabernak. Giroa, piskanaka joan zen berotzen eta orduak aurrera egin ahala dantzan hasi ziren zirkuituko tabernetan elkartu ziren herritarrak eta kanpotik etorri zirenak. Antolatzaileak ere gustura ziren batean eta bestean.

Larunbat gauean Lasarte-Oriako tabernetan ibili zirenek Ttakuntronik zirkuituko denboraldi hasiera ikusteko aukera izan zuten. Eta ez zen makala izan. Jalgi, Obelix eta Siglo XX tabernetan denetariko jendea bildu zen, banaka, bikotean eta talde handitan hurbildu zirenak ere bai. Hasieran Grassman, imanol costas eta SyR & Des disko jartzaileen inguruan zeudenak dantza egiten bazuten ere, orduak pasa ahala taberna osora zabaldu zen giroa.
Jalgin Alain Grassmann Lasarteko Afrogrooves-eko DJak denetariko musika jarri zuen Jalgiko oholtzatxoan. Abesti guztiek zuten ezaugarria, dantzatzeko musika alaiak izatea zen. Hasieran oholtzan bakar xamar izan bazen ere gerora gero eta jende gehiago zen bere inguruan eta urruti zeudenak ere dantzatzen zuten.
Imanol Costas, ElectroDonostikoak zenbait lagun izan zituen uneoro bere inguruan dantzan, Siglo XX tabernako txokoan.
Obelix tabernako ezker bazterrean bi disko jartzaile aritu ziren DJ Syr & Des Old School-ekoak. Biak elkarrekin, eskuz esku edo buruz buruz, bien artean bertaratu zirenak dantzan jarri eta ederki ordezkatu zuten disko bat grabatzen ari zela eta azken orduan etortzerik izan ez zuen Jaula de Grillos taldeko DJ Ka.•