Denetariko kontuak dira, gai, garai edota protagonistei dagokionez, besteak beste maitasuna, mendekua, sexua,... Erdi-aroan, Amerikako konkistan, karlistaldietan edota gerra zibilean gertatuak, hainbat pertsonaiari: zakur errepublikarra, euskal odoleko erregina guantxea, Donostiako herensugeak, olagarro erraldoia, Santa Kruz apaiza, bikingoak, ilargiko gizona,... Euskal Herrian kokatutako istorioak dira, pare bat kasutan izan ezik. Kanpoko bi leienda jaso ditu Ansok, baina Euskal Herriarekin lotutakoak. Esaterako Aretxabala koronelari buruzkoa berez Nikaraguakoa da baina protagonistak euskal jatorria duenez, bilduman sartu du. Aretxabalari buruzko lehen berriak, Ger Velasquez aspaldi Lasartera ezkondutako nikaraguarrak eman zizkion idazleari.
Bere erara kontatu ditu Martin Ansok gaur egungo begirada batekin. Eta istorioei tonu litararioa eman badio ele zahar horiek janzteko izan da, hau da, kontakizuna edo literatura beti egon da istorioen zerbitzura, "istorioak dira garrantzia dutenak edo politak direnak" adierazi du.
Bere erara
Kazetaria da, Martin Anso: La Voz de Euskadin hasi zen lanean, Eginen aritu zen itxi zuten arte eta Garan gero duela gutxi arte. Egunkari honetan hasi zen leienda edo istorio hauek idazten eta orduan argitaratutakoekin osatu zuen liburu honen aurrekaria den “Elezaharren gordelekuak” bilduma. Orain "libreago" ibili dela sentitzen du autoreak, ez du egunkari eta bere irakurleen gogoetara makurtu beharrik izan eta nahi zuena egiteko aukera izan du, leiendak bere erara idaztekoa eta horien inguruan gogoetak proposatzekoa.
Autorearen ustez gazteen gustukoak izango dira istorioak "erakargarri, sarri umoretsu, labur eta inguru-mingururik gabe azalduak direla kontuan izanik". Haurrentzat egokiak ez diren gertaera batzuk badira liburuan, "urkamenduak, bortxaketa-saioak, saldukeria, lizunkeria... are antropofagia ere", baina bestela edonorentzat modukoak dira. Beraz, 14-15 urtetik gorakoentzat gomendagarria da liburua.
Argia kobazuloan
Bestalde liburuaren amaieran leienda bakoitza sortzeko erabili dituen iturriak bildu ditu autoreak istorio, pertsonai edo elezaharretan gehiago sakondu nahi dutenentzat. Banan banan azaldu ditu kontaketa bakoitzaren nondik norakoak. Martin Ansok berak aitortzen du "atal hau ere ez da derrigorrez irakurri behar, baina jakin-mina duenak bitxikeria bat baino gehiago aurkituko dituela uste dut".
Martin Ansoren iritziz, "Elezaharretan, altxor bat dauka Euskal Herriak, altxor hori, neurri handi batean, kobazulo baten ilunpean gordeta badago ere. Liburu honen bidez, kobazuloan sartu eta horko hainbat bitxi argiztatzen saiatu naiz, ondo pasatzea eta, ahal balitz, ondo pasaraztea helburu bakartzat hartuta. Kobazuloaren barrunbeetan arakatzen bere kabuz jarraitu nahi duenak beharbada liburu bukaerako atal hori erabil dezake lastargi moduan".•