Euskal jantzi tradizionalak egiteko aukera egongo da Ttakunen

Txintxarri Aldizkaria 2008ko azaroaren 7a

Iaz heldu zion gaiari Ttakunek eta aurten ikasitakoa praktikan jartzeko asmoarekin josten ikasteko ikastaroa antolatu du elkarteak. Euskal jantzi tradizionalak nolakoak diren ikasi eta gero nahi duenak berea egiteko aukera izango du.

Ekimen desberdinen bitartez iaz jantzien nolakotasuna ikasi genuen. Olatz Razkin, urteetan Erketz Dantza Taldeko jantzien arduraduna izan denaren laguntzarekin, liburuxka txiki bat plazaratu zen benetako euskal jantzi tradizionala nolakoa zen eta zergatik zen horrela azalduz. Bertan bitxikeria asko ezagutu ahal izan genituen, hala nola, ezkondutako emakumeek zapi zuria janzten zutela eta ezkongabeek estanpatua. Baina xehetasun txikiez gain benetako jantziak nolakoak ziren azaltzen zituen liburuak. Horretaz gain argazki zaharren erakusketa bat ere egin zen Jalgin eta jendarteko agerpen bat jantzi desberdinak zuzenean ikusteko, horrela benetako estilo tradizionala zein zen ezagutzeko.
Hori jakinda, jendeari bere jantzi propioa egitea gustatuko litzaiokeela pentsatu eta gero sortu zen ikastaroa antolatzearen ideia. Horrelako jantziak garestiak izaten dira baina etxean eginez gero xoxa batzuk aurreztu daitezke eta gainera norberari egokitutako jantziarekin atera.

Zaletasunak euskaraz

Ione Artola eta Mailu Arruti izango dira ikastaroaren gidariak Erribera kaleko lehenengoan dagoen lokalean. Han josteko materiala bildu dute neurriak hartu, moztu eta josteko aukera egon dadin eta proposatutakoa gonak, azpiko gonak, txalekoak, zapiak, mantalak eta gizonezkoentzat txalekoak egitea da. Batzuk josten duten bitartean besteek mantalak eta zapiak egiteko bainika ikastaroa egingo dute han bertan.
Josten ikasteaz gain, euskaraz eta lagun artean arratsaldea pasatzeko aukera polita izango da. Horregatik, euskara pixka bat ahaztuta dutenek, erraztasunik ez dutenek eta praktikan jarri nahi duten horiek lekua izango dute bertan.

Izen ematea

Ikastaroan parte hartu nahi izanez gero Ttakunen bertan eman dezakezue izena. Ikastaroa 25 euroren trukean izango da, 22 euro Ttakuneko bazkide direnentzat. Gehienez 12 pertsonentzako lekua egongo da eroso ikasi eta denentzako lekua egon dadin. Ikastaroen egunak astearte eta ostegunetan izango dira azaroaren 18an hasi eta abenduaren 18ra arte. Ordutegia oraindik finkatzeke dago, jende gehien biltzen duen tartea izango da aurrera aterako dena. Hau da, goizez ala arratsaldez egiteko erabakia jendearen nahien arabera erabakiko da. Goizez 10:00etatik 12:00ak bitarte izango litzateke eta arratsaldez 15:00etatik 17:00etara.

Biltegia

Hau guztiaz gain, arropa jaso nahi da momentu berezietan erabili ahal izateko, parodian, antzerki eskolan, maratoian edo umeen ekitaldietarako adibidez. Biltegi bat osatu nahi da behar denerako materiala egon dadin. Arropak, oinetakoak, txapelak, pelukak eta horrelakoak bildu nahi dira sailkatu eta biltegi dotore bat osatzeko. Beraz, behar ez dituzuen arropa zaharrak, antzerkirako egokiak edo deigarriak direnak Ttakunera ekartzeko deia egiten dute.•