Emakumezkoen kirola bultzatzeko asmoz

Txintxarri Aldizkaria 2008ko azaroaren 7a

Kirol federatuan emakumearen partehartzea bultzatzeko asmoarekin, azaroaren 4an, lankidetzako hitzarmenak sinatu ziren Lasarte-Oriako Udala eta herriko kirol elkarteen artean.

Lasarte-Oria Kirol Elkartea (Judoko eta Atletismoko atalak), Ostadar Kirol Fundazioa (Futbola) eta Buruntzaldea Igeriketa eta Kirol Taldearekin sinatu dira hitzarmenak. Bertan, Ana Urchuegia alkatea, Jesus Zaballos Udaleko Kirol Batzordeko Zinegotzia, Jesus Diez Lasarte-Oria Kirol Elkarteko presidentea, Itziar Carrasco Ostadar K.F.ren ordezkaria eta Puy Solano Buruntzaldea Igeriketa eta Kirol Taldearen ordezkaria izan ziren. Emakumeek kirol federatuan parte-hartze eskasa dutela ikusirik, herriko Udalak laguntza proiektu bat garatzea erabaki zuen emakumea positiboki diskriminatze aldera kirol federatuan ekiterakoan. Horretarako sinatu dira lankidetzako hitzarmenak herriko kirol elkarteekin. Hitzarmenetan, plan honetan finkatutako helburua betetzeko alderdiek bere gain hartzen dituzten betebeharrak jasotzen dira.
Lasarte-Oriako Udalak kirol-elkarteei ematen dizkien laguntzak kirol-jarduera federatuan dabiltzan emakumeen parte-hartzea bultzatuko duten egiturak sustatzeko helburuekin bideratuko dira, beti ere egitura hauen proiekzioa eta interesa bat baldin badator Udalaren kirol-politikarekin.
Honek urtean 18.030,36 eurotako laguntza suposatuko zuela esan zuten, baina elkarte bakoitzari eman dioten diruari begiratuta kopurua txikiago da, guztira 14.377,3 euroko laguntza emango dute.
Honela, Ostadarren futbolean dabiltzan emakumeentzat 5.740,20 euro, Buruntzaldea Igeriketa Kirol taldeko neskentzat 5.028,10 euro eta LOKEko judokoek 1.904 euro eta atletismokoentzat 1.705 zuzenduko dira.•