2008ko Kirol Elkartzeentzako diru-laguntzak

Txintxarri Aldizkaria 2008ko azaroaren 7a

Urtero egiten den moduan Lasarte-Oriako Kirolen Udal Zerbitzuak, Kirol Elkarteek 2008ko diru-laguntza arrunten eskaerak aurkezteko epea ireki du. Eskaerak, Udalaren Erregistroan aurkeztu daitezke, goizez azaroaren 15a bitartean.

Aurtengoan Lasarte-Oriako Udalak Kirol Elkarteentzako laguntza hauen banaketa zuzenduko dituzten oinarriak ezarri ditu kiroletako klub edo entitateei zuzenduriko diru-laguntzak erregulatzeko helburuarekin.

Irizpideak

Aurtengoan kirol-entitateek eta kirol jarduera puntualek urtaldirako onetsita duten kopuruaren %50ekoa izango da laguntza. Baldintza minimoak betetzen dituztenek kopuruaren %25a jasoko dute, denek kopuru berdina. Gainerako %25a elkarteek balorazio baten arabera jasotzen duten puntuaketarekin banatuko da, denboraldian dauden federazioetako kirol-lizentziak, lehiaketa federatuan dauden kirol-modalitateak, bazkide kopurua, bazkide edo kirolariek ordaintzen duten kuota eta kirol-entitatearen gastua finantzatzeko iturri pribatuetatik datorren portzentaiaren arabera.
Diru-laguntza hauek etekin-asmorik gabeko kirol-entitateei emango zaizkie, beren estrukturak indartzeko eta garatzeko. Udalaren Kirol Zerbitzuaren aurrekontuak horretarako bidea ematen duen heinean laguntzak urtero banatuko dira, betiere, duten proiekzio eta interesagatik, Lasarte-Oriako Udalaren kirol-politikarekin bat baldin badatoz.•