Janaria alferrik ez galtzeko aholkuak

Txintxarri Aldizkaria 2008ko azaroaren 7a

San Markos Mankomunitatea "Eltzekondoa garbituz" kanpaina burutzen ari da dagokion hamar udalerritan zaborretara botatzen den janari zati handia gutxitu eta jatekoari ahalik eta probetxu handiena ateratzeko helburuarekin. Egia esan bestela ere krisi garaian ondo etorriko dira aholku hauek. Etxez etxe banatu den liburuxkan 22 errezeta jaso dira. Horietan janari hondarrak erabiliz otorduak prestatzeko aholkuak ematen dira.
San Markos Mankomunitateko arduradunen ustez "janari gehiegi botatzen dugu zaborretara eta janaria ez da zaborra". Horregatik kanpaina bat egingo dute janari hondarretaz baliatzeko eta 116.000 errezeta-liburuxka banatuko ditu 10 udalerrietan, “Eltzekondoa garbituz” izenburuarekin. Kontserbatzeko ohitura txarrak, behar baino gehiago erostea, txartutako edo iraungitako janaria edo elikagaiak... aipatzen dira jatekoak bota eta hondakinak ez erabiltzeko arrazoi gisa.

Liburuxka erabilgarria

Elikagaiak eta janari-hondarrak hobeto aprobetxatzeko eta hondakin gutxiago sortzeko aholkuak eta errezeta errazak ditu liburuxkak. Orrialde bakoitzean errezeta bat eta plateraren bukaerako itxuraren irudia. Liburuxka erakargarria eta erabilgarria egitea izan da arduradunen helburua.
Liburuko informazioa lau ataletan banatuta dago: lehen atalean daude liburuaren oinarri diren 22 errezetak; hasierakoak, bigarren platerak eta postreak. Azalpenetan argi agertzen da zer hondarrekin egin behar diren. "Erosteko unetik bertatik aurreikustea" izenburua duen atalean, erosketak egitean kontuan izan beharreko zenbait alderdi aipatzen dira, etxeetan hondakin gutxiago sortzeko. Hirugarren kapituluan ("Hozkailua zabaldu eta... hamaika sorpresatxo"), elikagaiak ahalik eta gehien aprobetxatzeko hozkailuan eta despentsan dugunari arreta jartzeak duen garrantzia azaltzen da. Hamaika errezetak laguntzen digute eginkizun horretan. Azkenik, eta "Hondarrekin osagaiak moldatuz" izenburupean, elikagaien eta janarien hondarrak ere aprobetxatu eta beste plater batzuetan erabiltzeko osagaiak egiteko aholkuak daude.
Guztira, aholkuz betetako 31 orrialde dira, janaria aprobetxatzeko ibilbidea hasteko lain; gero, pertsona bakoitzak nahi beste sakondu ahal izango du. Eta, horretarako, sakontzen jarraitzeko, Mankomunitateak asko eskertuko dizu lehen liburu hau osatzeko errezetak bidaltzea helbide honetara: msanmarcos@udal. gipuzkoa.net
Errezetak egiteko, gure eskualdeko zenbait sukaldari ospetsuk hartu dute parte, Peio Garcia Amiano gastronomo entzutetsuaren koordinaziopean. Lanaren berezko izaera behar bezala ulertu du hark, eta hondarrak aprobetxatzearen kontzeptuari ondoen egokitzen zaizkion errezetak hautatu ditu eta erraz kontsultatzeko moduko eran argitaratu. •