“Egun, hidrogenoaren %98a gas naturaletik lortzen da”

itziar-carrasco 2008ko azaroaren 7a

Usurbilgo Lanbide Eskolan energia berriztagarrien inguruko X. Jardunaldi teknikoa egin zuten aurreko ostegunean, urriaren 30ean. Jardunaldi honetan "Hidrogenoa eta erregai-pilak" izan zuten mintzagai. Bertan parte hartu zuten sektore honetako ikertzaile eta adituek hidrogenoaren teknikak eta aplikaziok azaldu zituzten. Adituen artean Oscar Miguel, Cidetec enpresako Energia Saileko zuzendaria, egon zen eta berarekin hitz egin dugu hidrogenoaren inguruan zerbait gehiago jakiteko asmoz.

Nola lortzen da hidrogenoa?

Hidrogenoa ez da energia iturri bat, beste zerbaitetik sortu behar da. Egun, erabiltzen den hidrogenoaren %98a gas naturaletik ateratzen da. Baina, gas naturala, petrolioa bezala, momentu batean edo bestean eskasa eta garestia izango da.

Beraz, alternatiba energetikoak erabili beharko dira.

Aukera desberdinak daude. Baikorrenek uste dute energia berriztagarriak izango direla gaitz guztien soluzioa. Greenpeacek kalkulatu du Europak duen energia berriztagarrien potentziala, energia eskaera baino askoz handiagoa izango dela. Bestetik, tradizionalek diote, etorkizunean energia nuklearra soilik izango dela gai eskaerari aurre egiteko. Hau da, ez dela beste energiarik egongo beharrak asetzeko gai izango denik, eta are gutxiago berriztagarririk.

Zein da zure iritzia honekiko?

Hauek muturreko bi iritzi eta posizioak dira. Edozein kasutan, uste dut, muturreko posizio hauek norabide bakarrean doazela, elektrizitaterantz. Egun, erregai fosilak ditugu, batez ere, gasolina eta petrolioa. Hauen bitartez lortzen den elektrizitatea zentral termikoetan eta automozioan erabiltzen da. Energia hauek egunen batean oso garestiak izango dira eta autoak mugitu ahal izateko alternatibak beharko ditugu. Egun horretan, energia berriztagarriak edo nuklearra izango ditugu, baina hauetatik lortutako elektrizitate hori nolabait metatu egin beharko da, erabilpen baterako edo besterako. Egun, energia berriztagarrietatik lortzen dugun elektrizitatea metatzeko ez dago soluzio errazik. Beraz, hidrogenoa energia berriztagarrien irregulartasunak gestionatzeko soluzio bat izan daiteke. Uste dut, etorkizunean, energia desberdinen konbinazioa izango dela ardatza: energia berriztagarriak, ez berriztagarriak, ikatza...

Zein litzateke hidrogenoa lortzeko modurik jasangarriena?

Hidrogenoa elektrizitate berriztagarrietatik lortu beharko genuke. Energia berriztagarrietatik lortutako elektrizitatea uraren hidrolisia egiteko erabiliko genuke, hau da, oxigenoa eta hidrogenoa banatzeko. Esaten da hidrogenoa bektore energetikoa dela. Azken finean, hidrogenoak energia elektrikoa mantentzen du, leku batera garraiatzen da eta berriz ere energia hori erabili daiteke. Adibidez, kotxe elektrikoan energia berriztagarritik lortutako hidrogenoa erabiltzen badugu, erregai-pila batean metatzen da. Beraz, hidrogenoa energiaren eroalea da, baterien alternatiba bat da.

Zeintzuk dira hidrogenoaren abantailak eta eragozpenak ingurumenarekiko?

Hidrogenoa lortzeko elektrizitate berriztagarriak erabiliko bagenitu, ez genuke kutsadurarik sortuko. Prozesu garbia litzateke. Baina, iturri ez berriztagarrietatik lortutako hidrogenoa erabiltzen badugu, gas naturaletik esaterako, hidrogeno horren erabilera nahiko eraginkorra izango da eta eguratserako isuriak nahiko baxuak izango dira. Isurien intentsitatea gutxitu egiten du. Beraz, energi iturri bat edo beste erabilita ere, hidrogenoa nahiko eraginkorra da.

Egun hidrogenoa lortzeko zergatik erabiltzen da gas naturala eta ez iturri berriztagarriak?

Oso erraza da, gas naturala askoz ere merkeagoa da. Hidrogenoa lortzeko elektrizitate asko behar da. Beraz, prozesua oso garestia da.

Automozioko enpresek hidrogenoaren aldeko apustu egiten ari dira.

Gero eta petrolio gutxiago dago, gero eta garestiagoa da eta gainera kutsatzen du. Horregatik, autoen konpainiek alternatibak bilatzen ari dira. Eta alternatiben artean, hidrogenoak gorakada nabarmena izan du. Bi aukera daude, batetik, errekuntzako motorra hidrogenoarekin erabiltzeko egokitzea, gasezko kotxeak bezala eta bestetik, eta aukera egokiena nire ustez, hidrogenoa erregai-pila duen kotxe elektriko batean erabiltzea da. Egia da ere, teknologia hau berritzailea eta garestia dela.

Zer da erregai-pila?

Erregai-pila bateria baten antzekoa da. Pilak metatutako erregaiarekin elektrizitatea sortzen du. Erregai-pilak eraginkortasun handia du eta hau da errekuntza motorraren aurrean duen abantaila nagusiena.

Teknologiak aurrera egiten duen heinean, errazagoa izango da gure kotxeetan horrelako pilak ikustea?

Teknologiak aurrera egiten duen heinean potentzia dentsitate gehiago lortzen da. Duela hogeita hamar urte 100 kilowat ateratzeko, furgoneta baten atzealde osoa behar zen pila edo gailua gordetzeko. Egun, berriz, kaxa batean sartu daiteke eta kotxearen beste zati bat gehiago da. Gaur egun, hidrogenoa erabiltzen duten kotxe gutxi dagoen arren, denborarekin arruntagoa izango da.

Zeintzuk dira erragai-pilen aplikazioak?

Hiru arlo desberdin bereiztu ditzakegu. Batetik, garraioa; bestetik, aplikazio estazionarioa, hau da etxeetan edo industrian erabiltzeko energia estazionarioa, eta azkenik, aplikazioa mugikorra.

Baina etxe batean edo enpresa batean erregai-pilen erabilera errentagarria al da?

Hidrogeno gutxi dago eta garestia da, baina kasu batzuetan bai errentagarria dela. Espainiako abere-hiltegi batean erabiltzen dute. Abere-hiltegi honek hondakin organiko asko sortzen ditu eta hauei tratamendu bat emanaz metanoan aberatsa den gas bat lortzen dute -gas naturalaren elementu aktiboa metanoa da-. Beraz, kasu hauetan bai errentagarria dela. Enpresak berak sortzen duelako energia. Etxeetan erregai-pila txiki bat erabiltzeko aukera aztertzen ari dira.

Noiz erabiliko dugu hidrogenoa, egun petrolioa edo gas naturala erabiltzen dugun bezala?

Europako komisioak interes handia du Europak gai hauen alde agertzeko eta EEBB eta Japonek duten abantaila murrizteko. Helburu batzuk ezarri dituzte: 2015. urterako erakusgai izango diren proiektuak edukitzea, hau da, jendearentzat horrelako teknologia ikusgai egotea. Helburu nagusia, berriz, 2020. urterako ezarri dute, teknologia berri hauek ikusgai ezezik, eskuragarri egotea. Usurbilgo Lanbide Eskolan, dagoeneko, aplikazio bat ikusgai dago.
Duela urte batzuk mugikorrekin edo ordenadoreekin gauza bera gertatu zen. Mugikor gutxi zeuden, garestiak eta oso handiak, egun, berriz, txikiak, merkeak eta hobeak daude. Erregai-pilekin gauza bera gertatzea espero dugu. Duela urte batzuk energia metatzeko edo gordetzeko pilak izugarri handiak ziren, oso garestiak eta ez ziren oso eraginkorrak. Etorkizunean, berriz, erregai-pilen eraginkortasuna askoz ere handiagoa izango da. •