Odol emaileen ospakizuna Tolosan

Txintxarri Aldizkaria 2008ko azaroaren 7a

Zonalde mailako Odol Emaileek bazkaria egin zuten joan den urriaren 26ean Tolosan. 25, 40 edo 50 eta 75 aldiz odola eman dutenei saria emateko elkartu ziren Izaskun auzoan. Aia, Andoain, Asteasu, Anoeta, Berastegi Hernani, Ibarra, Lasarte-Oria, Tolosa, Orio, Urnieta, Villabona eta Usurbil herriak hartzen ditu bere gain Tolosaldeko Odol Emaileen Elkarteak eta horietatik odol emate gehien dauden herriak Hernani eta Lasarte-Oria dira. Herrikoak, guztira, 20 pertsona bildu ziren, horien artean hamabik 25 aldiz odola emateagatik eta zortzik 40 edo 50 aldiz emateagatik jaso zuten saria. Ez dira gutxi baina hala ere gehiago behar direla esan dute elkartetik.
25. aldiz odola eman duten pertsonak 75 izan dira guztira aurten Tolosaldea mailan eta 40 edo 50. aldiz eman dutenak 40. Emakumezkoek 40 odol emateetara iristean jasotzen dute saria eta gizonezkoek 50 egiten dituztenean. Gehien egin dutenak, 75 aldiz alegia, 5 izan dira guztira, Hernani, Andoain eta Tolosakoak.
Odol emaileak saritu dituzten arren oraindik emaile gehiago behar dira. Nahiz eta aurrera egiten duten, larri dabiltza, istripu handiren bat gertatuz gero ez litzateke odol nahikorik egongo egoera horri aurre egiteko. Momentuz oreka bat mantentzen da eta beharrezkoa dena lortzen dute, baina egoera berezi bat suertatuz gero ez da nahikoa izango orain dagoen kopuruarekin, estutasunen bat egon daiteke. Horregatik jendea animatu nahi dute odol emaile izatera beharra badagoelako eta egoera berezietarako prest egon behar delako.

Estatistika

Herrian, odola lehenengoz eman dutenen kopurua igo da aurreko urtekoekin alderatuta. Guztira 11 pertsona gehiagok eman dute odola iaz baino eta gorakada hori abuztuan nabaritu da gehien bat.
Hala ere, hasi berrien gorakada hori ez da kopuru orokorrean somatu, lasarteoriatarren odol emateak guztira begiratuta kopuruan mantendu egin dira, 629 donazio izan dira aurtengo urtarriletik urria arte, lehengo urteko kopuru bera hain zuzen ere.•