Udalak anbulatorio berria Osakidetzari doan eskainiko dio

Txintxarri Aldizkaria 2008ko azaroaren 7a

Udalbatzarrak atzo ospatutako ohiz kanpoko bilkuran, Loidi-Barrengo anbulatorioa Osakidetzari, 30 urtez, doan ematea erabaki zuen

Lasarte-Oriako Udalbatzarrak ohiz kanpoko bilkura egingo zuen atzo 10:00etatik aurrera jendaurreko ekitaldian. Eguneko gai-zerrendan hiru kontu izan zituzten hizpide: 2008ko ekitaldian kredituak aldatzeko gaur arte bideratu diren dosierren berri ematea; Loidi-Barrengo Anbulatorioa dagoeneko Euskadiko Administrazioari doan ematea eta azkenik, 2008 eta 2009. urtetarako Lasarte-Oriako Udaleko langileen ordainsarien igoeraren proposamena.

Atzo Lasarte-Oriako Udalean ospatu zen ohiz kanpoko bilkuran 2008ko ekitaldian kredituak aldatzeko gaur arte bideratu diren dosierren berri ematea erabaki zuten eta Loidi-Barrengo Anbulatorioa Osakidetzari, doan ematea erabaki zuten. Bi gai hauek atzoko bilkuran aho batez onartu zituzten zinegotziek.
Anbulatorioari dagokionez, udalbatzarrak hartutako erabakiaren ondorioz, Udalak Osakidetzari ematen dio anbulatorio berriko eraikinaren lehenengo bi solairuak kudeatzeko eta erabiltzeko eskumena, hurrengo 30 urteetarako. Beraz, Osakidetzak eta Udalak hitzarmena sinatu ondoren, anbulatorio zaharretik berrira lekualdaketa egitea besterik ez da geratzen. Iñaki Mugikak, alkate ordea eta Hirigintza saileko lehendakariak jakinarazi duenez, urte amaierarako anbulatorio berria martxan egotea espero dute. Mugikak Noticias de Gipuzkoa egunkariari egindako deklarazioetan adierazi duenez, Udalaren asmoa eraikina Osakidetzari 75 urteetarako uztea zen, urte guzti horietan eraikin hori osasun zerbitzuetarako erabiliko dela bermatzeko. Baina, Eusko Jaurlaritzako Ondare Sailak ez du onartzen 30 urte baino gehiagotako lagapenik.

Liskarra langileen ordainsarien inguruan

Ohiz kanpoko bilkura giro lasaian igaro zen, gai-zerrendako hirugarren puntua iritsi zen arte. Puntu hau aurrera atera da PSE (8) eta PP (1) botoekin. Onartu duten diktamenaren arabera, Udaleko langileek atzerapenak kobratuko dituzte, hurrengo bi urteetan Kontsumo Prezioen Indizearen (KPI) pareko gehikuntza izango dute soldatan eta Udaleko aldi bateko langileen eta organo korporatiboen soldatak eta diru-esleipenak izoztuko dituzte.
Ricardo Ortegak, Ezker Batua-Berdeko zinegotziak, oposizioko zinegotzien babesarekin aurkeztu zuen emendakina atzera bota zuten PSE (8) eta PP(1) alderdiek. Emendakin honek Udalhitzeko Negoziazio Mahaiak erabakitakoa onartzea eskatzen du. Besteak beste, langileen soldatak hurrengo hiru urteetan KPIa gehi %1a igotzea eta langileen lan baldintzen hobekuntza.•