Nolatan parte hartu duzu liburuan?
Argitaletxetik deitu zidaten, nire artikulu bat irakurri zutela eta gustatu zitzaiela esanez eta artikulu bat egitea proposatu zidaten.
Hegoaldeko mugan gaizki kudeatzen al da migrazioa?
Bai, proba garbiena eta grabeena muga gainditzen saiatzen diren hildako kopurua dugu.
Orain dela gutxi, Espainiako kostaldean andaluzian lehen etorkin hila aurkitu zenaren 20. urteurrena "ospatu" da. 20 urte hauetan inork ez daki zehazki zenbat jende hil den muga hau pasatzen, batzuk diote 8.000 inguru direla. Honek esan nahi du, hemen zerbait gaizki dagoela. Jendea saiatzen da hona etortzen, hau ezin da mugatu kontrolakin eta egin beharrekoa errealitatea onartzea da, beste neurri batzuk martxan jarri.
Bidea mugak ireki edo ez baldin bada, eztabaida konplikatua da. Gaur egungo sistemak ez du balio. Lotsagarria da, tragedia bat gertatzen ari da eta inork ez du onartu nahi eta honen aurrean zerbait egin behar da.
Eta giza eskubideak hainbeste bortxatzen al dira?
Ez dira etorkinak pertsona bezala onartzen, gauzak balira bezala baizik. Proba eta adibide mordoxka dago. Joan den otsailean Marine I itsasuntziaren kasua esate baterako. Mauritaniara iritsi zen untzia eta Kanariasera joan nahi zuen. Estatu Espainiarrak poliziak bidali, hangoa kontrolatu eta etorkinak kaleratu zituen. Hau guztia ezinezkoa da hemengo herritar batekin gertatzen bada, hau guztia etorkinekin posible da soilik.
Adibide pila dago. Adibidez, Malta. Nazioarteko itsasarauak diote jitean dagoen itsauntzi bat ikusten baduzu gertuen dagoen portura eraman behar duzula. Ba Maltak erantzukizuna estatu desberdinetan banatzea nahi du, hau da, nahiz eta untzia Maltatik gertu egon, beste estatu batera eramatea.
Melilla eta Ceutako hesia eta kontrola gehiegizkoak al dira?
Orain dela lau urte, 2007ko urtarrilean zazpi hildako azaldu ziren. Zer gertatu zen, ez dago garbi. Hortik aurrera saiakerak egon dira. Baina gero eta zailago jartzen ari dira, tramankuluak, etab.
Honek zer esan nahi du, ba hor jendea dagoela eta ez daukatela beste baliabiderik. Gainera pasatzen saiatzen direnak behartsuak dira, baliabide ekonomikoarik ez duen jendea da eta ez dute beste erremediorik.
Bestetik, hau Europa mailan bultzatzen ari den politika batekin lotu behar da, muga kanporaketa. Honek esan nahi du muga dagoeneko ez dagoela Maroko, Argelian edo haratago dagoela eta bertan ari direla filtroak jartzen.
Eta mugen kanporaketa hori, legezkoa al da?
Legezkoa izan daiteke, baina kanporaketa hori nola egiten duten eta zer gertatzen den hango jendearekin, nola bermatzen diren bere oinarrizko giza eskubideak ikustekoa da.
Esate baterako, Argelia eta Maroko artean dagoen muga. Etorkinak hor geratzen dira inorena ez den lur batean, Marokotik bueltatzen dituzte Argeliara eta Argeliatik Marokora eta hor gertatzen ari dena drama bat da. Gertatzen dana da komunikabideak ez doazela eta inork ez duela honen berri.
Amnistia Internazionalek duela hilabete batzuk txosten bat argitaratu zuen, oso interesgarria. Mauritanian dagoen kanporatze zentro bati buruzkoa. Zentroa Estatu espainiarren diruarekin mantentzen da eta txosten horretan agertzen diren azalpenak, Guantanamo batekin alderatuta nahiko berdintsuak dira. Eta Estatu Espainiolak ez du ezer esan.
Europar Batasunak inmigrazio legala bultzatu nahi du eta ilegalari traba gehiago jarri ...
Irailean Bruselasen sinatu da inmigrazio akordioa, Frantziaren lehendakaritzapean. Hitzarmen honek bost puntu ditu. Alde batetik inmigrazio kualifikatu baten alde egiten du, honek esan nahi du, etorri nahi dutenek ikasketak izan behar dituztela, unibertsitarioak, informatikoak. Hor apostu garrantzitsua dago. Ilegalari buruz betiko kontuak, kontrol gehiago, bisa aldetik, aireportutan, mugetan...
Baina beti ahazten zaie dokumentu eta biltzarretan migrazio legalaren integrazioaren zer gertatzen den. Baldin bada migrazio kualifikatu hori, ez da erreala. Ez gara oso urruti joan behar Lasarten bertan nortzuk ari diren etxeak garbitzen. Ez da planteamendu erreala. Europa mailan, ez da onartzen beste errealitatea dagoela.
Arau horiek ekonomiari begira egiten dira?
Bai, utilitarismo garbi eta gogorra da. Azken adibideak Espainian bertan ditugu. Orain dela gutxi itzulera legea onartu da.Lehen migrazioaren garrantzia goraipatzen zuten eta orain krisia etorri eta guztia aldatu da. Kontrako mezua dago. Lehengo planteamendura bueltatu gara. Zergatik egiten da hau, etorkinetan lan indar bezala pentsatzen delako, ez dute pentsatzen pertsonak direnik.
Gainera, Afrikako etorkinei traba gehiego jartzen zaiei, ezta?
Bai, noski. Kontuan izan behar da, Afrikako herrialde guztiek bisa behar dutela hona etortzeko. Bisa hori turismorako da gainera, legeak dioenaren arabera, gehienez 90 egun pasatzeko. Bisa hori lortzea ezinezkoa da, herrialde batzuetan ezin zara Espainiako kontsulatuan sartu ere egin. Badaude ere herrialde pila kontsulaturik ez dutena, beraz kontsulatua dagoen herrialdera joan behar dira. Hona etortzea legal modura egun oso zaila da, ezinezkoa.
Asiloa lortzeko zail al dago?
Asiloarekin gertatzen dena da atzerritartasun legearekin nahasten dela. Eta bi gauza hauek oso desberdinak dira.
Asiloa zure herrialdetik arazo politiko edo guda batengatik ihes bazaude duzun eskubidea da. Ginebrako konbentziokoa den nazioarteko araua da asiloa eta oso zaila da araua aldatzen. Beraz, Europa mailan egiten dutena da ez aplikatu edo beste arau batzuk martxan jartzen dituzte eta ezin dute eskubide hori aplikatu. Estatu espainiolan %4a baino gutxiagok lortzen duela eskubide hori. Hau kopuru txikia da eta Europan gero eta gutxiago ematen da.
Zaila da egun asiloa onartzea, zeren eta asilo horren barruan asilo ekonomikoa nahastua dagoela esaten baitute. Hau da, ezin dela jakin asiloa eskatzen dutenek bere herrialdetik ihes dauden edo ekonomia arazo batengatik etortzen diren. Baina batzuk esaten dugu desberdintasun hori ez dela egin behar.
Ze irtenbide dago? Europan bakarrik hartu behar dira neurriak edo haien herrietan ere?
Bi aldeetatik egin behar da. Egia da gero eta parte-hartze gehiago dagoela Europaren eskutik, migrazio politikarekin. Azken finean herrialde bakoitzak bere atzerritartasun legea du eta adostasun batera iristen dira bi edo hiru gaietan. Gai horiek beti zer ikusia dute kontrolarekin. Alde horretatik lan asko dago egiteko. Nik ez dut uste iritsiko dela nolabaiteko homogeneizatzera edo bateratze batera. Irtenbideak ba ez dakit, lehendabizikoa, errealismoaren beste ikuspuntua izatea, ez dakit, errealismo jarrera izatea. •