San Markos Mankomunitatearen egitasmoaren helburua ikasleak kontzientziatzea da hondakin gutxiago sor dezaten. Bide batez, ikasleen ingurukoek ere, etxekoek eta lagunarteak, jasoko dute jokabide egoki horien berri. Kanpaina berezia da eta jolas, joku, denborapasa eta jolas-jardueren bidez, zabor gutxiago sortzeko bideak eta ondo birziklatzeko moduak erakutsiko zaizkie haurrei.
Zaborra gaika biltzeko zerbitzua alperrikakoa da herritarrek hondakinak ondo sailkatzen ez badituzte. Beraz, zaborrak edukiontzietan utzi aurretik ahalik eta hondakin kantitaterik txikiena sortzea eta sortutakoa ahalik eta gehien berrerabiltzea da kanpainaren helburua.
Bi saio
Lehen saioan, bideo eta sketch baten bidez, hondakinen problematika ezagutuko dute ikasleek. Gutxiagorekin gehiago izeneko jokoan arituko dira segidan. Joko honen bidez, bi erosketa mota alderatuko dituzte, batetik kontsumista, eta bestetik arduratsua. Bietan produktu berak erosi daitezke, baina batak besteak baino zabor gehiago sortzen duela ikusiko dute.
Bigarren saioan, antzara erraldoia jokoan hondakinen murrizketari eta berrerabilpenari buruzko galderak erantzun eta proba desberdinak gainditu beharko dituzte.
Parte-hartzaile guztiek probak egin beharko dituzte, eta hiru joko dira, nagusiki.
Lehena, Erosketak egiten simulazio-jokoa da; antzeko produktuen artean hautatzean ingurumen-irizpideak eta irizpide jasangarriak erabiltzera bultzatzen du.
Aurpegi bat, gurutze asko da bigarren jokoa; joko horretan, hondakinen berrerabilpena lantzen da, bikotekako joko dibertigarri baten bidez.
Hirugarrenean, Elkarrentzako modukoak jokoan, taldeka jokatuko dute parte-hartzaileek, eta hondakinak nora joango diren erabaki beharko dute, San Markos Mankomunitateak herritarrei eskaintzen dizkieten edukiontziak eta bilketa-zerbitzuak kontuan hartuta.
10 udalerrietan
Ez da Lasarte-Orian bakarrik egingo heziketa kanpaina hau. Izan ere, San Markoseko Udal Elkartean biltzen diren 10 udalerrietan Lehen Hezkuntzako 67 zentrotan egingo baita. Eta guztira urria, azaroa eta abenduan 4.900 ikasle inguruk parte hartuko dute Zirt edo zart: murriztu! ekimenean. •