Asko ez da etortzen Dorleta Urretabizkaia Lasartera, baina Txintxarritik deitu eta irribarretsu azaldu zen aurreko asteko arratsalde euritsuetako batean. Bere azken egitekoetaz hasi ginen solasean; urrian aurkeztu du Ados konpainiak "Lola ikusten baduzu esan aberatsa dela" antzezlana. Dorleta euskarazko moldaketaz arduratu da, Garbi Losadaren testua itzultzeaz. "Adosekin 2005ean hasi nintzen lanean, musikal batean aktoresa, gero, "el jefe de todo esto" hurrengoan jada zuzendari laguntzaile bezala, oraingo honetan ere zuzendari laguntzaile ibili naiz eta testua ere nik itzuli dut" kontatu digu Dorletak.
Lasarte-Orian jaiotako antzezlearen iritziz, hizkuntzak berak beste tonu bat ematen dio antzezlanari, ezberdina da hizkuntza bakoitzean.
Zer moduzkoa da euskarazko moldaketa egiteko lana? Ez da bakarrik testua itzultzea izango, ezta?
Ez, noski. Aktore bezala gertatu zait askotan, euskarazko testua hartu eta pentsatu: " hau nola esango dut?... ezin da esan!". Beraz, aktoreei planteamendu irekia egin nien hasieratik: "zuek proposatu, zuek eroso egotea da garrantzitsua", eta lana plazer bat izan da. Aktoreek oso ondo hitz egiten dute euskaraz, eta asko lagundu didate. Nik proposamena eramaten nuen, ahalik eta zuzenena, eta gero beraien artean landu dute.
Aktore gisa zara ezaguna, baina idazlea ere bazara, ezta?
Bai.
Ala idazlea zara?
Ez dakit, liburu bat idatzi nuen eta saritu egin zuten. Ordutik hasi naiz gidoiak idazten, zuzendari laguntzaile,... bideak zabaldu dizkit.
Liburua 2006an Irun Saria irabazi zuen “Jaione” da, ezta?
Bai.
Besterik idatzi al duzu?
Ez, bakarra da. Beno, orain ipuin bat idatzi dut eskatu egin zidatelako. Beti gustatu izan zait idaztea, baina ez dut sekula serio hartu. Burugogorra naiz, beti idatzi dut niretzat, nire folioetan. Kafetxo bat hartu eta zerbait idazten dut,... Txikitan ere idazten nuen, baina serio jarri ez. “Jaione” hasi eta bukatu izan zen...
Asmorik ba al duzu idazten jarraitzeko?
Bai. Antzerki lan bat eta beste nobela bat hasita dauzkat, baina gelditu egin naiz. Lanean aritu naiz eta ez dut tarterik aurkitu. Edo, ez dakit, uste dut, beldur piska bat daukadala. Lehen, nola ez nuen ezer espero, dena libre zen, niretzako idazten nuen, eta orain, aldiz, "kikilduta" nago: Lehen ondo xamar egin badut orain hobeto egin beharko dut.
Lan aldetik lasai zabiltzala esan didazu, aktore lanetan ez zaitugu aspaldian ikusi,...
“El Jefe de Todo Esto” antzezlanean aritu naiz zuzendari laguntzaile, eta Elena Irureta oso lanpetuta dabilenez, bion artean egiten dugu pertsonaia, txandaka. Azkenaldian emanaldi dexente izan ditugu eta batzutan aritu naiz ni.
Ondo pasatzen al duzu?
Bai oso ondo, katxondeoa da, endredozko komedia. Oskar Terol izugarria da. Lehengoan erosketako karrotxo bat sartu zuen eszenan. Oso ondo pasatzen dugu.
Beraz horretan ari zara?
Goenkalen ere aritu nintzen baina bukatu nuen eta ea zerbait ateratzen den, zain.
Bestela, azken lan serioa Chejov-en ipuinak izan zen, ezta?
Bai eta iparraldean ere aritu naiz, Getariko konpainia batean, euskaraz, frantsesez eta gazteleraz egiten dute lan. Molierren "sendagilea egurtu" lana prestatu genuen. Zerbitzari paper bat nuen, hasieran euskaraz egitekoa nintzen baina azkenean gazteleraz egin nuen.
Oroitzapen politik ba al duzu antzezlanen batetaz? Zeinetaz?
Politena Chejov-ena izan da eta ez lortu genituen sariengatik. Oso gustura aritu nintzen, eta gainera lagun onak egin nituen hor.
Hori ere literaturarekin lotuta?
Bai.
Eta zineman aritu al zara?
Zineman bakarrik TV movie batean aritu naiz, hau da, zine formatuan baina telebistarako egindako "Mi Hijo Arturo" filmean, 2001ean. Lehen aldia izan zen zinema eta lan egiteko modu hori ezagutu nuena.
Telebistari dagokionez Goenkalen oso gazte hasi zinen, ezta?
Bai 16 urterekin. Ikasten ari nintzela antzerkia egiten nuen, Landaberrin. 13 urterekin Donostiara joan nintzen bizitzera eta antzerki klaseak hartzen hasi nintzen. UBI-COU egiten ari nintzela amak esan zidan behin: "Dorleta, casting bat dago" eta Lasarteko koadrila osoa punkiz jantzita joan ginen. Bilbon euskara maila ikusteko proba bat pasa genuen. Hortik Miramonera joateko esan ziguten biri. 3. BBB-BUP bukatu eta UBI arratsaldetan egiteko moldatu behar izan nuen lehenengo urtean. Goizetan grabatu egiten genuen. Beste urte bat aritu eta gero Bartzelonara joan nintzen.
Zer moduzko esperientzia izan zen?
Bapatean kristoren booma izan zen, arraroa, jende askok kasu egiten zizun kaletik,... baina ondo. Asko lagundu zidaten etxekoek eta lagunek. Lurra ukitu beharra zen, bestela,...
Bizirik al da telebistako zure pertsonajea?
Bartzelonara joan ginen biok. Leire historia ikastera joan zen eta Dorleta Arte Dramatikoa ikastera.
Bartzelonan ikasi zenuen beraz, ...
Bai hiru urte egon nintzen.
Eta Madrilen ere egin duzu lan, ezta?
Madrilera Policías egitera joaten nintzen. Beste ikastaro batzuk egitera ere bai. Ez zait asko gustatzen. Joan lana egin eta buelta. Bartzelona hobeto dago.
Goenkalen berriro ere aritu zara papertxo batekin, Martin telesailean ere bai, eta zineman? Lanik egingo al zenuke zineman?
Nahiko nuke, baina ez dago nire esku,... Lotura handia dauka antzerkiarekin. Istorioak kontatzen dira. Gustatuko litzaidake.
Eta ikusteko, zinema gustuko al duzu?
Bai, asko.
Azken urteotan filme batzuek egin dira euskaraz, zein iritzi duzu?
Lehenengoa, "Aupa Etxebeste" asko gustatu zitzaidan. Oso komedia ona da. Iruditzen zait filmak euskaraz egin egin behar direla. Aurrera egin behar dugu bide honetatik.
Beste zein zaletasun dituzu denborapasarako?
Despejatzeko margotu egiten dut. Nire musika jarri eta asko gustatzen zait. Kirolik ez. Margotu, idatzi, pelikulak ikusi,...
Zertan ari zara? Zein asmo dituzu gerorako?
Vaivenek lana proposatu dit. Donostiako konpainia honekin duela urte batzuk Chejov-en ipuinak egin nuen eta prestatuko duten lan berrian zuzendari laguntzaile izateko proposatu didate. Horren esperoan naiz, abenduan edo urtarrilean izango da. Ez du data konkreturik, zain nago.
Aspaldian, beraz, batez ere zuzendari laguntzaile lanetan aritu zara...
Bai aspaldian ez dator lanik aktore moduan.
Gustatzen zaizu aktore lana?
Bai, gehiena.
Lasarte-Oriara etortzen al zara?
Ba ez asko. Bidali egingo nauzue. •