Minbizia mintzagai
Goizean 11:45ean hasiko da jaialdia Pirritx eta Porrotx pailazoen ikuskizunarekin, Eskerrik asko proiektu berria aurkeztuko dute. CD-liburuxkan parte hartu duen jendearen laguntza izango dute bertan.
Mari Motots ospitalean dagoen bitartean gertatzen da dena, minbizia dauka eta sendatzeko behar dituen botiken erruz ilea erortzen zaio. Gaia naturaltasun eta itxaropenarekin tratatzen dute eta Pailazoek proiektua aurrera eramateko Aspanovas elkartea izan dute une oro ondoan, minbizia duten haurren senideen elkartea hain zuzen ere. Gaia lantzerako orduan ere Donostiako Ospitaleko profesionalen laguntza jaso dute, mediku eta hezitzaileena.
Musika eta Dantza
Arratsaldeko musika jaialdiari 18:00etan emango zaio hasiera. Lehenengo Jon Maia eta Andoni Egaña bertsolariak izango dira eta ondoren Donostiako Aita Donosti Korala, Javier Alberdiren zuzendaritzapean.
19:00etan Zero Sette akordeoi orkestra aterako da oholtza gainera ordubeteko ikuskizuna ematera. Goikouriaren gidaritzapean, Amaia Gonzalez dantza eskolako ikasleen eta Erketz Euskal Dantza Taldearen laguntza izango dute. Amaia Gonzalez eskolako ikasleek S´il vous Plait tangoan, La Boda de Luis Alonso eta Brasilia nahasketan lagunduko diete Zero Settekoei. Erketzekoek, bestetik, El Caserio abestiaren bertsioan. Zero Settekoen musika-lanen artean Iñigo Peña lasarteoriatarraren Euskal Suitearen 4. mugimendua Dantza ta Agurra abestia eskainiko dute Neskur Pagola eta Agurtzane Goikouria txalapartarien laguntzarekin. Gainontzeko abestiak Zero Setteko arkordeoilariek soilik joko dituzte, Danza del Sable, Bagatela eta Guillermo Tell-en Oberturaren azken zatia.
Jaialdiari amaiera emateko Ave Verun Corpus interpretatuko dute Zero Settekoek Aita Donostia Koralekoekin eta ondoren Eusko Irudiak bi taldeek Erketzek lagunduta.
Jaialdira joan nahi duenak sarrerak Servikutxan jaso ditzake 6 euroren truke, dagoeneko goizeko saioarako ez dago sarrerarik. Salneurria sinbolikoa da eta jasotako diru guztia Aspanovas-Gipuzkoa elkartearentzat izango da.•