Jaiotzen lehiaketa abian da

Txintxarri Aldizkaria 2008ko azaroaren 12a

Danok Kide Guraso Elkarteak XVI. Jaiotzen Lehiaketako oinarriak argitara eman ditu. Lehiaketan parte hartu behar dutenek jaiotzak abenduaren 19an eta 20an, Guraso Elkarteak Blas de Lezo kalean duen egoitzan utzi behar dituzte, arratsaldeko 18:00etatik 20:00ak bitartean. Bertan, jaiotzak ikusgai egongo dira eta.

Lehiaketako oinarriak

Jaiotzen lehiaketan banaka nahiz taldeka parte har daiteke. Lanarekin batera gutunazal itxi bat entregatu behar da. Honen azalean, parte-hartzaile edo taldearen adina idatzi behar da. Neurriari dagokionez, jaiotzek neurriz gehienez 80x60 zm. izan daitezke eta ez dute onartuko hondo sendokoa ez duen jaiotzik, ezta lehiaketa honetara aurreko urteetan aurkeztutakorik ere.
Talde kalifikatzaileak utz ditzake sariak banatu gabe, baldin lanak kalitatezkoak ez direla irizten badio. Hala parte-hartzaile banakoek, nola taldekakoek, lan bakarra aurkeztu dezakete. Jaiotza guztiak abenduaren 19an eta 20an Danok Kideko egoitzan jasoko dituzte.

Mailak eta sariak

Urtero legez, lau maila bereiztuko dituzte saribanaketa egiteko. A mailako, 6 urte eta 9 urte bitarteko irabazleak 60 euro eta trofeoa eskuratuko ditu, 2. sailkatuak, berriz, 40 euro; 10 urtetik 13 urte bitarteko B mailan, 1go sarituak 70 euro eta trofeoko saria izango du, bigarrenak 50 euro; C mailan, 14 urtetik 17rako tartean 90 euro eta trofeoa eskuratuko ditu lehen sarituak eta 2. sailkatuak 60 euroko ordain saria; eta azkenik, D mailan, 18 urtetik gorakoen irabazleak 120 euro eta trofeoa jasoko ditu sari gisa eta 2. sarituak 90 euro. Elkarteak jakin arazi duenez, lehiaketara aurkeztu eta bertan onartutako lan guztiek 15 eurotako saria jasoko dute.•